Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

%13 igo dira BTEKera bisitak urteko lehen sei hilabeteetan

2012.eko uztailak 18
  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Teknologiaren Interpretazio Zentroak 1.800 bisita jaso ditu 2012ko urtarriletik ekainera, gehienak Hezkuntza Zentroetako ikasle eta irakasleenak.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Teknologiaren Interpretazio Zentroak 1.800 bisitari jaso ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan, iazko epe berean baino %13 gehiago. Bisita gehienak Hezkuntza Zentroetako ikasle eta irakasleenak izan dira. Hauetatik 228 irakasleak izan dira, batzuk ikasleekin etorritakoak, baina gehienak 145 hain zuzen ere irakasleentzako bereziki prestatutako ekitaldietan parte hartu dutenak. Izan ere, aurtengo lehen sei hilabeteetan irakasleei zuzendutako bederatzi jardunaldi antolatu baitira BTEKen.

Bisitarien jatorriari dagokionez, Bizkaikoak dira nagusi, %67; %20 Gipuzkoatik etorri dira eta %7 berriz Arabatik.

Teknologia gazteei, modu dibertigarri eta didaktikoan hurbiltzea eta zientzia eta teknologiarekiko jakinmina sortzea helburu duen BTEK zentroaren jardun nagusia Hezkuntza Zentroetako bisitak dira, batez ere bigarren hezkuntzako ikasleenak. Bisita hauen osagarri, zentroak Robotika eta Bioteknologia Tailerrak abiarazi zituen 2011. urtean, azken hau FECYTen (Zientzia eta Teknologiarako Fundazio espainiarra) laguntzarekin. Datorren urterako Hidrogeno eta Energia Berriztagarriei buruzko tailerra abiaraztea aurreikusten da, Zero High Tech Park proiektu europarraren Life+ programari atxikita.

2012 urte hasieran, Teknologia eta Kirola uztartzen dituen hitzarmena sinatu zuten BTEK eta Athletic Fundazioak; hitzarmen honen ondorioz, Ander Herrera eta Fernando Amorebieta jokalarien irudia ardatz nagusi hartzen duen sustapen kanpaina jarri zuen martxan zentroak. Kanpainari esker, BTEK bisitatzeko eskaerak nabarmen igo dira azken hilabeteetan. Era berean, Athletic Fundazioak antolatzen dituen Kirol campusen egitarauaren barruan, aurten Athletic campuseko 200dik gora gazte etorriko dira BTEK bisitatzera uztaila eta abuztuan.

BTEK European network of science centres and museums, Europako Zientzia zentro eta museoen sareko kidea da eta urratsak ematen ari da Estatuko Zientzia Museoen Sareko kide bihurtzeko; datorren urrian Madrilen egingo den zuzendarien bilerara gonbidatu dute BTEKeko zuzendaria.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko