Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek langabeei arreta hobea emango die Portugaleten beste enplegu bulego bat zabalduta

2012.eko uztailak 27

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego berria inauguratu du gaur goizean Portugaleten. Lokal horrekin, Lanbidek dagoeneko 20 ditu Bizkaian eta 41 EAE osoan. Jendearen zuzeneko arretarako lokal berri horrek 751 metro karratu ditu eta Euskal Enplegu Zerbitzuak duen lokalik handienetako bat da. Herriko enplegu-eskatzaileei ematen zaien arreta hobetzeko zabaldu da, eta, horretarako, hainbat zerbitzu eskainiko ditu orientazioaren, prestakuntzaren eta laneratzearen barnean.

"Gaur beste urrats bat egin dugu Lanbideren bulegoen hedapenean, aurreikusita zegoenez. Lokal berri honek zerbitzu hobea emango du langabezia-tasa handia duen zona honetan", adierazi du gaur goizean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren titularrak. "Badakigu langabezia beste bi lurraldeak baino gogorrago ari dela zigortzen Bizkaia. Ezkerraldean, baita Bilbon ere, arreta eman beharreko jende ugari dugu". Portugaleten, jasotako langabeziaren azken datuen arabera, 3.884 pertsona daude langabezian.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak aditzera eman du garrantzi eta balio handikoa dela "Lanbideren arreta pertsonalizatu eta banakako eredua; izan ere, enplegagarritasun-ibilbidea egiten dio langabezian dagoen pertsona bakoitzari, eta, batez ere, langabezian denbora luzea daramatenei". Orduan, Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko presidenteak gogorarazi du "gaur berri onak ditugu Bizkaiarentzat, eta bereziki Portugaleterentzat, bulego hau zabalduta zuzeneko arretako sarea handitu baitugu".

Portugaleteko bulego berria Balentin Berriotxoa kalekoa ordezteko ireki da, eta Miguel Unamuno kaleko 37-39 zenbakietan dago. Bestalde, 751 metro karratu ditu, eta, beraz, Lanbideren zuzeneko arretako sare osoko zabalenetako bat da.

Jarduera betean dagoenean, 30 bat langile izango ditu, enplegu-eskatzaileei eta enpresei zerbitzuak emateko. Enplegu-eskatzaileei aholku espezializatuak emango zaizkie, baita orientazioa, lan-bitartekaritza, prestakuntza eta lan-merkatuari edo Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko informazioa ere. Enpresei, berriz, lan-bitartekaritza, enplegu-eskaintzen erregistroa eta kudeaketa, kontratazioari buruzko aholkuak, kontrataziorako diru-laguntzak eta lan-kontratuen erregistroa.


"Tratu hurbilagoa"

Plangintza eta Enplegu sailburuorde Javier Ruizek, Lanbideko zuzendari nagusi Javier Ramosek, Lanbideren Administrazio Kontseiluko hainbat kidek, eta udalaren hainbat ordezkarik, Mikel Torres alkatea buru zutela, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua babestu dute inaugurazioan.

"Lanbidek enplegu-eskatzaileari arreta emateko sortu duen eredu berriak toki gehiago behar du, arreta pertsonalizatuagoa eta tratu hurbil, goxo eta konfidentzialagoa ematen baititu", esan du Zabaletak.

"Portugaleteko zerbitzua hobetu egingo da, instalazioen kalitatea, jendea bi bulegoetara iristeko erraztasun handiagoa eta enplegu-eskatzaileari emango zaion arretaren kalitatea kontuan izanik. Arretari dagokionez, pertsonalizatuagoa izango da, eta tratuarekin, informazioarekin, komunikazioarekin eta enplegagarritasunarekin lotura duten alderdiei eragingo die batez ere, horiexek baitira alderdirik garrantzitsuenak, gure erabiltzaileek zuzenean hautematen dituztenak izaki".

Ildo horretan, Zabaletak gehitu du "orientazio pertsonalizatua dela Lanbideren funtsezko ardatzetako bat, enplegu-eskatzailearentzat pertsonala eta zuzenekoa baita".

"Lokal berri hau bulegoak EAE osora zabaltzeko eta lehendik zeuden bulegoak eraberritzeko asmo handiko planaren barnean zabaldu da, betiere ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz", azaldu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Hurrengo hilabeteetan, Santurtzin, Barakaldon, Donostian eta Gasteizen beste bulego batzuk irekitzea aurreikusi dugu, eta, horri esker, Lanbidek 45 bulego izango ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mikel Torres