Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Industria Berria Euskadiko BPGaren bi heren baino gehiago da

2012.eko uztailak 20

Euskal Industria Berriak (%69) EB-15eko herrialdeen batez bestekoa gainditzen du (%66) eta aise kokatu da Espainiako batez bestekoaren gainetik (%56).

Euskadin bi lagunetik batek baino gehiagok (%57,3) lan egiten du Industrian, 563.000 lagun baino gehiagok alegia.

Eusko Jaurlaritzak azterlan bat egiteko eskatu du Industria Berri horren benetako garrantzia ezagutzeko. Kontzeptu horretara biltzen dira manufakturen industria eta baita ere produkziora orientatutako zerbitzuak.

Euskadi biztanleriaren %4,6 eta BPGaren %6,1 baino ez da Espainiaren barruan, baina %9,3ko pisua dauka industriaren sektorean.

Euskadi Europar Batasuneko lehen eskualdeetakoa izan da Industria Berriaren egoerari buruzko azterlan esanguratsu bat egiteko erabakia hartu duena. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu, Kabinete, Plangintza eta Estrategia sailburuorde Pedro Gómez Damborenearekin eta Plangintza eta Estrategia zuzendari Inmaculada Freijerekin batera. Hala, azterlan horrek ondorioztatu du Industria Berria Euskadiko BPGaren bi heren baino gehiago dela (zehazki %68).

Azterlanak Europako Batzordeak 2003an egin zuen beste txosten bat hartu du oinarritzat. Txosten horrek adierazi zuen industri enpresek kanporatu egin zituztela lehenago beraiek egiten zituzten zerbitzu jarduera batzuk. Helburua zen zerbitzu horiek merkatu lehiakor batean eskuratzea edo malgutasun handiagoa lortzea.

Ondorioz, enpresarekin lotutako zerbitzuen sektorea asko hedatu zen eta besteak beste horrek azaltzen du enplegua industriatik zerbitzuetara aldatu izana. Produkziora orientatutako zerbitzu horiek (besteak beste, elektrizitatea, gasa eta ura, tradizionalki industriaren arlokoak baino ez zirenak) eta manufaktura industriak hiper-sektore bat osatu dute eta horri deitzen zaio gaur egun Industria Berria.

Euskal industriak %9,3tik gorako pisua du Espainiakoaren barruan, nahiz eta  biztanleriaren %4,6 eta BPGaren %6,1 baino ez den.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak azterlaneko datu garrantzitsuenak eta ondorioak nabarmendu ditu. Bernabe Undak esan du Euskadi oraindik ere goi-mailako postuetan dagoela industriaren arloan eta gainera posizio garrantzitsua daukala Europako beste eskualdeekin alderatuta, produkziorako zerbitzuak ere barne hartzen dituelako.

Industria: Europako lehenengo bosten artean

Azterlana egiteko aukeratu diren 22 eskualdeak nahiko antzekoak dira garapen ekonomikoari eta biztanleriari dagokienean (denak EB-15 taldeko herrialdeetakoak dira). Euskadi lehenengo bosten artean dago industria arloan, Goi-Austria buru duen zerrendan. Horrez gain, produkziorako zerbitzuak ere kontuan hartzen badira, Euskadi sailkapenaren erdi aldean egongo litzateke.

Txostenak dioenez, Industria Berriak euskal ekonomiaren barnean duen garrantzia (%69) EB-15eko batez bestekoa baino handiagoa da (%66) eta aise gainditzen du Espainian erregistratutako balorea (%56).

Bernabé Undak azpimarratu du Euskadirentzat oso garrantzitsua dela alor hori modu lehiakorrean garatzen jarraitzea, izan ere Industria Berrian lan egiten du Euskadiko biztanleriaren %57,3k, hots, 563.000 lagun baino gehiagok.

Amaitzeko, sailburuak nabarmendu du bere Sail osoak industriaren aldeko apustua egin duela legealdian zehar: "Zuzenean edo zeharka, industria da gure ekonomiaren motorra, Euskadiko ongizatea eta kalitatezko enplegua bermatzen dituena", esan du. "Gure politika hiru estrategiatan zentratu dugu: Eutsi, Lehiatu eta Lider izan. Uste dut eman ditugun datuek argi utzi dutela gure politika egokia dela".

Sailburuak azpimarratu du AEBak edo Erresuma Batuak adibidez "berrindustrializazio prozesu bati ekitea erabaki dutela, uste dutelako horixe dela ongizatea eta aberastasuna sortzeko bidea. Eta ez dute kasualitatez egin".

Sailburuak azaldu duenez, "denok ditugu gogoan iraganeko hainbat guru, mundu garatua zerbitzuetan soilik oinarritutako gizarte bihurtuko zela aldarrikatzen zutenak". "Errealitatea egoskorra da ordea eta frogatu du balio handiena ematen duten zerbitzuak industriak berak dakartzanak direla, eta industria dela gizarteari aberastasun gehien eta ongizate handiena ematen diona, produktu berritzaileak sortuz eta karga teknologiko handia barneratuz".

Sailburuak azaldu du euskal industria ere "jasaten ari dela nazioarteko krisia eta  bizirik irauteko premia duela". "Legealdi osoan zehar defendatu eta bultzatu dugu politika hori eta hemendik aurrera ere bide berari jarraituko diogu. Ez ahaztu 2.000 milioi euro baino gehiago mobilizatuko dituen ezohiko finantzaketa planak helburutzat duela gure enpresak, beren proiektuak eta enplegua bultzatzea finantza krisiak eragindako uholde honetan".

Gasteizen, 2012ko uztailaren 20an

 

2 iruzkin
  • @alexbondie
    2012.eko uztailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @osvalbuena: Nueva Industria representa más de dos tercios del PIB de Euskadi http://t.co/iWh3pXGo Internacionalización e Inversión I+D+i #ModeloEuskadi

  • @osvalbuena
    2012.eko uztailak 23

    Comentario de Twitter:
    Nueva Industria representa más de dos tercios del PIB de Euskadi http://t.co/iWh3pXGo Internacionalización e Inversión I+D+i #ModeloEuskadi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)