Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik bere turismo irudi berria aurkeztuko du Europako Erakundeen aurrean

2010.eko otsailak 18

 Ekitaldia otsailaren 24an egingo da Eskualdeen Batzordearen egoitzan (Brusela) eta Athletic-eko jokalariek hartuko dute parte.

 Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak Euskadiren turismo-irudi berria aurkeztuko du Europako erakundeen aurrean datorren otsailaren 24an Bruselan egingo den ekitaldi batean. Turismo-marka berria urtarrilaren 20an Madrilgo Burtsan estreinatu ondoren egingo den lehen aurkezpen horretarako Eskualdeen Batzordearen egoitza hautatu da agertoki gisa. Ekitaldi horretan Eskualdeen Batzordeko ordezkari batek eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko beste batek hartuko dute parte.

 Hitzordu horretara Europako eskualde guztiek Bruselan dituzten ordezkariak daude gonbidatuta, baita gorputz diplomatikoa, Europako erakundeak, Belgikan bizi diren euskaldunen kolektiboa eta abar. Eskualdeen Batzordea -aurkezpena egingo den lekua- Europar Batasuneko tokiko eta eskualdeko agintaritzen ordezkari politikoen bilgunea da. Erakunde hori Europar Batasuneko 27 herrialdeetako 344 kidek osatzen dute, eta Europar Batasuneko politikak eta legedia egiteko prozesuan tokiko eta eskualdeko enteei hitza ematea du helburu.

ETBko aurkezle Vanessa Sánchezek gidatuko du ekitaldia, eta hori amaitutakoan, Juan María Arzak-ek ekitaldirako pentsatu dituen sorkuntzak dastatuko dira. Gonbidatuen artean Athletic de Bilbao futbol-taldeko kideak daude; kirolari horiek hurrengo egunean Europa League-ko partida bat jokatuko dute Belgikako Anderlecht taldearen aurka.

 Ildo horretatik, Athletic-eko jokalariek Euskadiko turismo-marka hedatzen lagunduko dute, eta horretarako, hainbat ekintza gauzatuko dituzte Belgikan dauden bitartean, esate baterako: horretarako diseinatutako gorbatak eta bidaia-poltsak eramango dituzte, futbol-taldearen autobusa Euskadiko turismoaren irudiarekin errotulatuko da, eta marka jokalariek parte hartuko duten ekitaldietan azalduko da.

 Hilaren 24ko (asteazkena) ekitaldia Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzan 2016an Donostia Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitzari buruz emango den hitzaldiaren biharamunean egingo da. Hitzaldi horretan Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Donostiako Udaleko, 2016 Donostia hautagaitzaren bulegoko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek hartuko dute parte.

 Bruselan egingo den ekitaldira joan nahi duten komunikabideek eta kazetariek akreditatu egin beharko dute, eta horretarako, posta-mezu bat bidali beharko dute euskadi@turismo2010.net helbidera otsailaren 23ko (asteartea) 12:00ak baino lehen.

 Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda