Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek prestakuntza ikastaroak emango dizkie beste 19.361 enplegu eskatzaileri

2012.eko uztailak 24

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak beste prestakuntza‑deialdi bat onartu du. Deialdiak 19.361 plaza hartuko ditu barnean urteko bigarren seihileko honetan zehar. Guztira, prestakuntzarako aukera berri honetan, 1.418 ikastaro emango dira, eta horietako askok lan‑merkatuan eskaerarik handiena duten lanbideekin izango dute lotura. Halaber, profesionaltasun‑ziurtagirien eskaera gehitu egingo da eta 263ra iritsiko da.

"Gure ereduan, ‘Euskadi ereduan' alegia, ez dago enplegu‑prestakuntzarako inbertsioan doikuntzak egiteko tokirik. Horregatik, aurrekontua % 14 gehitu dugu aurten, gobernu zentralak % 53 murriztu duenean" eman du aditzera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Aurreko deialdietan bezala, Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozioekonomikoengana jo du, egungo egoera ekonomikoan irteerarik handiena duten ogibideak zein diren hobeto jakiteko. "Ez dugu prestakuntzan gastatu nahi, baizik eta prestakuntzan inbertitu nahi dugu. Hori bereiztea oso garrantzizkoa da. Langabea lan‑merkatuan aktibatzea ahalbidetuko duen prestakuntza‑ibilbidea egin nahi dugu langabearentzat", azaldu du Zabaletak.

Ikastaro‑kanpaina berri hau Enplegurako Lanbide Heziketa emateko homologatuta dauden prestakuntza‑zentroetan emango da. Eskaintzak espezialitate ugari hartzen ditu barnean, hala nola eguzki‑instalazioak mantentzea, turismoa sustatzea, sistema mikroinformatikoak muntatzea, Alzheimer gaixoentzako arreta espezializatua eta pertsonei etxean gizarte‑ eta osasun‑arreta ematea, besteak beste.

Deialdi honek, gainera, kontratazio‑konpromisoa lotuta duen prestakuntzarako partida bat ere hartzen du barnean. Formula berritzaile horretarako, berrehun enpresak baino gehiagok proiektuarekin bat egitea lortu du Lanbidek, eta, beraz, enpresa horiek enplegua eskainiko diete, prestakuntzaldia amaitutakoan, bertan parte hartu dutenei. Oraingoan, 430 plaza baino gehiago izango dira.

Heren bat, profesionaltasun ziutagiriak

Iaztik gertatzen denez, Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzentzen duen sustapen berri honek profesionaltasun‑ziurtagiri berriak lortzeko aukera ematen du. Espainia osoan ofiziala den eta indarrean dagoen dokumentu horrek langintza jakin bat baliozkotzen du.

Hain zuzen ere, 200 prestakuntza‑ekintzak baino gehiagok profesionaltasun‑ziurtagiri bat lortzeko aukera bilduko dute. Besteak beste, aditzera eman behar dira Giza baliabideen kudeaketa integratua, Saiakuntza mikrobiologikoak, Mendeko pertsonei gizarte‑ eta osasun‑arreta ematea, Fabrikazio mekanikoko produktuak diseinatzea eta tokiko turismoa sustatzea eta bisitaria informatzea modalitateak.

Profesionaltasun‑ziurtagiria modulu‑programa bat burututa lortzen da. "Sistema honi esker, ikasleak aurrera egiten du egiaztatze ofiziala lortzeko bidean. Prestakuntza koherente eta osoaren aldeko apustua egin dugu, parte‑hartzaileak aktibatzeko balio duen eta enpresen premiei erantzuten dien prestakuntzaren alde egin ere" esan du Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidenteak.

"Formula horrek abantaila gehigarri bat du; pertsonak profesionaltasuna egiaztatuta duen eremuan lan‑esperientzia badu eta hori frogatzen badu, ez da beharrezkoa izango prestakuntza‑prozesu honetako zenbait zati egitea", esan du Zabaletak, amaitzeko. Adibidez, erakunde batean mendeko pertsonei arreta ematen lan‑esperientzia metatua duen titulurik gabeko pertsona batek.

 

Iruzkin bat
  • 2012.eko uztailak 27

    Genial Noticia y más en los tiempos que estamos viviendo. Si queréis ampliar más información sobre certificados de profesionalidad: http://www.certificatuprofesionalidad.com/

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan