Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

OSALANek 650.000 euro emango ditu laneko arriskuei aurrea hartzeko proiektuak diruz laguntzeko (2012-07-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 17

Ebazpena, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzak ematea arautzen duena.

OSALANek 650.000 euroko kontusaila bideratuko du laneko arriskuei aurrea hartzeko ikerketa-proiektuak diruz laguntzeko. Gobernu Kontseiluak gaur egin duen bileran baiezkoa eman die Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2012an emango dituen diru-laguntza horiei. EAEn erroldatuta dauden pertsona fisikoek eta enpresa publiko zein pribatuek eskuratu ahal izango dituzte diru-laguntza horiek.

Laguntzak eskuratzeko, interesa duten pertsonek edo enpresek administrazioko agiriekin batera beste agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte: ikerketa-proiektuaren memoria, zeinetan proiektuaren alderdirik garrantzitsuenak eta helburuak zehaztu behar diren, aurrekariak, gaiak gaur egun duen egoera eta bibliografia nagusia, helburuak, metodologia, lan-plana, ikertzaile-taldeak gai jakin horretan duen esperientzia, laneko arriskuei aurrea hartzeari dagokionez proiektuko emaitzen baliagarritasun praktikoa, proiektua aurrera eramateko dauden baliabideak, eskatutako diru-laguntzaren justifikazioa eta proiektuaren aurrekontua.

Era berean, eskaerarekin batera, ikerketa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena aurkeztu behar da, bai eta proiektuan parte hartuko duten ikertzaile guztien curriculum normalizatuak ere (ikertzaileek azken bost urtean egindako argitalpenak hartuko dira kontuan).

Aurreko urtean, kapitulu honen barnean, Osalanek gai hauekin erlazionatutako proiektuak lagundu zituen diruz: laneko arriskuen prebentzioa plataforma altxagarri mugigarriak erabiltzeko metodologia didaktikoan nola integratu, lan-baldintzak eta horien eragina laneko gogobetetasunean, eta jardunbide onei buruzko tresna bat sortzea, metalaren sektoreko euskal ETEtako langileei zuzendutako laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazioa eta komunikazioa hobetzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan