Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Krisialditik irteteko eredua

2012.eko uztailak 29

Askotan esaten dut egungoa aldaketa-garaitik haratago doan unea dela, bizitzen ari garena aldaketa-garaia baita, ezbairik gabe. Globalizazioak, aurrerapen teknologikoek, biztanleriaren zahartzeak, sortu diren ekonomia berriek eta Europaren kontzeptuak berak agertoki berri eta aldakorra marraztu dute, eta horretan bizi eta lehiatzeko gai izan behar dugu. Agertokia hain konplexua da, non, nik neuk behintzat, ez baitut argi jasaten ari garen krisialdi sakon hau aldaketen eragile ala ondorio den. Biak, seguruenik. Baina dibagazioak dibagazio, egia esan, erronka berrien aurrean gu ahalik eta tokirik onenean kokatzeko gai izango diren neurriak abian jartzea eskatzen du agertoki berri horrek. Haztea, enplegua sortzea eta gure ongizate-egoerari eusteko moduko errekurtsoak ahalbidetuko digun egoera, alegia.

Hausnarketa hori iragan uztailaren 12ko Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan helarazten saiatu nintzen. Bertan hiru gai planteatu nituen. Lehenengoa, Administrazio Zentralak ezin duela Bruselak onartutako defizit-marjinarekin gelditu. Horrekin esan nahi da gure gizarte-eredua definitzen duten eta autonomia-erkidegoek ematen duten sistema handiak, hots,  Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Laguntza, bigarren mailako lehentasunak direla, horiek hiritarrek ondoen baloratzen eta gehien eskatzen dituzten zerbitzuak izanda. Hori ez da ez bidezkoa, ez errealista. Administrazio bakoitzak bere egindako zamei hobeto egokitutako banaketa egin behar izan zen.

Bigarrena, gobernuak hartutako neurriak ez direla espainiar ekonomiak duen arazorik handiena zuzentzeko egokienak, arazo hori haztea delarik. Izan ere, gure egitura-defizita zuzentzeko ere ez dute balioko. Batetik, atzeraldiaren kiribilean sakontzen dutelako, hau da, sustapen publiko txikiagoak, jarduera txikiagoa, BPGaren beherakada, sarreren gutxiagotzea, defizit handiagoa, eta azkenean, geunden baino egoera okerragoa ekarriko dituelako. Bestalde, gure hazkundearen oinarriak suntsitzen ari garelako. Ekoizpen-inbertsioan, I+G+b-an eta baita prestakuntzan ere izandako beherakadak, europar testuinguruan 2. mailako ekonomia izateko bidean jarri gaitu. Azkenik, gure ongizate-egoera ahultzen ari garelako osasunean, hezkuntzan, mendetasunean eta prestazioetan etengabe egiten ari garen murrizketekin. Azken hogeita hamar urteotan eraiki dugun gizarte-sare osoa errausten ari gara. Eta hemen, zirkoan legez, oso arriskutsua da sarerik gabe lan egitea.

Bizitzen ari garen egoera konplexuaz eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetatik jasotzen ari garen presio handiez jabetuta nago. Europar esparru ekonomiko, fiskal eta sozial ezberdinen artean dagoen asimetria handiegiaren ondorio da hori. Eta testuinguru horretan hirugarren arazo bat planteatu nuen. Uste dut bat gatozela denok defizit publikoa murrizteko beharrarekin, eta hori lortzeko doikuntzak egin behar direla. Baliteke desadostasun handiagoak egotea doikuntza horren mugen inguruan, gainditu behar ez ditugun marra gorrien gainean, eta diru-sarreren eta gastuen arteko zerga-balantzea egiteari buruz. Azaroa da Espainiako Erresumaren Egonkortasunerako Programak planteatzen duen zerga-orekak gastua baino ez duela murrizten, eta horrela zerga-presioa gelditu egiten da, 2015eko amaieran BPGaren %32an kokatuta, hau da, Euroeremuaren batez bestekotik zazpi bat puntu azpitik. Horrek esan nahi du, gutxi gorabehera 80.000 milioi euro gutxiago sartuko ditugula gure ingurukoekin zerga-konbergentziaren aldeko apustua egin izan bagenu baino, eta hori I+G+b-n, azpiegituretan, hezkuntza eta osasunean egingo diren murrizketen kontura. Espainiako zerga-krisiak, funtsean, diru-sarreren galeran oinarrituta dago, eta benetan uste dut gai izan behar dugula Europar Batasunarekiko zerga-konbergentziaz ditugun gure jarrerak hurbiltzeko eta Espainiako sektore publikoari airea emateko, hazkunde ekonomikoaren eragile izan dadin.

