Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

785.000 € landa ingurunea eta nekazaritza sektorea teknologia berrietan eta interneten txertatzea sustatzeko (2012-07-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 17

Erabakia, honako hauei zuzeneko dirulaguntza emateko: Asociación para el Progreso del Desarrollo Rural - MENDINET, Hazi Kontsultoria S.A, AZTI-AZTI Fundazioa eta Idiazabalgo Udalari; helburua: "Landako eta Nekazaritzako agenda digitala" eta "Landako Euskadi sarean" izeneko ekimenak garatzea.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onetsi du guztira 785.000 euro bideratzea EAEko landa-ingurunea eta nekazaritzako eta elikagaien ingurunea teknologia digitaletan eta interneten txertatzeko hainbat jardunetarako. Laguntza horiek 2015eko Agenda Digitalean barne hartuta daude, eta landa-ingurunea eraginpean hartzen duen hesi digitala gainditzea da 2015eko Agenda Digitalaren jomuga.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, horrela, argi berdea eman dio Pilar Unzalu sailburuak egindako proposamenari, hots, Hazi Consultoría sozietateari, Azti Fundazioari, Mendinet Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkarteari eta Idiazabalgo Udalari zuzeneko diru-laguntza horiek ematea onartzen duen proposamenari.

Eustaten Informazioaren Gizarteari buruzko inkestaren adierazleek atzeman dute lehen sektorea -nekazaritza-sektorea- eraginpean hartzen duen hesi digital bat dagoela, ordenagailuen ekipamenduari (% 14,8) nahiz posta elektronikorako irisgarritasunari (% 11,8) eta interneterako sarbideari (% 13,6) dagokienez. Egoera hori, sektore horretan gertatzeaz gain, landa-inguruneko biztanlerian ere jazotzen da, eta horrenbestez, hiri-inguruneekiko desoreka eragiten du.

Egoera hori zuzentzeko, 2015eko Agenda Digitalak bi jardun-ardatz planteatzen ditu; jardun-ardatz horiek, batetik, lehiakortasuna hobetzeko bitarteko gisa ikusten dituzte Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak -IKTak- (Nekazaritza eta Landa Agenda Digitala), eta bestetik, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko baliabide gisa (Landa Euskadi Sarean).

Helburua zera da, lehenik eta behin, herritar autonomo eta parte-hartzaileak izatea esparru digitalean, bigarrenik, sareko enpresa berritzailez osaturiko enpresa-sarea edukitzea, hirugarrenik, zerbitzu digital aurreratu eta irisgarriz osaturiko eskaintza zabal bat garatzea, eta azkenik, gizarte osorako irisgarriak izango diren azpiegiturak zabaltzea.

Horrela, Hazi Consultoría sozietateari emandako diru-laguntzen xedea da Nekazariaren Agenda Digitala proiektua (lehen sektorerako Prestakuntza digitala) eta Landa Euskadi Plataforma sustatzea; Mendinet Elkarteari emandakoena, berriz, tokiko produktuekin negozio elektronikoa bultzatzea eta landa- eta kosta-ingurunerako erreserben zentrala indartzea.

Azti Fundazioaren proiektuak nekazaritzako elikagaien sektorerako negozio-tresnak modernizatzeko jomuga du, eta Idiazabalgo Udalarenak, ostera, Idiazabal Unibertsoa bultzatzekoa, Idiazabalgo gaztaren ekoizpenari balioa emateko eta sarean jartzeko, sukaldaritza-aktibo gisa nahiz kulturarekin, paisaia mantentzearekin edota mendiko ekosistemak kontserbatzearekin duen loturagatik.

785.000 euro horien barruan, 600.000 2012rako ordainketa-kredituetarako dira, eta 185.000 euro, berriz, 2013rako konpromiso kredituak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan