Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Sufrimendu bidegabeak baloratzeko batzordea

2012.eko uztailak 20

Dekretuan bildutako erreparazio-neurrien onuradun izan daitezkeen hogei pertsonak aurkeztu dituzte jada eskaerak

Gaur eratu da modu ofizialean Balorazio Batzordea; jakina denez, batzorde hori onartu duen dekretuaren xedea da biktima-izaera aitortzea eta biktima moduan merezi duten erreparazio osoa ematea bidegabeko sufrimenduak jasan zituztenei Euskadin 1960. eta 1978. urteen artean, hau da, aldi horretan izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz horrelako sufrimenduak jasan dituztenei. Lehen bilera horretan, batzordea eratu eta kideak aurkezteaz gain, Inés Ibáñez de Maeztu batzordeburuak dekretuan bildutako erreparazio-neurrien onuradun izan daitezkeen pertsonek jada aurkeztu dituzten eskaeren berri eman du; izan ere, dekretua duela hilabete hasi zen indarrean (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen ekainaren 19an).

Dekretuan xedatzen denez, "Dekretu hau indarrean jartzen denetik, Balorazio Batzordea gehienez ere hilabeteko epean eratuko da, Batzordearen buruak eskaturik, eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari atxikita egongo da organikoki, baina ez da haren egitura hierarkikoaren parte izango, bere independentzia bermatzeko. Giza Eskubideen Zuzendaritzak, berriz, lan egiteko behar dituen baliabide eta langileak jarri beharko dizkio.

Balorazio Batzordearen behin betiko osaera honako hau izango da:

a) Giza Eskubideen zuzendaria, eta bera izango da, gainera, buru: Inés Ibáñez de Maeztu.

b) Gaian adituak diren bi pertsona, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatuak: Manuela Carmena eta José Antonio Pérez.

c) Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak izendatutako pertsona bat: Txema Urquijo, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendariondokoa.

d) Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendutako bi aditu, Legebiltzarreko "Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimendu bidegabeak jasan dituzten biktimei buruzko" lan-taldeko kideek proposatutakoari jarraikiz, edo, bestela, mandatu hori duen Legebiltzarreko organoak: legebiltzarreko ponentzian Álvaro Gil-Robles eta Carlos Martín Beristain adostu ziren.

e) Gizarte zibila ordezkatzen duen pertsona bat, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatua: Mónica Hernando.

Gaur goizeko bileran, Balorazio Batzordearen beraren araudiaren proposamenari buruz eztabaidan aritu dira eta 2012rako saioen egutegia finkatu dute. Hurrengo bileran, aurkeztu diren 20 eskaera horietatik zenbait aztertzen hasiko dira.

 

Álvaro Gil-Robles. 1981. urtean, herriaren defentsariaren eskumenak arautzen dituen lege-proiektua idatzi zuen; 1983-1985 aldian herriaren defentsariaren lehenengo ondokoa izan zen eta 1988tik 1993ra bitarte herriaren defentsari izan zen. 1999ko urriaren 15etik 2006ko martxoaren 31ra bitarte, Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako lehen komisarioa izan zen.

Carlos Martín Beristain. Medikua, osasun-hezkuntzan espezialista eta psikologian doktorea. 'Guatemala. Nunca más' txostenaren koordinatzaile izan zen. Giza eskubideen urraketen biktimekin egin beharreko lanari eta arreta psikosozialari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

José Antonio Pérez. Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuaren zuzendaritza-kontseiluko kide izan zen. Historia Garaikidean doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta doktoregoko aparteko saria jaso zuen (2002). Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko Esperientzia Geletan irakasle da gaur egun eta, Luis Castells Arteche Historia Garaikideko katedradunaren zuzendaritzapean, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-talde kontsolidatuan sartuta dago. Azken urteotan, diktadura frankistarekin loturiko beste gai batzuk ere ikertu ditu; hala nola, genero-historia, errepresioa eta indarkeria politikoa. Hainbat liburu idatzi ditu.

Manuela Carmena. Eusko Jaurlaritzaren aholkulari izan da sufrimendu bidegabeen biktimei buruzko dekretua lantzeko garaian. Atotxako lan-arloko bulego batean hasi zen abokatu moduan baina geroago karrera judizialean sartu zen; Espetxeratuen Zaintzarako epaile izan zen eta Madrilgo Auzitegietako epaile dekano izatera iritsi zen. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren barruko Atxiloketa Arbitrarioen kontrako Lan Taldean Espainiako ordezkari (errelatore) izan zen; lan-talde hori 1991. urtean eratu zen.

Mónica Hernando. Giza Eskubideen eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroko kide da. Unesco Etxea elkarteko kide.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)