Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek prestakuntza ikastaroak emango dizkie beste 19.361 enplegu eskatzaileri (2012-07-24(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 24

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruan eskaintza-prestakuntzarekin zerikusia duten gaietarako diru-laguntzak finantzatzeko. Diru-laguntza horiek batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko da.

Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.418 prestakuntza ekintza emango ditu urteko bigarren seihileko honetan

Lan merkatuan eskaerarik handiena duten lanbideetara bideratuko dira plaza guztiak. Era berean, profesionaltasun ziurtagirien eskaintza zabalduko da

Izen ematea lanbide.net webgune ofizialaren bitartez egin daiteke, baita Lanbideren bulego sarean ere

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak beste prestakuntza deialdi bat onartu du. Deialdiak 19.361 plaza hartuko ditu barnean urteko bigarren seihileko honetan zehar. Guztira, prestakuntzarako aukera berri honetan, 1.418 ikastaro emango dira, eta horietako askok lan merkatuan eskaerarik handiena duten lanbideekin izango dute lotura. Halaber, profesionaltasun ziurtagirien eskaera gehitu egingo da eta 200ra iritsiko da.

"Gure ereduan, Euskadi ereduan alegia, ez dago enplegu prestakuntzarako inbertsioan doikuntzak egiteko tokirik. Horregatik, aurrekontua % 14 gehitu dugu aurten, gobernu zentralak % 53 murriztu duenean" eman du aditzera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Aurreko deialdietan bezala, Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozioekonomikoengana jo du, egungo egoera ekonomikoan irteerarik handiena duten ogibideak zein diren hobeto jakiteko. "Ez dugu prestakuntzan gastatu nahi, baizik eta prestakuntzan inbertitu nahi dugu. Hori bereiztea oso garrantzizkoa da. Langabea lan merkatuan aktibatzea ahalbidetuko duen prestakuntza ibilbidea egin nahi dugu langabearentzat", azaldu du Zabaletak.

Ikastaro kanpaina berri hau Enplegurako Lanbide Heziketa emateko homologatuta dauden prestakuntza zentroetan emango da. Eskaintzak espezialitate ugari hartzen ditu barnean, hala nola eguzki instalazioak mantentzea, turismoa sustatzea, sistema mikroinformatikoak muntatzea, Alzheimer gaixoentzako arreta espezializatua eta pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta ematea, besteak beste.

Deialdi honek, gainera, kontratazio konpromisoa lotuta duen prestakuntzarako partida bat ere hartzen du barnean. Formula berritzaile horretarako, berrehun enpresak baino gehiagok proiektuarekin bat egitea lortu du Lanbidek, eta, beraz, enpresa horiek enplegua eskainiko diete, prestakuntzaldia amaitutakoan, bertan parte hartu dutenei. Oraingoan, 430 plaza baino gehiago izango dira.

Profesionaltasun ziutagiriak

Iaztik gertatzen denez, Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzentzen duen sustapen berri honek profesionaltasun ziurtagiri berriak lortzeko aukera ematen du. Espainia osoan ofiziala den eta indarrean dagoen dokumentu horrek langintza jakin bat baliozkotzen du.

Hain zuzen ere, 200 prestakuntza ekintzak baino gehiagok profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko aukera bilduko dute. Besteak beste, aditzera eman behar dira Giza baliabideen kudeaketa integratua, Saiakuntza mikrobiologikoak, Mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta ematea, Fabrikazio mekanikoko produktuak diseinatzea eta tokiko turismoa sustatzea eta bisitaria informatzea modalitateak.

Profesionaltasun ziurtagiria modulu programa bat burututa lortzen da. "Sistema honi esker, ikasleak aurrera egiten du egiaztatze ofiziala lortzeko bidean. Prestakuntza koherente eta osoaren aldeko apustua egin dugu, parte hartzaileak aktibatzeko balio duen eta enpresen premiei erantzuten dien prestakuntzaren alde egin ere" esan du Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidenteak.

"Formula horrek abantaila gehigarri bat du; pertsonak profesionaltasuna egiaztatuta duen eremuan lan esperientzia badu eta hori frogatzen badu, ez da beharrezkoa izango prestakuntza prozesu honetako zenbait zati egitea", esan du Zabaletak, amaitzeko. Adibidez, erakunde batean mendeko pertsonei arreta ematen lan esperientzia metatua duen titulurik gabeko pertsona batek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan