Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eraikin multzoak birgaitzeko jabekideen erkidegoei zuzendutako REVIVE programa onartu da (2012-07-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 17

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntza-programa arautzen duen (REVIVE programa) Aginduari, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikita dagoen ondarean esku-hartzeko proiektuak egin eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko.Guztira, 9,3 milioi euro bideratuko dira programa horretara. Laguntzak Jabekideen Erkidegoei zuzenduta daude, baita etxebizitzen sustatzaile publikoei ere, baldin eta jarduketen eremuan sartuta dauden etxebizitzen jabeak badira.

Proposatutako jarduketen helburua erabilera nagusia etxebizitzarena duten eraikinetako edo eraikin-multzoetako esku hartzeak izango dira, bloke edo etxaldeetan bilduta, 1980a aurretik eraikitakoak badira, hirigintzara moldatuta badaude eta egitura egokia badute.

Euskal hirietako eraikinek gabezia nabarmenak dituzte, eraikin horietan bizi den populazioaren kalteberatasuna azaleratzen laguntzen dutelarik.

Arriskuetariko bat da hirian bazterkeria-eremuak sortzea, baina ez bakarrik populazioaren sektore batzuk ezin dituztelako baliabideak eskuratu, baizik eta eraikinak dauden baldintzetan daudelako, bizigarritasunari, irisgarritasunari eta energia-efizientziari dagokionez.

Eraikita dagoen higiezinen multzoan esku hartzea halabeharrezko helburua da, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean eta Jaurlaritzako lau sailburuk eta Lehendakaritzako idazkari nagusiak joan den astean aurkeztutako Bultzatu 2025 Eraikingintza Iraunkorraren Planean finkatutako erronkekin bat egin, eta eraikinen birgaitze alorrean hartutako konpromisoak betetze aldera.

Planean zehazten den moduan, mantentze lanetatik haratago joan behar da eta eraikitako higiezinen jarduketa integralak bultzatu, higiezinen bizialdia luzatzeko, gaur egungo erosotasun eta kalitate betekizunetara egokitzeko, bizigarritasun eta irisgarritasunari dagokionez gutxieneko baldintzak betetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko. Azken batean, bizilagunen bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren mesederako.

Hori guztia lortze aldera, Revive programa jarri da martxan.

Eraikitako ondarean esku hartzeko laguntza-programa honetara bildutako proiektuak eraikinen irisgarritasun- eta bizigarritasun-baldintzak hobetzeko eta energia-efizientzia hobetzeko izango dira. Jarduketetan jasangarritasun irizpideak jarraituko dira.

Jarraian zehaztutako jarduketak biltzen dituzten eskuhartze-proposamenak jaso ahal izango dituzte laguntzak:

a) Eraikinen inguratzailearen gaineko jarduketa -eskari termikoa gutxitzeko- eta ekoizpen termikoko instalazioen gaineko jarduketa -energia kontsumoa murrizteko-. Eraberritzea egin ondoren C motako energia ziurtapena lortzea izango litzateke helburua, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera. Errege Dekretu horretan, oin berriko eraikinen energia-efizientziari buruzko ziurtapena lortzeko prozedura zehazten da, energia sortzeko iturri berriztagarriez baliatuta ahal den neurrian.

b) Airea behar bezala berrituta, barruko airearen kalitatea bermatuko duen aireztatze-sistema ezarri edota hobetu, oin berriko eraikinentzat Eraikingintzaren Kode Teknikoak (EKT) eskatutako gutxieneko parametroekin bat etorrita.

c) Eraikinen irisgarritasun-baldintzak hobetu, etxebizitza bakoitzera iristeko bide publikotik sarbidea izango dela bermatzeko, koskadun desnibelak saihesten ibili beharrik gabe, alegia.

d) Eraikitako perimetroa handitzeko jarduketak, bizigarritasun-baldintzetara egokitzea lortzeko.

e) Hartutako neurrien funtzionamendua eta eraginkortasuna egiaztatzeko sistemen monitorizazioa. Sistema horren bidez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak urrutitik egin ahal izango ditu tele-irakurketa, kontsumoari eta ingurumen-baldintzei buruzko datuen bilketa eta ustiaketa.

Orain arte deskribatutako eremuetan ez baldin bada eskuhartzerik egin behar, betekizunak bermatuta daudelako, ez da atal horretako jarduketarik egin beharko, baina aurkeztutako dokumentazioan justifikatu egin beharko da.

Proiektuak idazteko, ordainsarien kostu garbiaren % 90 emango da gehienez ere.

Obrak gauzatzeko, diruz lagun daitezkeen jarduketen kontrataren aurrekontuaren %50 emango da gehienez ere.

Aipatutako portzentajeen batuketa esku-hartze proiektuaren aplikazio eremuan sartutako etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuta ematen duen kopurua izango da gehienez ere.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, eta hurrenkera honen arabera:

1.- Onartutako proposamenak eremuko jabekideek lortutako adostasunaren eta haiek ordezkatzen duten partaidetza-kuotaren arabera ordenatuko dira. Lehenengo, jabekideen eta partaidetza-kuoten %100en adostasuna duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.

Jabeen arteko adostasun portzentaje bera duten proposamenak badaude, hautaketan lehentasuna emango zaie onuradun gisa etxebizitza-kopuru handiena duten esku-hartze proposamenei.

Adostasun eta etxebizitza-kopuruen parametroetan berdindutako proposamenak aurkeztuz gero, babestutako errentamenduko etxebizitza-kopurua handienari eragiten dioten jarduketak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.

Aurreko adostasun parametroetan (eremuko etxebizitza-kopurua eta babestutako errentamenduen kopurua) bat egiten duten proposamenak aurkeztuz gero, batez besteko diru-sarrera txikienak dituzten eskabideak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da, modu korrelatiboan eta goranzko hurrenkeran.

Diruz lagundutako jarduketak amaituta egon beharko dute 2014ko abenduaren 31 baino lehen.

Egungo egoera Euskadin


1.004.740 etxebizitzez osatutako parke bat dago, etxekoen unitate bakoitzeko bi laguneko okupazio-ratioarekin, gutxi gorabehera.

39 urtetik gorako antzinatasuna du. Europako etxebizitza-parke zaharrenen artean bigarrena da, Erresuma Batukoaren atzetik.

Edukitze-erregimen "mediterraneoa", jabetzako edukitze-erregimena nagusituz, etxebizitzen % 93raino iristen baita, eta horrek zailagoa egiten du bizitegi-eraikinetan esku-hartze integralak egitea.

Portaerari dagokionez, euskal gizartearen % 31 kalteberatasun handiko edo oso handiko tipologia duten etxebizitzetan bizi da, eta bizitegi-eraikinen % 15ek berehalako esku-hartzea behar dute. % 9,7k urritasunak ditu, gutxienez, bere kontserbazio-egoeran.

Bizitegi-eraikinen % 76,8 jotzen dira sartzeko ezintzat, eta euskal gizartearen % 18,8k identifikatzen du eraikina beren mugikortasun-arazoen gune nagusi gisa. Etxebizitzen % 29k ez dute igogailurik.

Bizitegi-sektoreak azken energiaren % 11,66 kontsumitzen du.

Eraikuntza Iraunkorraren Aukera


Eraikinetan beste esku-hartze batzuekin batera garatzen diren energia-birgaitzeak bi edo hiru aldiz eraginkorragoak dira kostuari dagokionez.

Eraikuntzak eta etxebizitzak funtsezko papera dute adinekoen eta mendekoen bizitza-kalitatean eta arretan

Bizitegi-parkean irisgarritasunaren eta erosotasunaren hobekuntzak etorkizuneko kostu handiak ekidin ditzake arreta soziosanitarioari dagokionez.

Aukera eraginkorrena da Klima Aldaketari eta energia-mendekotasunaren arriskuei aurre egiteko, hain zuzen ere epe laburreko emaitzekin energia-eraginkortasunerako neurriak ezartzeko ahalegin txikiagoak eskatzen dituelako, eta Klima Aldaketarekin lotutako helburuak betetzen eta energia-tarifa murrizte laguntzen duelako.

Merkatu-aukera paregabea da, eraikuntzaren sektorea birmoldatzea bultzatzeko aukerarekin, hain zuzen ere sektorea aldatu eta berrikuntzarekin bultzatutako eta klima-aldaketaren edo zahartzearen moduko etorkizuneko erronkei aurre egitera bideratutako sektore bat egiteko aukera ematen duelako, birgaitzean eremuko aukerak bultzatu eta aprobetxatzeko gai dena.

Enplegu-nitxo nagusietako bat da: eraikinen berrikuntza oso bizia da laneskuan (enplegua sortzeko duen gaitasuna garraio-azpiegituretan inbertsio berbera eginez lortzen dena baino bost aldiz handiagoa da). Inbertitutako milioi euro bakoitzeko zuzeneko 8-14 enplegu sortzeko gaitasuna dauka birgaitzeak. Enpleguaren zati handiena tokikoa da, modu homogeneoan banatua lurraldean barrena, eta ETEek eta profesionalek garatua.

Zerga-itzulkin handiak eta finantziazio-aukerak dituen inbertsioa da: Laguntza-euro bakoitzeko zuzeneko inbertsioko 6,9 euro mobilizatzen dira (16,3 euro guztira, eragindako ondorioak kontuan hartuta), eta 1,37 euroko zerga-itzulkina lortzen da (0,55 euro Jaurlaritzak berreskuratua).

Iruzkin bat
  • @lacasaqueahorra
    2012.eko uztailak 18

    Comentario de Twitter:
    @Irekia: Aprobado el programa REVIVE dirigido a comunidades de propietarios para rehabilitar conjunto de edificios http://t.co/xABAzK9Q

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)