Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek 300 aditu bilduko ditu Bilbon enplegu politika aktiboen arloan gauzatzen ari den kudeaketa eredua erakusteko

2012.eko uztailak 12

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ‘Enpleguaren sustapenerako paradigma berriei' buruzko Nazioarteko lehen Biltzarra antolatuko du Bilboko Bizkaia Aretoan hurrengo 19an eta 20an eta Patxi López lehendakariak inauguratuko du. Estatuko eta nazioarteko 300 adituk baino gehiagok egiaztatu dute jada topaketarako eta eztabaidarako ekitaldi horretara bertaratuko direla, non Lanbidek enplegu-politika aktiboen inguruan garatzen duen kudeaketa-eredua erakutsiko duen.

“Egungo testuinguru sozioekonomikoan, errealitate ukaezina da enplegu-sistemari buruzko nahitaezko gogoeta egitea. Eusko Jaurlaritza erronka horri erantzuten ari da pertsonen enplegagarritasuna hobetzearen aldeko apustu irmoa eginez, enpresen lehiarako hobekuntzaren, gure gazteen enpleguaren sustapenaren eta hezkuntza-enplegu trantsizioaren hobekuntzaren mesedetan”, azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Ideia horretan oinarrituta, Bizkaia Aretoak estatuko eta nazioarteko adituak bilduko ditu bi egun horietan. Aparteko jokaleku horretan nazioarteko ospe handiko hizlariek parte hartuko dute, baita Europa osoko erreferentziazko enplegu-zerbitzuetako ordezkariek, eta estatuko Enplegu Zerbitzuetako, enpresetako eta beste erakunde batzuetako arduradunek ere, beren ikuspegia erakutsi eta gogoeta egingo dutenak kasu arrakastatsuei eta jardunbide egokiei buruz, horretarako ezarriko diren mahai-inguruetan.

Baieztatutako hizlarien artean honako hauen presentzia nabarmentzen da: Erresuma Batuko Lan eta Pentsio Departamentuaren Nazioarteko Unitatearen Nazioarteko Estrategiako zuzendari Eamonn Davern; Alemaniako Enplegu Agentzia Federalaren Europako ordezkaritzaren zuzendari Wolfgang Mueller; edo, Enplegu Zerbitzu Publikoen Europar Sarearen (EURES) kudeatzailekide Gregorio De Castro.

“Enpleguko politika aktiboak kudeatzeko eskumenak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu izanak, alde batetik, eta 2011-2014ko Euskal Enplegu Estrategiak jardun-esparru berri bat ezartzen dute, eta ezinbestekoa dira esparru horretan ahalegin guztiak, publikoak zein pribatuak, lerrokatuak egotea, enplegua sortu eta atxikitzeko”, berretsi du Lanbideren administrazio-kontseiluaren lehendakariak.

Horren ildotik, Zabaletak honako hau gehitu du: “Konbentzituta gaude esparru berri hori aukera-leihoa dela Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat eta Enplegu Sistemako agente guztientzat, funtsezko tresna baita lana aktibatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarterako balioa sortzeko”.

Hortaz, Nazioarteko lehen Biltzar hori “elkartzeko eta eztabaida kritiko eta eraikitzaileak egiteko leku” izateko asmoarekin egin da, bertan enpresek, enplegu-zerbitzu publikoek, enplegu-agentziek eta erakunde laguntzaileek, besteak beste, enplegu-sistema bikain bat osatzeko giltzarriak azter ditzaten, hazkunde inteligentea, integratzailea eta iraunkorra ahalbidetuz.

Biltzar horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago Lanbideren webgune ofizialean: www.lanbide.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko