Berriak Herrizaingoa
Eu

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren partetik jasandako emakumeen aurkako indarkeriak % 4 egin du gora; sexu askatasunaren aurkako delituak, ostera, % 2 jaitsi dira

2012.eko uztailak 27

Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak emakume biktimentzako laguntza ekonomikoak 150.000 eurotan areagotu ditu. Genero indarkeria pairatu duten emakumeen kasuak % 4,5 areagotu dira 2012ko lehenengo sei hilabeteetan, iazko denbora tarte berdinarekin alderatuz gero; Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren sei hilabeteko txostenean jasotako datuen arabera, orotara kasuen kopurua 2.461era iritsi da. Bereziki bikotekidearen edo bikotekide ohiaren partetik jasandako indarkeria biktimen kasuek gora egin dutelako (% 4) gertatu da gorakada orokorra, baita familia barruko genero indarkeriaren gorakadagatik ere (% 7 baino pixka bat gehiago); sexu askatasunaren aurkako delituek, ostera, behera egin dute (% 2 inguru).

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendari Mariola Serranok gaur aurkeztu dituen datuen arabera, genero indarkeria pairatu duten emakumeen kasuek gora egin dute 2012. urteko lehenengo sei hilabeteetan; zehazki esateko, kopurua % 4,5 hazi da. Aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, orotara, genero indarkeria pairatu duten emakumeen 2.461 kasu egon dira; kasu horiek denbora tarte horretan gutxienez behin biktima izan diren 2.067 emakumeri dagozkie.

Aipatutako kopuruak gora egin du, oro har, familia barruko genero indarkeriak eta bikotekidearen edo bikotekide ohiaren partetik jasandako indarkeria kasuek gora egin dutelako. Sexu askatasunaren aurkako delituek, ostera, beherakada arina izan dute, % 2 ingurukoa; 101 kasu erregistratu dira.

Ertzaintzak 2.461 kasu horien berri izan du 1.702 kasutan salaketa jarri dutelako. Salaketa horien % 88 biktimek beraiek jarri dituzte. Salaketa horiek adierazten dute emakumeek badutela konfiantza horretarako ezarritako segurtasun- eta babes-neurrietan.

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren partetik jasandako indarkeria kasuen kopuru altuena 18 eta 40 urte arteko adin-tartean dago (kasuen % 70,2). Familia barruko genero indarkeriari dagokionez, ostera, biktima kopuru altuena 40 urtetik gorako emakumeen taldean dago (% 57,2); sexu askatasunaren aurkako delituetan, azkenik, nabarmendu behar da 30 urtetik beherako emakumeek pairatzen dutela delitu mota horretako kasuen % 64,1.

2012ko lehenengo sei hilabeteetan gertatutako kasuen % 67,7 Espainiako herritartasuna duten emakumeei dagokie. Gainerako % 32,3a atzerrian jaiotako emakumeei dagokie, oro har Latinoamerikan jaiotakoei; izan ere, indarkeria pairatu duten emakume atzerritarren kasu guztien % 61 Latinoamerikako emakumeei dagokie; batez ere Bolivia, Kolonbia, Brasil, Ekuador eta Paraguaikoak izan dira.

2012ko lehenengo seihilekoan Caridad Ángeles Rodríguez Arrietaren heriotza deitoratu behar dugu, bikotekide ohiak erail baitzuen martxoaren 26an, Tolosan (Gipuzkoa). Kasua aztertu ondoren, eta betiere autokritika eraikitzailea egin nahian, nabarmendu behar dugu, berriz ere, erakundeek konfiantza eskaini behar dietela emakumeei erasotzailearengana bueltatu ez daitezen; horretarako, babesa eman behar diete, eta emakumeek baliabideen sarea eskura izatea zaindu behar dute, behar bezala koordinatutakoa, bizimodua berreraikitzean arreta eskaini, lagundu eta babestuko dituen sarea, hain zuzen.

Genero indarkeriaren biktimei 24 orduz arreta eskaintzeko doako zerbitzuko telefonoa 900 840 111 da, eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren mendekoa da. Urteko lehenengo sei hilabeteetan, guztira, 2.990 dei jaso dira, eta gorakada nabarmena eman da 2011ko denbora tarte berdinarekin alderatuz gero, orduan 2.660 dei jaso baitziren, baita 2010eko tarte berdineko datuekin erkatuz gero ere, urte horretan 1.535 dei jaso zirelako; 2009ko lehenengo sei hilekoko datuekin konparatuz gero ere, aldea nabarmena da, orduan jasotako deiak, guztira, 1.423 izan baitziren.

Deiak honela banatu dira Lurralde Historikoen arabera: deien % 10 Arabatik jaso dira, % 58 Bizkaitik eta % 30 Gipuzkoatik. Deien arrazoiak honako hauek izan dira: % 43k laguntza behar zuen, % 27k informazioa, % 27k orientazioa, % 2 larrialdi egoeran zegoen, eta % 1ek koordinazioa eskatu zuen.

Azken urteetan, sei hilabeteka, zerbitzu honek izan duen bilakaera izugarria azpimarratu behar da; izan ere, zerbitzuak jaso dituen deien kopuruaren bilakaera aipatzeko modukoa dela ikusi da: 2008ko lehenengo sei hilabeteetan orotara 1.316 dei erregistratu ziren; aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, berriz, dei bikoitza baino gehiago jaso da (2.990 dei erregistratu dira).

2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak bere gain hartu du Biktimari Laguntzeko Zerbitzua kudeatzea; genero indarkeriaren edozein adierazpenen biktimei arreta emate aldera, zerbitzua Justizia Jauregietan dago.

2012ko lehenengo sei hilabeteetan Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren lau bulegoetan (Barakaldo, Bilbo, Donostia eta Gasteiz), orotara, 1945 kasutan eskaini da arreta, guztira 709 biktimari; genero indarkeriaren adierazpen desberdinetako biktimak zian dira. Arreta jaso duten emakumeen % 65 atzerritarrak izan dira, eta % 35, aldiz, estatukoak. Arreta jasotzeko gerturatutako pertsonek, oro har, aholkularitza juridikoa, arreta soziala edota psikologikoa, eta lege prozesurako laguntza eskatu dute. 

Bidenabar, 2012ko lehenengo sei hilabeteetan Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bulegoetan informazioa eta aholkularitza eskaintzeko 570 jarduketa egin dira.

Bestalde, emakumeen independentzia ekonomikoa funtsezkoa da indarkeriarik gabeko bizitza berri bati ekin diezaioten; horregatik, diru laguntzek lehentasuna dute. EAEk horretarako bideratzen duen laguntzari dagokionez (Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak kudeatzen ditu), nabarmendu behar da 2012. urteko aurrekontuan horretarako prestatu den partida 542.000 eurokoa dela; horrenbestez, 2011. urteko partidarekin alderatuz gero % 107 hazi da, 2010. urtekoarekin erkatuz gero, ordea, % 119 igo da, eta % 282, bestalde, 2009. urteari dagokionez. Eskaerek ere neurri berean egin dute gora: 2009. urtearekin alderatuta % 157 igo dira 2010. urtean, eta 2011. urtean % 282 hazi ziren 2009. urtearekin konparatuz gero.

Eskatutako laguntza ekonomikoak % 65 hazi dira 2012. urteko lehenengo sei hilabeteetan 2011ko denbora tarte berdinarekin alderatuta; horregatik, eskaerari erantzun ahal izateko, partida ere gehitu behar izan da. Hartara, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak erabaki du horrelako laguntzetarako prestatutako aurrekontuko zenbatekoa 150.000 eurotan gehitzea. Abuztuaren 2ko EHAAn emango da erabaki horren berri.

2012ko ekainaren 30ean, Zuzendaritzak genero indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoa eskatzeko 162 eskabide izapidetu ditu; 2011. urteko denbora tarte berdinean, ordea, 98 eskabide izapidetu zituen. Emakume eskatzaileen % 52 espainiarrak dira, eta gainerako % 48a, ostera, atzerritarrak.

Bestalde, 2012ko ekainaren 30a arte, genero indarkeriaren biktima izan diren 7 emakume eskatzaileri etxebizitza esleitu zaie zuzenean; iaz, epe berdinean, 5 pertsonei esleitu zitzaien.

Azkenik, argi dago erasotzailearen aurrean emakume biktimen eta haien seme-alaben segurtasun fisikoa bermatzea oso gako garrantzitsua dela genero indarkeria jorratzerakoan. Horren haritik, Ertzaintzak egiten duen lan erabakigarria bereziki nabarmendu behar dugu; lan hori etengabe hobetzea lehentasuna da Herrizaingo Sailaren Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarentzat.

2012ko ekainaren 30ean 54 emakumek izan dute babesteko zaintza iraunkorra, eskolta esleitu baitzitzaien (iazko denbora tarte berdinean 46 emakumek zuten neurri hori). Emakume horien artean 5 Araban bizi dira, 29 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan. 2012ko ekainaren 30ean 34 pertsonek zuten eskumuturreko bilatzailea, erasotzaile zein biktima; iazko denbora tarte berdinean, ordea, 20 pertsonek zeramatzaten, eta 2010ean, aldiz, 10 pertsonek. 2012. urtean honako hau da banaketa: 24 Bizkaian, eta 10 Gipuzkoan.

2012ko lehenengo sei hilabeteetan, 662 emakumek zuten sakelako telefonoa, babesteko Ertzaintzak emandakoa; iaz, denbora tarte berdinean, 242 emakumek izan zuten telefono bana, eta 2010ean, ordea, 166 emakumek izan zuten Bortxa telefonoa; horrenbestez, gorakada oso nabarmena izan da (2011 eta 2012 alderatuz gero, gorakada 152 portzentaje puntukoa izan da). 2012ko lehen sei hilabeteetan Bortxa telefonoa izan duten 662 emakumeak honela daude banatuta: 131 Araban bizi dira, 277 Bizkaian eta 254 Gipuzkoan.

Ez Isildu webguneari dagokionez, datu hauek nabarmendu behar dira: Facebook: hasieratik, guztira, 272 jarraitzaile daude, batez ere emakumeak (% 77,5); batez beste 750 erabiltzaile daude, eta atariko erlaitzak 825 aldiz bisitatzen dituzte. Tuenti: Profila ireki zenetik, 142 jarraitzaile ditu. Twitter: profil honen bidez informazioa eta edukiak helarazten zaizkie erakundeei eta hedabideei. Jarraitzaileak 252 erakunde edo profesional dira. Genero indarkeriarekin lotura duten 232 erakunde, profesional edota pertsonen jarraitzaile gara. 731 tweet argitaratu ditugu. Bloga: 2011ko irailaren 28tik 47 sarrera plazaratu ditugu, batez beste bana 5,7 egunik behin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)