Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Ibilgailu elektrikoaren karga arina zabaltzen hasiko da Euskadin Ibil-en eta Nissan-en eskutik

2012.eko uztailak 19

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak mota horretako lehen instalazioa inauguratuko du, Gasteizko Salburuako Repsolen gasolindegian dagoena. Karga arina egiteko gunetan Nissan LEAF bezalako ibilgailu elektrikoen bateriak karga daiteke 30 minututan baino denbora gutxiagoan. IBILek bere Kontrol Gunetik telekudeatuko ditu instalatuko dituen karga arina egiteko guneak eta Nissan LEAF modeloaren erabiltzaileei karga doan egiteko aukera emango die urtebetez. Aurreikusitakoaren aldean, bi urtez aurreratu da karga arinaren azpiegitura Euskadin.

Euskadin ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegituraren zabalkundeak urrats handia egin du aurrera gaurkoan. Izan ere, Repsol Taldeko gasolindegi batean egongo den karga arina egiteko lehen gunea entregatu dio Nissanek IBILi. Sistema horren bidez, ibilgailu elektriko baten bateriaren %80raino karga daiteke 30 minutu  baino denbora gutxiagoan.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak, Nissan Iberiako Emisio Zero Proiektuko zuzendari Javier Redondok, IBILeko zuzendari nagusi Enrique Monasteriok eta Repsoleko Energy Ventures-eko zuzendariorde Iñigo Palaciok inauguratu dute karga arina egiteko lehen gunea. Gaur martxan jarri den gune hori Gasteizko Sailburua auzoan dagoen Repsoleko gasolindegian kokatu da. Sailburuak adierazi du karga arina egiteko azpiegitura martxan jarri izana mugarri bat dela Euskadin ibilgailu elektrikoaren zabalkundeari dagokionez, karga denbora laburtzea ahalbidetuko baitu, eta horrek ibilgailu mota horien irismena edo autonomia eta malgutasuna areagotzea dakar, ibilgailu elektrikoaren ezarpena eta erabilera sustatzen lagunduko duena.

Ibilgailuak kargatzeko gune berri hori instalatu ondoren, karga arineko beste gune batzuk instalatuko dira Espainiako estatu osoan luze gabe, Repsolen zerbitzuguneetan, enpresa horrek, Nissanek eta IBILek sinatutako akordioaren ondorioz. Gainera, akordio horri esker, Nissan LEAFen erabiltzaileek kargak doan egiteko aukera izango dute urtebetez, IBILen sareko karga arineko terminaletan.

Hasieran egindako aurreikuspenen aldean, IBIlek bi urte lehenago garatu eta ezarri ditu karga arina egiteko sistemak; izan ere, 2014. urterako zeuden aurreikusita hasieran.

Ibilgailu elektrikoak karga arinaren bitartez kargatzeko sare europarra eratzeari begira ari da lanean Nissan. Izan ere, haren planifikazioari jarraiki, 400 ekipo jarri ditu dagoeneko. Estrategikoki kokatuta dauden gune horiek instalatzearen helburua da egungo sareak sustatzea eta ibilgailu elektrikoen erabiltzaileei irismen edo autonomia eta malgutasun handiagoa ematea.

IBIL, ibilgailu elektrikoa kargatzeko kudeatzailea, bertan Repsolek eta Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, %50nako partaidetza dutela, Espainiako Estatu osoan ari da lanean jada, eta ibilgailuak kargatzeko lehen kudeatzailea da Estatuko hedadura duen karga arinaren alde egin duena. Hala, eta goraxeago aipatutako akordioaren esparruan, aurten Nissanek beste kargagailu batzuk instalatuko ditu, IBILen sarean integratuko direnak, bezeroarentzako erabilgarri izango direnak.  Erabateko segurtasuna eta kalitatea bermaturik izango duten gailu horiek guztiak IBILen Kontrol Gunetik telekudeatuko dira, Barakaldoko BECeko dorrean dagoena.

Karga arinak 30 minutu ingurura laburtzen du kargatzeko denbora, gaueko karga normalak, ordea, ordu batzuk eskatzen ditu. Instalatutako ekipoek 50 kW-eko potentzia dute eta CHAdeMO deritzon protokoloaren bitartez egiten dute karga, Japonian garatutako teknologiaz baliatuta. CHAdeMO izena, hain zuzen ere, japonieraz hitz joko bat da eta kikara bete te hartzeko ematen den denborari egiten dio erreferentzia. Izan ere, denbora hori bera behar da ibilgailu elektrikoa kargatzeko, eta berriz ere bidaiari ekiteko prest egongo da ibilgailua. Teknologia hori, Nissanek bezala, ibilgailu elektriko fabrikatzaile ugarik onartu dute.

