Berriak
Eu

Pertsona adinduen artean, bitik batek aitortzen du zail egiten zaiola energiaz hornitzen duen enpresak ematen dion informazioa aditzea

2012.eko abuztuak 03

Kontsumobidek (Kontsumoko Euskal Institutua) egindako iritzi-inkesta


Beste batzuekin batera bizi edo ez, emaitzak ez dira asko aldatzen.

Erreklamazioen ehuneko handiena oker egindako fakturazioengatik izaten da.

 

Energiaren sektorea liberalizatu zenez geroztik, kontsumitzailearentzat ez da erraza eskaintzak alderatu eta onena zein den erabakitzea, energia-horniketa kontratatzeko orduan. Energia-hornikuntzako enpresek eskaintzen dituzten aukerak hainbeste dira, non are eta zailagoa bihurtzen baita berez ere batere erraza ez den energia-sektoreko zerbitzuen mundua.


Hori dela eta, Kontsumobidek inkesta bat egin du 2012ko lehenbiziko seihilekoan 11 adindun-etxetan, EAEko hiru lurralde historikoetan. 250 pertsonari egin zaio inkesta; guztiek ere 65 urte baino gehiago zuten eta Kontsumoko Prestakuntzako programan parte hartzen zuten. Energia-zerbitzuen gaineko zenbait konturi buruz zer zekiten eta nola jokatzen zuten ikertzea zen helburua, alegia, kontratuaz, fakturez, ikuskapenez eta erreklamazioak aurkezteaz zer zekiten eta nola jokatzen zuten ikertzea, eta jasotzen zuten zerbitzuekin pozik zeuden edo ez jakitea.


Iritzi-inkestan parte hartu duten pertsonen artean, % 78,4 emakumeak izan dira, eta, beraz, gainerakoa, % 21,60, gizonak. Lurraldeka, inkesten % 49,20 Bizkaian egin zen; % 34, 40, Gipuzkoan; eta % 16,40, Araban. Inkesta egin zaien pertsonen arteko % 49,20 beste norbaitekin bizi zen; % 25,60, bakarrik; eta % 25,20, beste birekin edo gehiagorekin.



ONDORIO NAGUSIAK:

Hainbat ondorio atera ditugu emaitzetatik, eta honako hauek dira nabarmentzekoak:

  • Dirudienez, emaitzetan ez du eragin handirik izan inkesta egin zaion pertsona bakarrik edo beste norbaitekin/norbaitzuekin bizitzea.
  • Inkesta egin zaien pertsonen arteko gutxi gorabehera erdiak aitortu du zail egiten zaiola kontratuetan ageri ohi diren gaiei buruz komertzialek ematen dieten informazioa aditzea.
  • Inkesta egin zaien pertsonen arteko % 61,20k aitortu du ez duela inoiz hornikuntza-kontratua arretaz irakurri.
  • Inkesta egin zaien pertsonen arteko ia erdiak ez daki enpresa hornitzaileak deskonturik egiten ote dien beraren adineko pertsonei.
  • Inkesta egin zaien pertsonen arteko % 77,60k faktura irakurtzeko ohitura du, baina horien arteko % 52,20k aitortzen du ez dela batere erraza faktura ulertzea. Zalantza dutenean, gehienek argitzen laguntzeko eskatzen diete senitartekoei, eta oso gutxi dira enpresei zuzenean azalpenak eskatzen dizkietenak.
  • Gas-galdara ikuskatzeko nahitaezko epeari buruz, % 39k ezagutzen du legez ezarritako 2 urteko epea. % 40,80k uste du epea urte batekoa izan beharko litzatekeela, eta %24,40k ez daki zer erantzun.

Galdara nork ikuskatu ahal duen galdetuta, % 7,60k badaki gas-hornitzaileak berak nahiz galdara fabrikatzen duen enpresak egin dezakeela ikuskatzea. Inkesta egin zaienen arteko % 42,40k uste du gas-hornitzaileak bakarrik egin dezakeela. Gainera, inkesta egin zaienen arteko % 82,80k aitortzen du ez duela preziorik alderatzen ikuskapena eskatu aurretik.

  • Inkesta egin zainen arteko % 31,20k badaki gas-instalazioaren ikuskapena lau urterik behin egin behar dela. Inkesta egin zainenen arteko % 36k uste du 2 urtean behin egin beharko litzatekeela, eta beste % 32,80k ez daki zer erantzun.

Azken kasu horretan, % 60,80k badaki ikuskapena enpresa hornitzaileak egin behar duela. Baina % 39,20k ez daki nork egin behar duen.

  • Erreklamazioetan, ehuneko handiena behar ez bezala egiten diren fakturazioei dagokie. Gainerako erreklamazioak, maiztasunaren araberako hurrenkeran, honako hauengatik egiten dira: hornikuntza etetea, informazio txarra ematea eta eskainitakoa ez betetzea.
  • Inkesta egin zaien pertsonen arteko % 76 pozik dago energiaz hornitzeko kontratatu dituzten enpresen bezeroei erantzuteko zerbitzuekin.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan