Berriak Herrizaingoa
Eu

Hauteskunde autonomikoetan erabilitako baliabide material eta dokumentalak estatuko oinarrizko legediaren azken aldaketetara egokitzen dituen Dekretua onetsi da (2012-07-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 17

Dekretua: Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartela, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehazten dituen Dekretua aldatzeko dena.

Gobernu Kontseiluak 2008ko Dekretua aldatzen duen Dekretua onetsi du. Horren bidez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko behar diren baliabide material eta dokumentalen eredu ofizialak eta ezaugarriak zehazten dira. Dekretu honen xedea, funtsean, hau da: gaur egun dagoen araudia hauteskunde arloko estatuko oinarrizko legediaren azken aldaketetara egokitzea.

Zehazki, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko 2011ko Lege Organikoaren aldaketaren ondorioz Dekretu honetan sartutako aldaketetako bat honakoa da: modu iraunkorrean atzerrian bizi diren hautesleek bozkatzeko prozedura berria (CERA); horren ondorioz, hauteskunde inprimakiak eta gutun-azalak sortu behar dira.

Halaber, Dekretu honetan zenbait hobekuntza sartu dira hautagaitzek eta hautesleek erabili ohi dituzten hauteskunde-inprimaki batzuetan. Horren helburua hauteskunde Administrazioarekiko komunikazioa erraztea eta azkartzea da. Adibide modura, hautagaitzak aurkezteko inprimakian laukitxo bat gehitu da zerrendetako ordezkariaren helbide elektronikorako. Era berean, Mahaiko kideak izendatzeko inprimakian, Mahaiko kidearen izendapena egin duen hauteskunde-batzordeko harremanetarako datu guztiak agertuko dira.

Bestalde, bozketarako inprimaki, gutun-azal eta txartel gehienak egiteko, Dekretu honek beste paper-mota bat jasotzen du: offset paper zuria, baso-kudeaketa arduratsuko ingurumen-ziurtagiriarekin. Horrela, alde batera utzi da 2008ko Dekretuak exijitzen zuen 1005 paper ekologikoa eta birziklatua; Eusko Legebiltzarrerako 1994ko hauteskundeetatik hona, paper-mota hori erabili izan da. Aldaketaren arrazoia, batez ere, hauxe da: aipatutako papera ekoitzi eta hornitzeko arazoak daude, eta, horregatik, paper hori lortzea zaila da. Hori ez da gertatzen Dekretu honetan arautzen den paper-motarekin.

Azkenik, Dekretu honek informazioaren eta telekomunikazioen teknologia sartzen du hauteskunde-prozesuak garatzeko. Horri esker, herritarrei eta alderdi politikoei erraztu egingo zaie euskal hauteskunde-administrazioarekiko komunikazioa, bitarteko elektronikoen bidez. Horrela, 19 inprimaki elektroniko lortu eta, hala badagokio, autoeditatu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzako web ofizialetik deskarga telematikoa eginez.

Laburbilduz, Dekretu honetan sartu diren aldaketei eta egokitzapenei esker, hauteskunde autonomikoetan parte hartzen dutenek hauteskunde-prozesuaren kudeaketa erraz eta azkarragoa egin ahal izango dute. Horrela, bozketa- eta zenbaketa-prozedura modernizatu eta sinplifikatuko da, eta erabilitako bitartekoen eraginkortasuna handituko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan