Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

KAren auto ofizialaren jakinarazpen ofiziala jaso arte, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak sendagaien koordainketa onartzen ez duela azpimarratu du, bidegabea dela eta eraginkortasunik ez duela uste baitu

2012.eko uztailak 27

Abuztuan pazienteek gaur egungo baldintza berdinetan hartu ahal izango dituzte beren sendagaiak

Konstituzio Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren 114/2012 Dekretuari buruzko konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa izapidetzeko onartu duela eta dekretu horren ondorioak automatikoki eteten dituen 161.2 artikulua ezarri duela jakin ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik jaso aipatutako autoaren jakinarazpen ofizialik.

KAren jakinarazpena jasotzean, epaiari men egiteko beharrezkoak diren mekanismoak abian jarriko dira. Horretarako, sendagaiak agintzeko eta banatzeko sistemetan aldaketak egin behar dira eta aldaketa horiek bat datoz denboran, aste honetan e.Rezeta-Errezeta Elektronikoa Euskadin proiektua zabaltzeko hasitako lanekin.

Kontuan hartu behar da, Osakidetzan oraindik eskuz agintzen direla errezeten % 20, eta ez da erraza automatikoki ezartzea GSINk emandako datu-baseko ekarpen-portzentaje berriak. Osakidetzari jarraibideak eman zaizkio sendagaiak agintzeko sistemak egokitzeko; bien bitartean, abuztuan euskal sareko erabiltzaileek gaur egungo baldintza berdinetan jaso ahal izango dituzte sendagaiak, ekainaren amaieran sendagile, farmazialari eta azken erabiltzaileen artean banatutako informazio-oharretan adierazitakoaren arabera. Gainerako talde aktiboei dagokienez, sistemak egokitzeko lanari ekin zaio, halaber, errezetetan ekarpen-portzentaje berriak ezartzeko.

e.Rezeta-Errezeta Elektronikoaren proiektua ezartzeko aldia sei hilabetetik zortzira bitartean luzatuko da. Denbora horretan, kontagailu-sistema ezartzea espero da, pentsiodunek gehiegi ordaintzea ekiditeko, baldin eta KAk Eusko Jaurlaritzak eteteari buruz aurkeztutako alegazioak onartuko ez balitu.

Kontuan hartuta EDLk muga batzuk ezartzen dituela ordaintzeko obligazioa duten pentsiodunei dagokien hileko gehienezko ekarpenaren gainean, euskal osasun-sarearen erabiltzaileek administrazioari dirua aurreratzea ekidin nahi da, diru hori ondoren itzuli egin behar baitzaie. Horrez gain, administrazio-kostu altua sortuko litzateke eta pazienteek eragozpenak jasan beharko lituzkete. Adierazitakoa dela eta, informatika-sistemak egokitu behar dira halabeharrez, eta horretarako, denbora behar da (hilabete batzuk).

 Rafael Bengoak, Osasun eta Kontsumoko sailburuak, gaur bertan Bilbon izandako prentsaurrekoan adierazi duenez, "gizarte-justizia eta justizia ekonomikoa bateragarriak dira eta beste alderdi batzuk iritzi berekoak izatea gustatuko litzaiguke". Bengoak Eusko Jaurlaritza sendagaien koordainketa berrien kontra dagoela azpimarratu du, bidegabeak direlako eta eraginkortasunik ez dutelako. "Krisialdi finantzarioa ahulenei eta behar handien dutenei ordainarazten zaie. Aurrezteko bide eraginkorragoak, bidezkoagoak eta zuzenagoak daude, beharra duten pertsonen osasun-prestazioak eta -zainketak eragin gabe. Eusko Jaurlaritzak hiru urte daramatza neurri horiek ezartzen, eta horren adibide da osasun-arloko Euskadi Eredua".

Halaber, errekurtsoak "autogobernuaren eskumenak garbi urratzen dituela" azpimarratu du. Ez dugu zalantzarik gure Dekretuaren legaltasunaz, eta horregatik, ez dugu zalantzarik KAk etetea bertan behera utziko duela, lege-ordenamenduak ezartzen duen bost hilabeteko epea amaitu baino lehen.  Xede horrekin, Estatuak KAri aurkeztutako txostena jasotzean, Gobernuak bere alegazioak egingo ditu, legeak ezarritako epearen barruan. Ez da izango KAk epe horretan etete-auto bat ematen duen lehen aldia, ezta gutxiago ere. Joan den astean, KAk bertan behera utzi du aurtengo urtarrilean hasitako sendagaien enkante andaluziarrari dagokionez Estatuak agindutako etetea".

Eusko Jaurlaritza lanean hasi da, KAk bost hilabeteko gehienezko epe horren baitan etetea bertan behera uzten ez badu, egoerari erantzuteko. Une hori iristen bada, Gobernuak bere eskumenak baliatuko ditu koordainketa bidegabe horrek gehien eragiten dituen sektoreak konpentsatzeko.  Gainera, ez da inolako diru-kantitateren atzeraeraginezko kobrantzarik egingo. Gobernuak ez du horretarako asmorik eta, gainera, materialki ezinezkoa izango litzateke. Aitzitik, Osakidetzako OTI duten pertsonei EAEtik kanpora ordaintzen duten kantitate sobera itzuliko zaie.

Modu berean, Osakidetzak Euskadin bizi diren eta gaixo dauden etorkinei beharrezkoa duten osasun-arreta eskaintzen jarraitzeko asmoa du, moraltasunak horrela jokatzeko agintzen digulako eta, halaber, horretarako lege-babesa dugulako, eta nahiz eta ezin diegun Estatuko Osasun Sistemaren osasun-txartelik luzatu, Osakidetzako zentroetan arreta jasoko dute, orain arte jaso duten moduan, gaur egunera bitartean osasun-arreta eduki duten biztanleek eta 114/2012 Dekretuaren irizpideak betetzen dituztenek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)