IBILek karga zerbitzu osoa eskaintzen die bezeroei: energia horniketa, terminala eta instalazioa

IBIL, ibilgailu elektrikoa kargatzeko kudeatzailea, Estatu osoan karga zerbitzu guztiak emateko xedez eratu zen. Eremu pribatuari dagokionez, etxebizitzetan eta enpresetan kargatzeko guneak instalatzen ditu. Eremu publikoan, berriz, parking publiko zein disuasorio, merkataritza-gune, kale, gasolindegi eta abarretan ematen du zerbitzua ibilgailu elektrikoak kargatzeko. Hornitzen duen energia %100 berriztagarria da,  jatorri ziurtagiriarekin. Gainera, kargatzeko terminalak adimendunak dira, eta beti Kontrol Gunearekin konektatuta daude, bezeroen kargei jarraipen egokia egian ahal izateko. IBIL instalazio elektrikoa egiteaz eta legeztatzeaz arduratzen da, indarren dagoen legeriaren arabera. IBILi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, haren webgunera jo: www.ibil.es

Nissani buruz Espainian

Nissan etxeak hiru ekoizpen zentro ditu Espainian: Bartzelonan, Avilan eta Kantabrian. Bertan, noranahikoak, furgonetak eta kamioiak ekoizten ditu. Noranahiko modeloen artean, Pathfinder eta Navara egiten dira, eta kamioi arinen kasuan, Cabstar eta Atleon modeloak. Furgonetei dagokienez, Primastar eta NV2000 modeloak ekoizten dira. Gainera, Nissan Españak I+G zentro bat du, motor eta ibilgailu industrial arinak garatzeko. Horrekin batera, ordezko atalen eta unitateak banatzeko zentro batzuk ere ditu. Espainia eta Portugalgo salmenta sailaren egoitza Bartzelonan dago. Guztira, Espainian,  Nissanen, 4.700 lagun ari dira lanean, eta 2011n 155.000 ibilgailu ekoiztu zituzten.

Nissan LEAFi buruz

Nissan LEAF izan zen lehen ibilgailu elektrikoa piloan edo masan fabrikatua, eta Europan, munduan eta Japonian Urteko Automobil sariak jaso zituen 2011. urtean. Mundu osoan 32.000 unitate baino gehiago saldu dira, 2010eko abenduan merkatuta atera zenetik. Hala, Nissan LEAF da gehien saldu den ibilgailu elektrikoa munduan. CC motorrak 108 CV potentzia eta 280 Nm par ditu, nahikoa dena 145 km/h-ko gehieneko abiadura lortzeko. Motor elektrikoa litiozko ioiak dituen bateria batez elikatzen da. Errendimendua 90 kW baino handiagoa duen bateria hori Nissanek garatu du. Nissan LEAFek bost izar jaso ditu Automobil Berriak Ebaluatzeko Europako Programaren (Euro NCAP) proba zailetan. Guztiz ekipatuta dator fabrikatik: aire girotua, satelite bidezko nabigazioa eta aparkatzeko ikus-kamera atzeko aldean. Europan, Sunderland-en hasiko dira ekoizten Nissan LEAFak, 2013. urtearen hasieran.

Ibilgailu elektrikoa Euskadin

Eusko Jaurlaritzak bere 3E2020 Energia Estrategian helburu handinahiak ezarri ditu energia eraginkortasun handiagoa lortzeko garraio alorrean, energiaren erabilerari dagokionez. Era berean, garraio alorrak petrolioarekin duen gehiegizko lotura hautsi nahi du; gaur egun, alor horretan ia erabateko nagusitasuna duen petrolioa, hain zuzen ere. Horretarako, ibilgailu elektrikoa aurrerapauso bat da, energia aldetik askoz eraginkorragoa den teknologia edukitzeaz gain. energia iturriak dibertsifikatzen baititu garraioan. 2020. urtera begira, Euskadin 41.000 eta 43.000 ibilgailu elektriko artean zirkularaztea da helburua. Horrekin batera, ibilgailuak kargatzeko sareak 13.000 gune inguru izatea nahi da.

Azpiegitura horrek guztiak, gainera, aukera eman diezaioke Euskadiko enpresa eta teknologia ehunari handitzeko. Izan ere, sare adimendunekin, metatzeko teknologiekin eta automobilgintzarekin sinergiak sortuko ditu. Hain zuzen ere, automobilgintzan diharduten espezializazio handiko 400 enpresarentzat garrantzi handikoa da garapen teknologiko hori, merkatu eta hazkunderako aukera berriak ekarriko dizkie eta.

Iruzkin bat
  • @djjacomenorato
    2016.eko maiatzak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: La carga rápida del vehículo eléctrico comienza su despliegue en Euskadi de la mano de Ibil y Nissan. http://t.co/PI8NKa7m

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ignacio Hormaeche (director general del EVE), Enrique Monasterio (director general de IBIL)