Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak Garraio Jasangarriaren Gidaplanaren lehen zirriborroa aurkeztu du berau lantzen parte harte duten eragileen artean

2012.eko uztailak 27

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Garraio Jasangarriaren Gidaplan (GJG) berria aurkeztu du. Aipatutako Gidaplanaren xedea da datozen urteetara begira (2012-2020) garraioaren eta mugikortasunaren esparruan garatuko diren politika publikoen berri ematea.

Mikel Díez Sarasola Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendariak Garraio Jasangarriaren Gidaplana aurkeztu du gaur Lakuan. Herritarrei entzun eta parte hartzeko aldi bat utzi eta gero, Plana Gobernu Kontseiluak onartzeko aurkeztu nahi da aurtengo udazkenean. Hasteko, Gidaplana berau lantzen parte hartu duten eragile publikoei eta pribatuei aurkeztu die Sailak. Eragile horien artean daude honakoak: Foru Aldundiak, Udalak, Sindikatuak, Patronala, Merkataritza Ganberak, Portuak, Aireportuak, Unibertsitateak, Garraiolarien Elkarteak eta hainbat erakunde publiko.

Planaren helburuetako bat da mugikortasunaren esparruan herrialdeak ikuspegi bateratu bat edukitzea. Ingurumen, gizarte eta ekonomiaren ikuspegitik mugikortasunaren eraginkortasuna hobetu nahi da, modu horretara, mugikortasuna herrialdeak dituen helburu ekonomikoak eta sozialak garatzeko eta betetzeko bitarteko eta eragile bat izateko.

Lurraldearen tamainak eta bertako biztanleriaren dentsitateak mugikortasun orekatuago bat lortzeko aukera ugari ematen dituen benetako metropoli bihurtzen dute Euskadi eta ideia hori du abiapuntutzat GJGk. Halaber, arku atlantikoan duen kokapena kontuan hartuta, Euskadi balio erantsia duten jarduera logistikoak garatzeko leku aproposa dela pentsa daiteke, eta jarduera horien garapenari esker, lurraldearen lehiakortasuna areagotzeaz gain, errepidez egiten den salgaien trafikoa trenez eta portuen bitartez egitea ahalbidetzen da.

Bidaiarien garraioari dagokionez, positiboki baloratu dira hiri-esparruan abian jarritako ekimen ugari: garraiobide iraunkorragoak sustatu dira (oinez, bizikletaz) eta garraio publikoa sustatu da. Etorkizunera begira, garraiobideen arteko oreka handiagoa edukiko duen eszenategi bat lortzeko beharra eta aukera azpimarratu dira, eta ibilgailu pribatuen erabilera gutxitu nahi da, batez ere hiri barruko joan-etorrietan eta, bereziki, hiri kanpoko jarduera-ardatzek (industrialdeek, teknologia-zentroek, unibertsitate-campusek, osasun-zentroek eta ospitaleek) eragiten dituzten joan-etorrietan.

Salgaien logistikari eta garraioari dagokienez, jarduera gisa zein enpresen lehiakortasunerako bitarteko gisa sektoreak duen garrantzia abiapuntutzat hartuta, optimodalitatearekin edo intermodalitatearekin lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak garatzeak duen garrantzia azpimarratu da, baita hiri-esparruan salgaiak banatzeko erreferentziazko esparru komun bat lortzeak duen garrantzia ere..

Xede horretarako, aurkeztutako Planak helburu estrategiko bat du. Hain zuzen, mugikortasun ekonomikoa (2020an garraio publikoaren estaldura-indizea % 70ekoa izatea), soziala (garraio publikoa erabiltzeko aukera gehiago) eta ingurumenekoa (eraginkortasun energetikoa areagotzea eta Berotegi Efektuko Gasen isurketa murriztea) barne hartuko dituen sistema bat garatu nahi da. Horrez gain, 10 helburu operatibo ditu Planak. 7 ildo estrategikoren inguruan antolatu dira aipatutako helburuak betetzeko bitartekoak eta 41 neurri eta 52 ekintza aurreikusi dira guztira.

Ondorengo lerroetan, 7 ildo estrategikoak eta proposatutako hainbat ekintza eta neurri deskribatzen dira:

Bidaiarien garraio-sistema bateratu bat eta sare baten barruan antolatua lortzea. Trena izango da erreferentea. Garraio publikoaren operadore guztiek garraio publikoaren eskaintza eta sare bateratu bat osatzea lortu behar da. Trenbidea izango da ardatz egituratzailea eta populazio handieneko korridoreei eraginkortasunez erantzuteaz gain, gainerako garraiobideekin konexio eraginkorrak edukiko ditu. Horretarako, bidaiarien geltokietan intermodalitatea ziurtatuko duten jarduerak garatzea aurreikusten du Planak (Donostialdeko Metroa, Gasteizko autobus-geltoki berria), baita tarifak bateratzea eta garraio publikoari buruzko informazio guztia Moveuskadi gisako plataforma bakun eta eguneratu baten bitartez eskaintzea ere.

  • Sistema logistiko bateratu bat sustatzea. Euskadik Europan duen kokapena indartzeko balioko du, korridore atlantikoaren bitartez, eta salgaien eskualde arteko banaketa optimizatuko du.
  • Joan-etorrietan garraiobide iraunkorrenak indartzea. Horretarako, jarduera-zentroen mugikortasun-planak landuko dira, bizikletaren erabilera indartzeko planak garatuko dira, hiri arteko bidegorri berrien bitartez eta tren-geltokietan eta autobus-geltokietan bizikletentzako aparkalekuak eginez; eta hiriko eta mankomunitateetako mugikortasunerako planak landuko dira. Halaber, tren-geltokietatik industrialdeetarako eta teknologia-zentroetarako transbordadoreak jartzeko aukera aurreikusi da.
  • Ibilgailu pribatuaren eta energia-iturri eraginkorrenen erabilera eraginkorra sustatzea. Horretarako, honako neurri hauek aurreikusi dira: automobila partekatzeko web-plataforma bat sortzea, oso beteta doazen ibilgailuei beherapenak egitea autobideetan, oso beteta doazen ibilgailuetarako TAO zona bereziak, industrialdetan eta teknologia-zentroetan car sharing delakoa sustatzea.
  • Mugikortasun-sistemarekin erlazionatutako I+G+b jarduerak sustatzea (ITS) Adibidez: bizikletaz eta oinez egiteko ibilbideen planifikatzailea, trafikoa kudeatzeko sistema aurreratuak.
  • Joan-etorrien iresgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna indartzea. Tren-geltokietan eta hiri barruko autobus-zerbitzuetan iresgarritasun unibertsala ziurtatzea, eskolako joan-etorrietan segurtasuna ziurtatzea, eusteko aparatuen bitartez.
  • Euskadin mugikortasunaren gobernantza sustatzea. ATEren baitan, 4 txosten iraunkor ezartzea proposatu da eta txosten horien baitan inskribatu ahal izango lirateke lan-taldeak; administrazio guztiek eta nahastuta dauden eragile pribatuek osatuko lituzkete. Zehazki, 4 txosten hauek aurreikusi dira:
  1. Mugikortasun-politiken planifikazioa eta kudeaketa.
  2. Garraio publikoa.
  3. Salgaien garraioa eta logistika.
  4. Azpiegituren planifikazioa.

Planean aurreikusitako jardueren kostua 60 milioi euro ingurukoa izango dela kalkulatu da, hainbat urtetan banatuta (2012-2016).

Hemendik aurrera, herritarrek parte hartzeko aldi ba tirekiko da, irailaren erdira arte, eta une horretan egokitzat jotzen diren ekarpenak barne hartuko dira Planean eta behin betiko onartuko da agiria. Bide formalez gain, egindako proposamenak jendartean ahalik eta gehien zabaldu nahi dira, eztabaida eragiteko eta, beraz, gizarte-sareak ere erabiliko dira.

Informazio gehiago: www.moveuskadi.com  eta OTEUSen webgunean.

 

 

 

 

3 iruzkin
  • @BSGelectrics
    2012.eko abuztuak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @moveuskadi: El Gobierno Vasco presenta el primer borrador del Plan Director de Movilidad Sostenible http://t.co/MICFiKIG

  • @moveuskadi
    2012.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    Jaurlaritzak Garraio Jasangarriaren Gidaplanaren lehen zirriborroa aurkeztu du http://t.co/CsK7LBuz

  • @moveuskadi
    2012.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco presenta el primer borrador del Plan Director de Movilidad Sostenible http://t.co/MICFiKIG

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)