Elkarlan Sariak
Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
qrcode

Gaztenek datuen aurkezpena eta sari banaketa

2012-07-26

2008an nekazari gazteentzako planean aurkeztutako 86 proiektuetatik 26 proiektu gelditu dira finkatuta hiru urtetan tutoretzapean egon ondoren. Gaztenek-ek funtzionamenduan 7 urte egin ondoren, 647 lagun hasi dira nekazaritza jardueretan.

Gaztenek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek 2004an bultzatutako ekimena da, nekazari gazteak euskal nekazaritzaren alorrean sartu eta bertan jarraitzea ahalbidetuko duten hainbat neurri modu koordinatuan bultzatzeko helburuaz. Era berean, planarekin dagoeneko nekazaritza jardueran lanean diharduten gazteen jarraipena ere sustatu nahi da. Hori guztia, gainontzeko euskal gizartearen egoerarekin pareka daitezkeen jarduera garapenaren eta bizitza baldintzen planteamendutik abiatuz, sektorearen eta ingurunearen iraupena bermatzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk ziurtatu duenez, "programa mota hauek abian jartzean, erakundeok jarri dugun ilusiotik harantzago eta metodologiak hobetzeaz gain, egia da honek funtzionatzen badu marjina lehiakorra duen produkzio nitxoak daudelako izan dela eta, batez ere, Euskadin ordainsari bat ematen duen eta gure herrialderako estrategikoa den sektore batean etorkizuna duen enpresa jarduera bat bultzatzeko gai diren gazteak daudelako.

Batzordeak prestatutako txostenean 2008an hasitako proiektuen jarraipena egiten da, eta, bertan erakusten den moduan, hiru urtetan tutoretzapean egon ondoren ezartzen ari diren negozioen finkatze maila % 30ekoa da Euskadi osoan. 2008an hiru lurraldeetan aurkeztutako 86 proiektuetatik 26 ari dira bere kabuz funtzionatzen.

2011ko ekitaldiaren itxieran (kontabilizatutako azken ekitaldia), Gaztenek plana zazpi urtez funtzionamenduan egon ondoren, EHAEan 647 lagun hasi dira nekazaritza jardueretan 607 enpresa proiekturi lotuta.

Nekazaritza jardueretan hastea aurreikusten zirenak estrapolatu eta gaurko egunera ekarrita (plana 2014an bukatuko da), helburuaren % 65 bete dela esango genuke.

Datu horretatik harantzago, batez ere kontuan izanda sektoreak azken hiru urteetan bizi izan duen egoera kaskarra, gaur egun Gaztenek-en inskribatutako proiektuen % 70ek ezarpen fasea bukatuta dute eta sendotuta daudela jotzen da; proiektuen % 30 tutoretzapeko fasean daude eta epe laburrera sendotutako proiektu izatera pasatuko dira.

Nekazaritza jardueretan hasitakoak direla eta, proiektuetan 61 milioi euro baino gehiago inbertitu behar izan da (115.000 bat euro proiektuko, batez beste), barazki-frutazaintza eta esnetarako ardien azpisektoreak izanik inbertsio gehien izan dutenak.

Hori dena posible izan da hainbat gauzari esker, besteak beste, proiektuen monitorizazioarekin eta tutoretzarekin lotutako diseinuari esker, gazteei bere bulegora doazen unetik hiru urte igaro arte laguntzen baitie, eta kualifikazio tekniko handia eta errealitate sektoriala ondo ezagutzen duen profesional talde batek eskainitako aholkularitza pertsonal eta etengabeari esker, bai eta baldintzapeko laguntza bati esker ere –denbora tarte horretan bere proiektuaren errentagarritasun minimoa lortzea eskatzen du–, eta erakundeen arteko koordinazio egokiari esker ere.

Horretaz aparte, NPKren hurrengo erreformarekin gazteak sektorean sartzeko laguntzak indartu ahal izango dira, bai eta Gaztenek plana bera ere (laguntzak bi habeetan, PDRn azpiprograma espezifiko bati ekiteko aukera, 70.000 euro gehiagoko laguntza lehen ezarpenagatik, ustiategien transmisiorako pizgarriak, etab), baina aldi berean erakundeek eta eragile sektorialek zaindu egin beharko dute sektoreak gizartearen aurrean irudi positiboa izan dezan, eta gure azpisektoreen lehiakortasuna hobetzen lagundu beharko dute.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzatik laster nekazari gazteen Estatutua aurkeztuko dugu. Euskal nekazaritzan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko neurri batzuk, gazteak nekazaritzako ustiategi profesionalez arduratzera eta jabetzan hartzera bultzatzeko.

Gaztenek sariak

Sari hauen helburua da Euskadiko nekazaritzaren sektorean sartu diren gazteei esker ona erakustea; oraingo honetan 3 sari eman dira (lurraldeko bat) 2008an aurkeztu eta 2011n finkatu diren 3 proiekturi. Sariak emateko hainbat irizpide hartu dira kontuan, esaterako, proiektuen izaera berritzailea, enpresa arrakasta, nekazaritza alorreko zein bestelako enpresa batzuekin sinergiak sortzeko ahalmena, eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorrak diren ala ez.

Edizio honetan honako hauek eskuratu dute saria:

Araba:
Mercedes Sanchez Iturribarria, Aiarakoa (Esnetarako behiak).

Mercedes familiak duen esnetarako behien ustiategian sartu da bazkide gisa, aitaren erreleboa hartuta, hark erretiroa hartu duelako. Egindako inbertsioen ondorioz, abereen ongizatea, produkzioa eta ustiategiko bazkideen bizi kalitatea hobetu egin dira. Mercedes ekintzaile arduratsuaren figura da, ausarta izateaz aparte lehen sektorea modernizatzearen alde egin duena. Proiektua etorkizuneko apustu garrantzitsua da Arabako esnetarako behien sektorerako eta ustiategirako bererako.


Bizkaia:
Unai Gutierrez Galarza, Karrantzakoa, (Esnetarako behiak).

Unai Gutierrezek esnetarako behien ustiategi bat zuzentzen du amarekin batera, Karrantzako Haranean, Bizkaiko abeltzain zonalde nagusian. Ustiategiak 107 abelburu ditu guztira, ekoizpenerako behiak eta txahalak barne, eta urtean 570.000 litro esne biltzen ditu, hau da, 9.600 litro abere larriko, Europa mailan punta-puntako ustiategien parean.

Unai, ustiategiak zuzentzen hasten diren beste nekazari gazteen antzera, sektorea berpizteko oso prestatuta dagoen belaunaldi batekoa da. Ondo prestatuta dago, eta horri baserri batean jaio eta bizi izateak ematen dion jakinduria gehitzen badiogu, horrek guztiak nekazaritza eta abeltzaintza desagertzea ekiditeko beharrezkoak diren gaitasun berri batzuk ematen dizkio errelebo horri.  Bera ustiategira heldu eta inbertsioak egin dira; planteamendu berriak ere planteatu dira, aurretik informazio faltagatik ez zeudenak eta ezinbestekoak direnak ustiategia garai berrietara egokitzeko.

Gipuzkoa:
Haritz Sudupe (Esnetarako eta gaztatarako ardiak).

Haritz Sudupe Urrutia Soraluzeko gaztea da, 32 urte ditu eta Bergarako Untzeta Erdikoa baserrian artzaintza proiektu bat garatu du.Kaletarra izanik, mekanizazio ikasketak burutu zituen eta, 23 urte zituenean, Artzain Eskolan sartzea erabaki zuen bere ametsa betetzeko, alegia, artzain bihurtzea. 160 buru ditu, eta horien esnearekin gazta egiten du Azpeitiko Artzai-gazta kooperatiban, Izarraitz izenarekin saltzen duena. 2013. urterako gaztandegi propioa eraikitzea aurreikusten du.

Bestalde, Markel Ariolabengoari proiekturik hoberenaren saria eman zaio nekazaritza eskoletako ekintzaileen lehiaketaren V. edizioan.

Baliabide Natural eta Paisajistikoen Kudeaketa eta Antolaketako Goi Zikloa egin du Derioko Nekazaritza Eskolan, eta IMK-k antolatutako Ekintzaileen Lehiaketan hartu zuen parte, Eusko Label Euskal Baserriko Oilaskoa hazteko proiektu batekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Irene Pardo, Borja Monje, Jon Uriguen