Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

Aumentan un 16% las empresas que piden ayudas para internacionalizarse

2012.eko abuztuak 01

Guztira 787 enpresak aurkeztu dute beren eskaera Prointer programaren 2012ko deialdira. Euskal enpresek kanpora irteteko egiten duten apustu gero eta sarriagoa berresten du horrek.

Enpresa onuradunen kopurua bikoiztu egin da 2008tik 2011ra bitartean.

Nazioartekotzeko urratsa ematen duten enpresen kopurua handitu egiten da urtez urte. Horrela berretsi du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Prointer programaren 2012ko deialdira aurkeztutako eskaerak egiaztatzean. Programa hori kanpora irteteko erabakia hartzen duten unetik enpresen nazioartekotze-mailak areagotzeko da.

Guztira 787 enpresak aurkeztu dute beren laguntza-eskaera, eta joan den urtearekiko % 16ko gehikuntza adierazten du horrek. Aurten 9,2 milioi euroko aurrekontua du programak, 2011n baino % 15 gehiago.

Eusko Jaurlaritzak, eta baita enpresek ere,  nazioartekotzearen alde egin duten apustu gero eta sarriagoaren froga bat azken urteotako datuan dago: 2008tik, laguntza horiek eskuratu dituzten enpresen kopurua bikoiztu egin da, eta ekitaldi horretako 318tik iazko 600 baino gehiagora igaro da. Aurtengo deialdia esleitzeko dago oraindik.

Prointer programak zenbait laguntza-ildo hartzen ditu barnean, hasieratik nazioarteko jarduera finkatu eta kanpoan ezarri arte. Programak jarduera horiek sortutako gastuen % 30 eta % 50 artean estaltzen laguntzen du. Horien artean daude lankidetzan egindako kanpo-sustapena, nazioarteko jarduera-plana eta merkataritzako, ekoizpeneko eta zerbitzu-enpresen ezarpenak (ingeniaritza eta aholkularitzak, batik bat). Enpresek jasotako kantitateak 99.000 euro artekoak izan daitezke, finantzatzen diren ekintzen arabera.

% 80tik gora, enpresa txikiak

Enpresa eskatzaile gehienak, zehazki % 80tik gora, 50 langiletik beherakoak dira. Euskal enpresen dimentsioa, batik bat ETEena, ahulgune bat da kanpo-merkatuetara irtetean. Horregatik, nazioartekotzeko baliozko bide bat enpresa arteko lankidetza da, hots, bi enpresa independente edo gehiagoren artean akordioak egitea eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartzea, arriskuak eta kostuak banatuz.

Ildo horretan, azken deialdian 46 eskaera egon dira lankidetza motaren batekin lotuta (22 esportazio-partzuergoak ziren, 1 ekoizpen-partzuergoa eta 23 sustapen-taldeak).

Prointer programan aurkezten diren enpresen profila parametro hauetara egokitzen da:

-         50 langiletik beherako enpresek dute joera handiena lankidetza-proiektuak aurkezteko.

-        Merkataritza-ezarpenak 50 langiletik beherako enpresek eskatu dituzte, % 71k. Horrela, merkataritza-ezarpeneko 55 proiektuetatik, 39 tamaina horretako enpresenak dira. 20 langiletik beherako enpresei dagokienez, aurkeztutako proiektuen kopurua guztizkoaren % 44koa da.

-       Azken urtean, 50 langiletik beherako enpresek eskatu dute ekoizpen-ezarpen kopuru handiena, proiektu mota horren eskaera guztietatik % 60. PROINTER programak ETEei laguntzen die batik bat, baina ekoizpen-ezarpenen ildoan badute lekua enpresa handiek ere.

-        Zerbitzu-enpresen ezarpenei dagokienez, 50 langiletik gorako enpresek egin dute eskaera kopuru handiena, zehazki % 52k.

Enpresek nazioartekotzeko gehien eskatu duten tokien artean Txina nabarmentzen da batez ere. Hor dago, hain zuzen, Jaurlaritzak lagundutako ekoizpen-ezarpeneko proiektuen % 44. Merkataritza-ezarpenei dagokienez, Txinan eta AEBn kokatuak nabarmentzen dira, non guztizkoaren ia % 40 kokatzen den.

Era berean, Mexikon, Brasilen, Txinan eta Indian kokatzen dira zerbitzu-enpresen ezarpenen % 50etik gora.

Azken hiru urteotako datuek erakusten dute atzerriko merkatuetan jarduten duten enpresak zein beste herrialde batzuetan ezarri direnak errazago ari direla egoera ekonomiko zailari aurre egiten. Xede horrekin, legealdian zehar, Lehendakaria bera izan da buru euskal enpresek zenbait herrialdetara egin dituzten merkataritza-misioetan: Brasilera, Txinara, Arabiar Emirerrietara, AEBra, Indiara. Aurten beste bidaia bat aurreikusi da Turkiara.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, bere 2010-2013 Lehiakortasun Planean, helburu gisa finkatu du, besteak beste, Euskadi bi norabidetara irekitako ekonomia bihurtzea: bai kanpora irtetera, bai atzerriko inbertsioak erakartzera.

Programa horiek lagungarri dira xede horretarako, Euskadiko enpresek merkataritza-merkatu berriak aurkitzea eta kanpoan ezartzea lortzen baitute, eta horien lehiakortasuna eta produktibitatea areagotu egiten dira. Irteera horien ondorioz, gainera, atzerriko enpresak Euskal Autonomia Erkidegora ekartzen dira beren inbertsioekin.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 1a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan