Berriak Herrizaingoa
Eu

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak jarduteko protokolo bat sinatu dute, larrialdiei aurre egiterakoan koordinatuta lan egiteko

2012.eko uztailak 26

Ekitaldia gaur goizean izan da, Sos Deiak Larrialdien Koordinaziorako Zentroan

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Sos Deiak) eta enpresak Bilbon duen Banaketako Operazio Zentroak komunikazio bide lehenetsiak izango dituzte.

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Sos Deiak Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren eta Iberdrola Banaketaren artean komunikatzea eta koordinatzea kudeatzeko, Babes Zibilak esku hartu behar duen kasuetarako.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Raul Fernandez de Arroyabek eta Fernando Llarenak, Iberdrola Banaketako iparralderako eskualde zuzendariak, akordioa sinatu dute gaur goizean SOS Deiak Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren egoitzan.

Akordioaren xedea jarduteko protokolo bat ezartzea da, instalazio elektrikoei lotutako gertaeretan erantzuteko denbora-tartea eta baliabideak esleitzea hobetzeko, dela babes zibileko taldeek segurtasunez jardun ahal izateko arrisku elektrikoa desagerraraztea bermatzeko, dela hornidura eteteak hirugarrenengan eragin ditzakeen balizko kalteak arintzeko.

Hala, hornidura elektrikoa lehenbailehen aurkitu eta berrezartzea lortuko da, zerbitzua eteteak eragin ditzakeen arriskuak gutxituko dira, eta gertaeren aurrean erantzun azkarra emango da; izan ere, informazioa bi noranzkoetan bideratuko da, arazoa lehenbailehen konpontzeko.

Hitzarmenean ezarri dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren (Sos Deiak) eta Iberdrolaren iparraldeko Banaketako Operazio Zentroaren arteko koordinazio- eta komunikazio-mekanismoak; horien baitan, urtean 365 egunez eta 24 orduz erabilgarri izango diren komunikazio kanal lehenetsiak daude.

Horrez gain, akordioan xedatu denez, Sos Deiak Larrialdien Koordinaziorako Zentroak eta Iberdrolak hainbat gairi buruzko informazioa partekatuko dute, besteak beste, kartografiari, sareei, baliabideen katalogoari edota meteorologia iragarpenei buruzko informazioa, bi erakundeen arteko harremana eta laguntza hobetze aldera.

Iberdrolak 2.600 megawatteko (MW) potentzia instalatua du EAEn, eta 1,2 milioi bezero ditu autonomia erkidegoan. Energia banatzeko sarea 161 azpiestaziok osatzen dute, eta 11.100 transformazio zentro baino gehiago ditu; tentsio lineei dagokienez, tentsio altuko eta oso altuko 815 kilometro linea ditu, tentsio ertaineko 8.800 kilometro eta tentsio baxuko 15.000 kilometro inguru.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan