Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza ahultzeko gezurra esan izana leporatu dio herrizaingo sailburuak Andoni Ortuzarri

2012.eko uztailak 30

Eusko Jaurlaritzaren kaudimenari eraso egiteko gezurrak eta erdizkako egiak erabili izana leporatu dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteari.  Gaur Ortuzarrek egindako deklarazioei erantzunez, hauxe adierazi du: "Egia esateko, 2009an Alderdi Sozialista Eusko Jaurlaritzara iritsi zenean, aurrekontuaren % 70 agortuta aurkitu genuen, eta aurreikusitako diru-sarreren eta egiaz bildutakoaren artean, 2.600 milioiko zuloa zegoen.

Nahikoa da egunero biztanleria Eusko Jaurlaritzaren zorra dela-eta beldurtzeaz, eta haren etorkizunaren inguruan manipulatzeaz. 2011n, zorraren finantza-zama aurrekontuaren % 3.1 izan zen, eta interes eta amortizazioekin, 312 milioi euro ordaindu ziren. Aurreko krisian, 1993tik 2003ra, finantza-zama aurrekontuaren % 7,5ekoa izan zen batez beste, eta % 9ko gailurretara iritsi zen. 2001ean 475 milioi ordaindu ziren, aurrekontua egungoaren erdia zenean gainera: 5.700 milioikoa.

Hauxe da ezagutu dugun krisirik txarrena, eta aurrekoaren aldean, finantza-zama askoz ere txikiagoa da. Orain zorpetzen ez bagara, noiz egin behar dugu?

Zorpetzea gastu arrunterako bideratzea kritikatzen duenean ere bazterrak nahasten ditu Ortuzar jaunak, edo beharbada, ez ditu aurrekontuko partidak behar bezala irakurtzen.  Izan ere, Eusko Jaurlaritzako gastu arruntak medikuak eta osasungintzako langileak dira; irakasleak eta unibertsitate publikoa; ikastetxe hitzartu edota euskaltegietarako diru-laguntzak; ertzainak eta Justiziako langileak. Nondik hasi behar genuke, Ortuzar jaunaren iritziz, murrizten?

Eta egia da Euskadin murrizketak "beste modu batera egin" behar direla. Baina murrizketak txarrak dira Madriletik badatoz, eta onak aldiz Sabin Etxean erabakitzen badira.  Euskadiko Gobernu sozialista murrizketen beraien aurka dago. Herritarrentzako zerbitzu publikoak eta euskal enpresentzako laguntzak bere horretan uztea defendatzen dugu. Horregatik, Lehendakariak fiskalitatearen erreforma proposatu du behin eta berriz, ahalegina guztion artean banatzeko, eta orain ordaintzen ez dutenek ordain dezaten.  Euskal fiskalitatearen gehiengoa nomina duten pertsonek eta zeharkako zergek sostengatzen dute, eta horrek ezin du horrela izan. EAJk argitu egin behar luke zergatik esaten dion ezezkoa Foru Aldundiek elkarrekin iruzurraren aurka borroka egiteari.

Autogobernuaren defentsari dagokionez, Gobernu sozialistak tinkotasun osoz defendatzen du erakundeetan, eta neurriak hartzen ditu euskal herritarrak Rajoy-ren murrizketen aurrean babesteko.  Autogobernua legezkotasunetik defendatzen dugu, eskura ditugun baliabideak erabiliz. Hain zuzen ere, dekretu bat onartu genuen horretarako, botiken kopagoa ez ezartzeko, eta konstituziokontrakotasuneko errekurtsoak ere aurkeztu ditugu.  Autogobernua, izan ere, politikaren bidez defendatzen dugu, Gernikako Estatutua hiltzat jo zutenen aurrean.

 EAJk intsumisioa eskatzen die gainerakoei Gobernu zentralaren aurrean, baina haiek dira men egiten lehenak.  Gogora ekarri nahi dut Euskadin kopagoa ezartzen laguntzeko lehen urratsa, eta eraginkorrena, Foru Aldundiek emandakoa izan zela, Bizkaikoa buru zela; izan ere, berehala jarri zituzten Rajoyren Gobernuaren esku euskal herritargoaren errenta-aitorpeneko datu guztiak. Beraz, hobe luke orain Ortuzar jaunak autogobernua nola defendatu esango ez baligu".

2 iruzkin
  • @Jurdan
    2012.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    Ortuzar, para merecer una respuesta oficial de un consejero, el cargo más importante que ocupa es el de parlamentario. http://t.co/vmuhvKsc

  • @ksantaren
    2012.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    Pues sí, Irekia cada día se enfanga más empeñado en ser un órgano de pura propaganda. Otra más: http://t.co/WZ8CQ5Sa

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)