Berriak Herrizaingoa
Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

La Academia de Arkaute apuesta por la innovación en armamento y balística policial

2012.eko uztailak 24

Ertzaintzako armak, instalazioak eta armak erabiltzeko protokoloak berritzeko prozesuaren baitan polizia munizioari buruzko jardunaldi tekniko bat antolatu dute

Ertzaintza duela urte batzuk hasi zen agenteek erabiltzen dituzten arma sistemak eta horien erabilera prozedurak erabat berrikusten. Lan horren ildo nagusiak dira, besteak beste, punta-puntako berrikuntza teknologikoak txertatzea, su armak erabiltzeko protokoloak egokitzea, eta instalazioak eguneratzea, unitateen prestakuntza (oinarrizkoa zein espezializatua) hobetzeko. Horrez gain, armen materialei buruzko ikerketa ere aipatu behar da, polizia erabileretarako egokienak zein diren zehaztu ahal izateko egiten dena. Azken arlo horren barruan, jardunaldi zehatz bat antolatu dute aste honetarako, Arkauten, munizio mota berriak, seguruagoak eta polizia kidegoen premiei hobeto egokitzen direnak probatzeko.

Ipar Amerikako ATK enpresa eta Beretta, Europan duen filiala, polizia arloetarako munizioa diseinatzen eta ekoizten munduko enpresa aurreratuenetako bi dira. Biak dira enpresa espezializatuak arlo honetan, eta biak dira Estatu Batuetakoak; egun hauetan, berriz, Arkauten daude, Ertzaintzako teknikariekin batera lan jardunaldi bat prestatzen ari dira hainbat munizio moten ezaugarriak probatzeko. Xedea da munizio tradizionalaren jokabidea eta ondorioak aztertzea; izan ere, munizio mota hori arlo militarreko erakundeetan erabiltzeko sortu zen, eta horregatik, polizia erabileretarako espresuki diseinatutako munizio baliokidearekin alderatu nahi da; azken munizio mota horrek, besteak beste, ezaugarri nagusi gisa ditu disuasio ahalmen handiagoa izatea, edota kalte arinagoak sorraraztea.

Jardunaldia ostegunean izango da Arkauten, eta Europan egin den horrelako esperientzien artean bakarra da; Ertzaintzarentzat, gainera, prestakuntza balio handia du, bertan erabakiko diren materialak erabiliko direlako datozen promozioen eta, batez ere, unitate espezializatuen prestakuntza prozesuetan. Ipar Amerikako eta Europako espezialisten aurkezpenean alderdi praktikoak eta teorikoak landuko dituzte; ez dituzte soilik materialen ezaugarri teknikoak jorratuko; aitzitik, FBI bezalako erakundeen armen erabilerak eta protokoloak ere hizpide izango dituzte.

Praktikari dagokionez, arma mota desberdinek erabiltzen dituzten munizioen ondorioak erkatzeko proba zehatzak egingo dituzte, Arkauten bertan. Saio bakoitza xehetasunez erregistratu eta grabatu egingo da, ondoren, kamera geldoarekin berriz aztertu eta konparatzeko.

Jardunaldiak balio didaktiko handia du armak erabiltzen espezializatutako langileentzat, eta horregatik, Ertzaintzako teknikari eta espezialistez gain, ikastegiak autonomia erkidegoko eta estatuko gainerako polizia erakundeetako profesionalak ere gonbidatu ditu, jardunaldian parte har dezaten (Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Mossos d'Esquadra eta Nafarroako Foruzaingoa), baita estatuko hiri nagusietako eta EAEko hiriburuetako udaltzaingoak ere. Azkenik, armadako arma espezialistei ere gonbidapena igorri zaie.

Armak erabiltzean berrikuntza eta segurtasuna

Azken urteetan baliabide materialak eta su armen erabilera protokoloak berritzeko eta eguneratzeko Ertzaintzak garatutako egitasmoen multzoko beste proiektu bat da polizia munizioari buruzko saio hau. Hala, gaur egun istiluen aurkako eskopeta tradizionalak aldatu eta horien ordez arma modelo berri bat ezartzen ari dira, askoz ere aurreratuagoa eta seguruagoa; prozesu horren ondorioz, herritarren segurtasunerako agente guztien prestakuntza eguneratzen ari da. Horrez gain, arma luzeen (eskopetak) ordez, subfusilak erabiltzen hasiko dira, eraginkorragoak eta moldaerrazagoak baitira, instalazioak berritu dituzte, tiro galerietan hobekuntza teknikoak egin dituzte eta Oiartzungo galeria martxan jarri dute. Arma erabileretarako jarraibide berriak onartu dituzte, tartean joan den maiatzean onetsitako Segurtasun sailburuordearen agindua, Ertzaintzan istiluen aurkako material guztien erabilera arautzeko barne araua berritu zuena, herritarren segurtasuna lehenesteko.

Komunikabideak

Polizia munizioari buruzko jardunaldi teknikoa datorren ostegunean izango da, hilak 26, Arkauten, 09:00etatik 15:00etara. Komunikabideren batek bertan egon nahi badu, edo parte hartzaileak elkarrizketatu nahi baditu, Ertzaintzako prentsa zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko du (tfno.: 94-607.92.82-3, emaila: prensa@ertzaintza.net).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko