Berriak Herrizaingoa
Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

El Departamento de Interior alertará de la llegada de Carabelas portuguesas a la costa vasca a través de SOS Deiak

2012.eko uztailak 24

Jarraipenerako eta abisuak emateko prebentzio-sistema berritzaile bat jarri du abian

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak prebentzio-sistema berria abiarazi du karabela portugaldarra deritzon marmokaren jarraipena egiteko eta abisuak emateko. Sistema horren bitartez, SOS Deiak - Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak hidrozoo arriskutsu horien balizko etorrerari buruzko informazioa emango die Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiei eta kostaldeko udalei; izan ere, euren garroetako kapsuletan daukaten substantzia erresumingarriarekin marmoka horiek min handia egin diezaiekete pertsonei.

Eusko Jaurlaritzak proposaturiko sisteman arrantzaleen kofradiek ere parte hartuko dute, baita nautikan aritzen diren kirolzaleek eta gainerakoek ere. Horiek guztiak, inguruan karabela portugaldarren bat ikusiz gero, euren ontzietatik SOS Deiak zentroarekin harremanetan jarriko dira, zuzenean edo Itsasoko Salbamenduko irrati-maiztasunaren bitartez.

Datuok Azti Tecnalia Ozeanografia Fundazioari bidaliko zaizkio eta berak, Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren laguntzaz, marmoken benetako ibilbidea zehaztuko du, kokapen-mapa batean islatuko diren hainbat eredu eta kalkulu erabilita. Mapa hori 24 orduan behin eguneratuko da.

Azti Tecnaliak bere ereduaren bidez adierazten badu karabela portugaldarrak gure kostalderantz datozela, SOS Deiak zentroak horren berri emango die Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei eta ukitutako udalei, egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak har ditzaten.

Begiztatzeen protokoloaren barruan, karabela portugaldarren ibilbidea iragartzeko tresnak erabiliko dira, gure kostaldeetako itsas korronteei buruzko ezagutzan eta haizeen pronostikoan oinarrituta. Aurretik hidrokarburoen jarraipena egiteko erabili izan diren ereduen antzekoak dira oraingo hauek; moldatu eta kalibratu egin dira Physalia marmoken (karabelen) nondik norakoa zaintzeko. Organismo horiek flotagailu bat daukate (pneumatoforoa), eta flotatzeko ez ezik, haize-oihal moduan ere erabiltzen dute. Horrela distantzia handiak egin ditzakete nahiko denbora laburrean.

Ekimen hau gauzatzeko, Herrizaingo Sailak 200 informazio-kartel egin ditu, plastifikatuak, eta banatu ditu dagoeneko hondartzetan eta kirol portuetan, karabela portugaldarrari buruzko informazio zehatza emateko; gainera 5.000 fitxa egin ditu arrantzaleentzat eta, oro har, itsasoan ibiltzen direnentzat. Hidrozoo arriskutsu horren datuez gainera, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ere badaude fitxetan.

Raúl Fernández de Arroiabe Herrizaingoko sailburuordearen hitzetan, "Europan ez da orain arte honelako ekimenik izan. Sistema berritzailea da benetan; automatikoki iragartzen du organismo horien ibilbidea, begiztatzen diren unetik hasita nagusi izango diren haizeen eta korronteen arabera".

Fernández de Arroiaberen iritziz, "ekimen hau abian jarrita, hobetu egingo ditugu prebentzio lanak eta marmoken bilketa, uda sasoian gure hondartzetara joaten diren bainulariei inolako kalterik egin baino lehen".

Karabela portugaldarren jarraipenerako eta abisuak emateko prebentzio-sistema berrian, Azti Tecnalia, Euskalmet eta Itsasoko Salbamenduaz gainera, elkarlanean arituko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak, EKP (Euskadiko Kirol Portuak), Osasun Publikoa, DYA, boluntarioen elkarteak eta Gurutze Gorria.

Euskadik gaur egun hamaika arrantzale-kofradia ditu, 130 bat arrantza-ontzi eta 4.000tik gora kirol ontzi.

Marmoka Project (Marmoka Proiektua)

Ekimen horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Azti Tecnaliarekin lankidetzan jardungo du Marmoka Project (Marmoka Proiektua) izeneko azterlan zientifikoan. Kantauri itsasoan marmoken presentzia eta nondik norakoak ikertu nahi dira lan horretan, arrantzale, kirolzale eta itsasoan ibiltzen diren gainerakoek emango duten informazioa erabilita.

Horretarako banatu zaizkien fitxetan, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ikusi ahalko dituzte.

Azti Tecnalia Ozeanografia Fundazioko merkatu zuzendari Adolfo Uriartek azaldu duenez, "programa honek badu kostaldean mota guztietako marmokak begiztatu eta erregistratzeko sistema, eta horrela ikertu ahalko dugu zer eginkizun betetzen duten organismo horiek ekosistema pelagikoan, eta hasiko gara datu fidagarriak eskuratzen haien presentziari buruz eta haien agerpena eta, batzuetan, ugaritasuna ahalbidetzen dituzten zenbait baldintza ozeano-klimatikoek duten eraginari buruz". 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko