Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen lurzorua erosteko hirugarren fasea onartu du Jaurlaritzak (2012-07-24(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 24

Erabakia, azalera-eskubidean eraikita dauden babes ofizialeko hainbat etxebizitza hartzen duen lurzorua kostu bidez besterantzea baimentzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu egin du erosketa erregimenean esleituta dauden azalera-eskubideko babes ofizialeko etxebizitzen titularrek lurzorua erosteko hirugarren fasea.

Prozedura hori 19.735 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskinei dago irekia. Lurzorua erosi ahal izateko gehieneko diru-sarrera haztatuak ez dira izango 50.000 eurotik gorakoak.

Eskabideak aurkezteko epea 2012ko irailaren 3an hasi eta azaroaren 30ean amaituko da.

Gaur onetsi den erabaki horren bitartez, azalera-eskubideko etxebizitzen jabeek etxebizitzen jabetza osoa eskuratu ahal izango dute; hori dela-eta, ez dituzte etxebizitzak galduko 75 urteren buruan, eta horrekin batera, etxebizitzaren balioa ez da urteak igaro ahala murriztuko.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatuko da, eta gero zenbateko horri %10 gehituko zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleituko da, eta kuotari BEZa gehituko zaio. Lurzoruaren batez besteko prezioa 16.000 eta 7.600 euro artekoa izango da etxebizitzen titularrentzat. Atxiki gabeko garajeen titularrentzat 1.500 eta 1.400 artekoa izango da, eta merkataritzako lokalen titularrentzat 13.000 eta 11.300 artekoa.

Honen aurretik deialdi bi egin dira azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua erosteko: lehenengoa 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko eta behin-behineko kalifikaziodun etxebizitza eta lokalentzat, eta bigarrena 2003a baino geroagoko behin betiko kalifikaziodunentzat.

Aurreko bi fase horietan eraginpean hartutako higiezinen portzentajeak azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen %90a erraz gainditzen badu ere, badaude oraindik zenbait sustapen aukera hori eskaini ez zaiena. Honako hauek dira, hain zuzen: 2003ko urtarrilaren 1a eta gero behin-behinean kalifikatutako aldi baterako babes ofizialeko etxebizitza sustapenak, azalera-eskubidean eraikitako merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen sustapen bat -hirigintzako jarduketa eremu berean eraikitako etxebizitzei emandako babes ofizialeko kalifikazioa zabaltzeak babestutakoak-, eta 2011ko ekainaren 1etik aurrera kalifikatutako sustapenak.

Badira, bestalde, zenbait etxebizitza jabetza osoko erregimenean baina aldi baterako - 75 urtez- eskualdatuak izan zirenak. Euskal Autonomia Erkidegoak du etxebizitza horien jabariaren gaineko itzultze-eskubidea eta epea amaitutakoan, automatikoki itzuliko dira bere ondarera, etxebizitzetan egin ahal izan diren hobekuntzengatik ezer ordaindu gabe. Itzultze-eskubidea eta azalera-eskubidea eskubide erreal oso desberdinak dira. Azkenean baina, titularrek bietan galtzen dituzte etxebizitzak. Beraz, logikoa da aldi baterako jabeek azalera-eskubideko jabeek duten tratu bera edukitzea, eta horregatik ematen zaie jabetza mugagaberako aukera itzultze-eskubidearen balio ekonomikoa ordainduta.

Hirugarren fase hau aipatutako sustapenei begira ireki da eta legealdi honetan mota honetako azken eragiketa izango denez, irekita egongo da, halaber, arrazoi ezberdinengatik aurreko faseetan erosi ez zuten jabeei ere, baita denbora igarota kalifikaziotik kanpo geratu diren sustapenei ere. Guztira, 19.735 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskin izango dira (1.031 elementu berriak dira eta 18.704 aurreko 1. eta 2. faseetan erosi ez zirenak).

Bi fase horietan, lurzoruaren jabetza erosi ahal izateko betekizuna zen etxebizitzen jabeen diru-sarrerak ez izatea 25.000 edo 39.000 eurotik gorakoak, etxebizitza soziala edo erregimen orokorrekoa izan. Oraingo honetan, lurzorua erosteko, babes ofizialeko etxebizitzen titularren diru-sarrera haztatuak ezingo dira 50.000 eurotik gorakoak izan. Eta, aldi baterako kalifikaziodun etxebizitzak edota kalifikazio epealdia igarota babes ofiziala galdu duten etxebizitzak badira, titularrek behin betiko kalifikazioa eskatu beharko dute aldi berean.

Aurreko faseetan egin zen bezala, ordaintzeko erraztasunak emango zaizkie lurzorua erosi nahi dutenei. Epe luzeko finantzazioa, interes-tasa txikia, eta eragiketaren eta izapidetzeko gastuen %100 eskatzeko aukera izango dute.

Kontuan hartu behar da, prezioen gaineko agindua 2010eko irailean onartu zenetik aurrera, etxebizitzen azalera-eskubidearen balioa murrizten joango dela denbora pasa ahala, eta etxebizitzak 75 urte betetzetik gertuago dauden heinean.

Gobernuak alokairua bultzatzeko erabiliko ditu horrela lortutako diru-sarrerak.

Prozesu horri ekiteko aukera Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu ziren ekintzetako bat izan zen, eta Itun hori 79 erakunde sozialek eta ekonomikok sinatu dute dagoeneko.

Elementuen banantzea

Honela bananduko dira elementuak, motaren (etxebizitzak eta atxikitako eranskinak, merkataritzako lokalak eta atxiki gabeko eranskinak) eta kokapenaren arabera:

Elementu mota Kokapena
Etxebizitzak eta atxikitako eranskinak 15.227 Araba 3.587
Atxiki gabeko garajeak 3.089 Bizkaia 9.218
Atxiki gabeko trastelekuak 235 Gipuzkoa 6.930
Merkataritzako lokalak 1.184
Guztira 19.735 Guztira 19.735

Etxebizitzei eta haiei atxikitako eranskinei dagokionez, hona tipologien arabera banatuta:

Etxebizitzen tipologia Guztira %
Etxebizitza sozialak 2.884 18,9%
Erregimen orokorreko BOE 12.343 81,1%
15.227 100%

Aurreko bi faseak

Orain arte gauzatutako bi faseetan 2.949 elementuren titularrek erosi dute lurzorua eta Jaurlaritzak 32 milioi euro baino zertxobait gehiago (BEZ barne) ingresatu du.

Prozedura

Lurzorua erosteko interesa dutenek Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabidea, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea horretarako egokitu diren erregistro publiko guztietan erregistratu ahal izango dute.

Babes ofizialeko etxebizitzen jabeek lurzorua erosteko finantzazio kualifikatua lortu nahi badute, eskabide-orrian horretarako dagoen atalean adierazi beharko dute.

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak honako hauek jakinaraziko dizkio eskatzaileari: eragiketaren azken prezioa, dagokion BEZa barne, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere. Ordaintzeko epea hilabetekoa da, gehienez ere.

Interesdunak finantza-neurriak eskatu baditu, azken prezioarekin batera jakinaraziko diote neurri horiek emateko edo ukatzeko ebazpena.

Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde ordezkariak erosteko eskabidearen ebazpen baieslea emango du. Ebazpenean, eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deituko zaie.

Erosleen kontura izango dira eskualdatzeak eragindako eskritura-, erregistro-, eta zerga-gastu guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)