Hori da Eusko Jaurlaritzaren jarrera eta defendatzen dugun eredua. Euskadin ziur gaude datozen urteetan jokoan izango duguna gure ekonomia- eta gizarte-eredua bera izango dela.  Ekonomiaren alorrean, prezioan baino balioan oinarrituago dagoen ekoizpen-eredua da, ezagutzan, berrikuntzan eta nazioarteratzean oinarritutako balioa, eta beraz, ezinbestekoa da I+G+b-ra eta prestakuntzara baliabide publikoak bideratzen jarraitzea, lehen mailako ekonomia izan nahi badugu, eta ez bigarrenekoa. Eta gizarte-arloan, azken hogeita hamar urteotan eraiki dugun eta hiritar gehienentzat hain egokia den ereduari eustea. Ez dugu inor zoriaren esku utziko, are gutxiago krisiak gehien astindu dituenak.

Bidegurutze handiaren aurrean gaude. Argi eduki behar ditugu ideiak eta Eusko Jaurlaritzak argi ditu. Ezin dugu onartu, ezta onetsi behar ere, egungo egoerak eta finantza-krisiaren oso kudeaketa desegokiak gure hazkundearen oinarriak suntsituko dituela. Horrexegatik, berrikuntzaren eta prestakuntzaren aldeko gure apustua eta enpresa eta autonomoentzako finantza-laguntza. Baina hori bezain garrantzitsua gure gizarte-ereduari eustea da, askotan erreferente baita Espainiako gainerako lurraldeetan, eta baita Europan ere. Hori lortzeko, alabaina, Europarekiko zerga-konbergentzia behar dugu, bateratze horrek aurrekontu-oreka ahalbidetuko duelako, eta horrekin, gure ekonomiari gain hartzeko moduko kostuaren truke likidezia emateko beharrezko finantza-egonkortasuna.

Orain haztea da garrantzitsuena, baina horretarako ezinbestekoa da Europarekiko politika bateratua eta horretan txertatuta eta, azken batean, Europa gehiago. Eta arazoaren alde ona da Europak hori egiteko mekanismoak dituela. Europar Batasunak, bere osotasunean, ez du desoreka larririk, estatu kide ezberdinetan sortzen baitira horiek. Beraz, bideragarria da politika irekiagoa, AEBetan eta Erresuma Batuan gureak baino askoz emaitza onuragarriagoekin egiten dutenaren antzera.

Ni bat nator Keynesekin esaten zuenean ez dela ideia ona pentsatzea ekonomia bat hondoratuz gainerako guztiak salbatzea lortuko dela. Alemanian gertatu zen hori gerren arteko garaian, eta apustua ez zen oso ondo atera. Orain akats berbera egiten ari gara. Europako hegoaldeko herrialdeei mehartze-prozesu larri baten menpe edukita gaitz guztiak konponduko direla, eta gainera honetatik onik ateratzea lortuko dela dioen finantza-arloko pentsamendu-ildoa dago Europan. Krisialdi honetatik denok, iparraldekoak zein hegoaldekoak, ukituta aterako garela, eta inpaktua txikiagotzeko bide bakarra hazkundearen aldeko baterako europar politika dela pentsatzen duten horietakoa naiz ni, horretarako ahulenak merkatuen erasoetatik babesteko moneta-politikaren alorrean ditugun baliabide erraldoiak ere erabili behar direlarik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)