Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

400 parte-hartzaile baino gehiago Lanbideren Enpleguari buruzko Nazioarteko Biltzarrean

2012.eko uztailak 18

Estatuko eta Nazioarteko 400 adituk baino gehiagok ziurtatu dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatzen duen ‘Enplegua sustatzeko paradigma berriak" Nazioarteko lehen Biltzarrean parte hartuko dutela. Elkartzeko eta eztabaidatzeko gune hori bihar abiatuko da, Patxi Lopez lehendakariaren inaugurazioarekin, eta ostiralera arte, hilak 20, luzatuko da.

Bilboko Bizkaia Aretoan garatuko den Biltzar horretan, enplegu-politika aktiboetako kudeaketa publikoko bere eredua erakutsiko du Lanbidek. "Egungo testuinguru sozioekonomikoan, errealitate ukaezina da enplegu-sistemari buruzko nahitaezko gogoeta egitea. Ildo horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu enplegu-zerbitzuen kudeaketako eredu publikoa defendatzea", Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak adierazi duenez.

"Eta Eusko Jaurlaritza erronka horri erantzuten ari da pertsonen enplegagarritasuna hobetzearen aldeko apustu irmoa eginez, betiere enpresen lehiarako hobekuntzaren, gure gazteen enpleguaren sustapenaren eta hezkuntza-enplegu trantsizioaren hobekuntzaren mesedetan", gehitu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Kontzeptu horren pean, Bizkaia Aretoak estatuko eta nazioarteko adituak bilduko ditu bi egun horietan. Aparteko jokaleku horretan nazioarteko ospe handiko hizlariek parte hartuko dute, baita Europa osoko erreferentziazko enplegu-zerbitzuetako ordezkariek, eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoetako, enpresetako eta beste erakunde batzuetako arduradunek ere, beren ikuspegia erakutsi eta gogoeta egingo dutenak kasu arrakastatsuei eta jardunbide egokiei buruz, horretarako ezarriko diren mahai-inguruetan.

Etorriko direla ziurtatu duten hizlarien artean honako hauen presentzia nabarmentzen da: Erresuma Batuko Lan eta Pentsio Departamentuaren Nazioarteko Unitatearen Nazioarteko Estrategiako zuzendari Eamonn Davern; Alemaniako Enplegu Agentzia Federalaren Europako ordezkaritzaren zuzendari Wolfgang Mueller; edo, Enplegu Zerbitzu Publikoen Europar Sarearen (EURES) kudeatzailekide Gregorio De Castro.

Etorriko direla ziurtatu dute, halaber, Becs Uhart-ek, Ingeus taldearen Nazioarteko Harremanetarako gerenteak; Iñaki Ortegak, Madrid Emprende agentziaren zuzendari-gerenteak; Juan Ibarretxek, Peñascal Sociedad Cooperativa sozietatearen koordinatzaileak, edo Dolors Poblet-ek, Manpower agentziaren zuzendari nagusiak.

"Enpleguko politika aktiboak kudeatzeko eskumenak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu izanak, alde batetik, eta 2011-2014ko Euskal Enplegu Estrategiak jardun-esparru berri bat ezartzen dute, eta ezinbestekoa dira esparru horretan ahalegin guztiak, publikoak zein pribatuak, lerrokatuak egotea, enplegua sortu eta atxikitzeko", berretsi du Lanbideren administrazio-kontseiluaren lehendakariak.

Horren ildotik, Zabaletak honako hau gehitu du: "Konbentzituta gaude esparru berri hori aukera-leihoa dela Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat eta Enplegu Sistemako agente guztientzat, funtsezko tresna baita lana aktibatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarterako balioa sortzeko".

Hortaz, Nazioarteko lehen Biltzar hori "elkartzeko eta eztabaida kritiko eta eraikitzaileak egiteko leku" izateko asmoarekin egin da, bertan enpresek, enplegu-zerbitzu publikoek, enplegu-agentziek eta erakunde laguntzaileek, besteak beste, enplegu-sistema bikain bat osatzeko giltzarriak azter ditzaten, hazkunde inteligentea, integratzailea eta iraunkorra ahalbidetuz.

Biltzar horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago Lanbideren webgune ofizialean: www.lanbide.net

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko