Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Donostialdeko metroko Kontxa-Morlans zatiko obrak enkantean eskaintzeari (2012-07-24(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 24

Erabakia, Donostialdeko hiri-trenbidea (Tartea: La Concha-Morlans) eraikitzeko obrak egiteko 5.000.000 euro baino gehiagoko kontratua egiteko baimena emateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio 55,5 milioi euroko aurrekontuarekin Donostialdeko metroko Kontxa-Morlans zatia eraikitzeko obrak enkantean eskaintzeari.

Hau da gobernu honek enkantean eskaintzen duen bigarren zatia Donostia erdialdetik pasatzen dena, lehengo hilean Lugaritz-Kontxa zatia eskaini baitzuen.

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Donostialdeko metroaren proiektuan beste aurrerapauso bat da hau, izan ere proiektuaren %43,13 gauzatze bidean baita, obrak bukatuta edo bukatzear daudelarik. Gauzatze-maila horren adierazgarri dira Eusko Jaurlaritzak proiektuan dagoeneko inbertitu dituen 313,6 milioi euroak ordain eta konpromiso kredituen bidez.

Kontxa-Morlans zatiak 1,9 km-ko luzera du eta Kontxako pasealekuko La Perlaren instalazioen ondotik Morlans ingururaino doa.

Zati hau bide bikoitzekoa izango da eta, azkeneko puska kenduta, gainontzeko guztia meatze gisakoa izango da. Azkeneko puska horretan argitara aterako da, Euskotrenek lurrazpiko zatia baino lehen Morlansen duen bidearekin bat egiteko.

Zati honetan leize-gisako bi geltoki egingo dira:

 Erdialdea-Kontxako geltokia, Kontxako pasealekua eta Artzain Onaren plaza inguruan kokatuko dena. Geltoki honek metroa Donostiako hiri-zabalgunearekin lotuko du. Sarbide-ahoak Xabier Zubiri plazan eta Loiola kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Easo kalean jarriko da.

 Easoko geltokia: gaur egun Amarako geltokia dagoen inguruetan egongo da. Sarbide-ahoak Easo plazan eta Autonomia kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Osasun Iturriaren kalean egongo da eta hiru geraleku izango ditu: Osasun Iturriaren kalean, Autonomia kalean eta geltokian.

Obrak egiten diren bitartean, tunelera sartzeko bi arranpa jarriko dira: bat Kontxa inguruan eta bestea Morlanseko ibarbidean. Lanak gauzatzeko epea 40 hilabetekoa da.

Donostialdeko metroaren garapena

Udazkenean obra hauek hasten direnean, Donostialdeko metroaren proiektuaren % 43 baino gehiago gauzatzen ariko da. Zati batzuk dagoeneko irekita daude eta, beste batzuk, bukatzear.

Donostialdeko metroa aurrekaririk gabeko trenbide-eragiketa da. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak sustatzen du eta lau geltoki berri izango ditu Donostiaren erdialdean: Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Kontxa eta Easo. Horiez gaien, beste hauek izango ditu: Intxaurrondo, Añorga, Herrera, Altza eta Loiolako Erriberak. Bestalde, azpiegitura berriak izango ditu Lasarte-Orian, Errenterian, Hondarribian, Aireportuan eta Irunen.

Azken hamabost hilabeteetan Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga eta Fanderia-Oiartzun zati bikoiztuak zerbitzuan sartu dira. Hiru zati horien artean, trenbide bikoitzeko 5,4 kilometro osatzen dute; bidaiak egiteko zein itxoiteko denborak murrizteko aukera ematen duten zati seguruagoak dira. Gainera, trena erabiltzen dutenek hiru geltoki berri dituzte: Añorga, Fanderia (orain arte bertan ez zegoen geltokirik) eta Oiartzun.

Bestalde, urrian Loiola-Herrera zatia inauguratuko da (2,7 km). Bi geltoki berri izango ditu (Intxaurrondo eta Herrera).

Gauzatze-bidean den beste puntu estrategiko bat Arasoko tailerrek eta kotxetegiek osatzen dute, behar-beharrezko instalazioak baitira daukaten edukierarengatik eta Donostialdeko metroarentzat duten erabilgarritasunarengatik.

Ekainean, Altza trenbidez hirigunearekin eta beste eskualde batzuekin lotuko duen linearen eraikuntza-lanak hasi ziren eta Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eraikitzeko proiektua idazteko enkantea egin da dagoeneko. Proiektu horrek jarraipena emango dio Herrera-Altza zatiari.

Euskotreneko tren berriak 7 minutu eta erdiko maiztasunarekin ibiliko dira. Hain zuzen ere, irekita dauden zati berrietan (Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Errekalde-Añorga) bidaiariak bidaia-denbora txikiagoak dauzkate dagoeneko.

Azpiegitura berriak hiru helburu handi ditu:

 Eskualdetik eta hiriko gainerako tokietatik Donostiako hirigunean dauden zerbitzu- eta enplegu-gune nagusietarako sarbidea erraztea.

 Une honetan zerbitzu hori ez duten auzoetarako eta herrietarako tren bidezko sarbideak hobetzea (Intxaurrondo, Altza, Hondarribia, etab.).

 Intermodaltasuna sustatzea, garraio publiko-mota desberdinen arteko bidaiari-trukaketako sistemak hobetuz, garraio-mota guztiek era osagarrian eta koordinatuan jardun dezaten.

Egindako mugikortasun-ikerketek aurreikusten dutenaren arabera, etorkizunean Donostialdeko metroa urtean 33 milioi pertsona inguruk erabiliko dute. Hortaz, laukoiztu egingo da gaur egun "satorrak" mugitzen duen bidaiari-kopurua (urtean 7 milioi bidaiari ditu orain). Hau da, egunean 23.000 bidaiari izatetik 116.000 izatera pasatuko da.

Azpiegitura osatzen duten jarduketa guztietatik, Donostiako lurpeko saihesbidea da errentagarritasun ekonomiko, sozial eta finantzario handiena ekarriko duena, -horretarako egindako azterlan baten argitan-; tarte horretan barne-errendimenduaren tasa positiboa izango litzateke.

Donostialdeko metroak zuzeneko zerbitzua emango die Gipuzkoako herritarren % 65i.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)