Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren iritziz, etsigarria da EAJ-ren proposamen ekonomikoa

2012.eko uztailak 20

“Lau urteko atzerapenaz iritsi da, eta euskal herritarrei egin dien ekarpena Senatua kentzea bakarrik izan da" Lehendakariak harridura agertu du EAJko buru eta hautagai Iñigo Urkullu jaunak egungo egoera ekonomiko zailari aurre egiteko egin duen proposamenaren edukia ezagututakoan.

EAJk krisialdi larri honen lau urteak behar izan ditu Euskadin krisi horri aurre egiteko proposamen bat aurkezteko ahalegina arte. Eta horrenbeste denboraren ondoren, alderdiko adituak bildu ondoren, Senatua kentzea izan da haien proposamenik nabarmenena, Estatuko Administrazioari eragiten dioten bestelako neurri batzuen artean. Gorestekoa da alderdi abertzale batek horrenbesteko interesa izatea Administrazio Zentralaren eraginkortasuna hobetzeko, baina espero izatekoa zen euskal herritarrei anbizio gehiagoko ekimenak proposatuko zizkiela.

Gogoan izan behar dugu Urkullu jauna legealdi honetan zehar guzti-guztiaren aurka izan dela: Gobernuari zilegitasuna ukatu zion, eta “erakunde-kolpea” bera ere aipatu zuen; bi hilabetetik behin gure kontu publikoak porrot egitear zeudela iragarri du, horrek Euskadiren irudiari egiten zion kalteagatik batere arduratu gabe. Euskal ekonomia bultzatzeko neurri guztien aurka ere agertu da.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako suspertze- eta “renove” planen aurka agertu da. Zerbitzu publikoak bermatzeko behar ziren erreformak modu bateratuan aztertzearen aurka egon da. Behin eta berriz egin dio uko legeak agintzen duen moduan iruzurraren aurkako borrokarako plan bateratuaz hitz egiteari. Sistematikoki uko egin dio gure fiskalitatea progresibo eta bidezkoagoa egiteko erreforma bati ekiteari. Herritarrei eragiten dien gaiak lantzeko orduan, EAJk ezetza eman dio etengabe Gobernuarekin indarrak batzeari. Gaur bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak, kasu honetan Arabako Foru Aldundiarekin batera, ezezkoa eman dio hiru euskal lurraldeetan mendekotasun-zerbitzuak mantentzeko estrategia Eusko Jaurlaritzarekin batera aztertzeko aukerari berari ere.

EAJk eta Urkullu jaunak ez dute inoiz ezertan lagundu nahi izan krisialditik ateratzen lagunduko duten neurriak bultzatzeko. Aldiz, azken hilabeteotan bereziki, aurkarientzako lagungarri izan zitekeen guztia suntsitzea izan da EAJren oposizioa, modu horretan euskal gizartearen interesei kalte egin izanagatik inola ere arduratu gabe. Behin eta berriz, EAJk eragotzi egin du, bere oposizioaren bidez, guztion artean herritarrentzako zerbitzu publikoak ahalik eta hobekien defenditzea, euskal enpresei laguntzeko erakunde guztien artean plan bateratuak martxan jartzea.

Autonomia erkidegoetan gobernu zentraleko delegazioak kentzea proposatu du orain, baina sutan jarri zen Gobernu sozialistak atzerriko Euskal Delegazioak murriztu eta berrantolatu zituenean. Euskadiko etorkizunarekin kezkatuta dagoela esan dute orain, baina duela urte batzuk uko egin zioten Gipuzkoan aurrerabiderako ituna egiteari, eta Gipuzkoa Bildu-ren eskutan utzi zuten hala. Horren ondorioz geldiarazi dira azpiegiturak eta enpresentzako laguntza-planak. EAJ eta Urkullu jauna, kritikatzeko eta “ez” esateko duten obsesio horrekin, ahaztu egin dira Eusko Jaurlaritza egin ari den guztiarekin. Izan ere, EAJko presidente eta Euskal Autonomia Erkidegorako hautagai denak aurkeztu dituen neurri ekonomikoak, zehatzak izan diren bakarrak, aspaldi ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak.

Hala nola leiho, etxeko tresna eta altzarietarako “renove” planak, zirkulazioko kapitala eskaintzeko enpresa txiki eta ertainetarako eta autonomoentzako abalen programak, eta bestelako ekintza ugari garatzen ari da Gobernua hasierako hilabeteetatik. Aurten, Eusko Jaurlaritzak neurri eta baliabide bereziak jarri ditu martxan langabeziaren aurka borrokatzeko, gazteen talentua suspertzeko eta gure enpresei likidezia emateko.

Eta Urkullu jaunak ez daki, baina euskal enpresariek bai; bostehun enpresak baino gehiagok izan dute zuzeneko harremana Industria Sailarekin azken bi hilabeteotan. Ia lau urte daramatzagu neurri horiek ezartzen. Berandu izan arren, EAJk gobernatutako erakundeek orain lagundu nahi badute, ongietorriak izango dira. Euskal ekonomia bultzatzeko laguntza-programa guztiak irekita daude Foru Aldundiek eta hiru hiriburuetako Udalek lagundu ahal izan dezaten. Baina bizi dugun egoera ekonomiko larriaren ondorioak ez dira proposamen populistekin leunduko.

Urkullu jaunak esaten digu gutxiago zorpetu behar dugula, eta gehiago gastatu. Baina ez omen du euskal fiskalitatea ukituko behar diren baliabideak lortzeko; eta, horrenbestez, zeharka bada ere, Rajoy jaunak proposatutako murrizketa berberak proposatzen ditu. Suposatzen dut EAJko hautagai eta presidenteak badakiela Eusko Jaurlaritzarentzat “gastu arrunta” gaixoentzako osasun-zerbitzuak direla, euskal ikasleentzako irakaskuntza, eta bestelako gizarte-politikak. Kontua aurreztea bada, eta gastuaren efizientzia lortzea, Urkullu jaunak argitu beharko digu zergatik egin dion uko eskumenen duplizitateak aztertzeari, eta gure erakunde-ereduaren eraginkortasun-gabeziak konpontzeari. Edo zergatik geldiarazi duen Udal Legea, hain zuzen ere arazo horixe konpontzeko asmoz sortutakoa.

Eta zergatik ez dion erantzuten Gobernuaren, Aldundien eta Udalen mende dauden enpresa publikoak jarduera-alor bakarrean bat egiteko proposamenari. Urkullu jaunak argitu behar du zergatik ez duen euskal fiskalitatea beharretara egokitu nahi, eta zergatik uzten duen ekonomia berpizteko baliabideak lortzeko aukera Gobernu zentralak adostutako BEZ igoeratik etor litezkeen balizko soberakinen mende. Ez du balio esateak Madrilen ezin dutela gure zergen gaineko erabakirik hartu; horretan bat gatoz. Guk geuk, euskaldunok, zein zerga behar ditugun erabaki dezagun nahi du Gobernuak, baina EAJ aurka dugu behin eta berriz.

Horregatik, Urkullu jaunak esan behar digu ea zain dagoen, bera Gobernuan dagoenean euskadun guztioi zergak igotzeko, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nolabait aditzera eman duen moduan. Joan den asteartean gainerako erakundeei proposamen bat egin nien, gure autogobernua defendatzeko, gure gizarte-eredua zehazten duten funtsezko zerbitzuak mantentzeko, ekoizpeneko ekonomia sendo bultzatzeko eta behar ditugun baliabideak emango dizkigun zerga-ituna aztertzeko.

Hori baldin bada nire eskaintzari oposizioko lehen alderdiak eman dion erantzuna, ezin da etsigarriagoa izan. Urkullu jaunak argi utzi du, berriz ere, gizarteak eskatzen digun konpromiso eta ahalegin bateratuaren gainetik jartzen dituela EAJk alderdiko interesak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)