Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Unda sailburuak Gipuzkoako enpresaburuei azaldu die Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-neurrietan bildutako 2.276 milioiak nola eskuratu

2012.eko uztailak 12

Industriako sailburua Adegiko kideekin elkartu da gaur ETE trakziogileentzako txoke-abalak, finantza-erakundeen bitarteko abalak eta bestelako tresnak -Elkarren Bermerako Sozietateak, Luzaro, Ekarpen eta Arrisku Kapitala- azaltzeko.

EAEko 180.000 enpresak baino gehiagok -ETEek, autonomoek eta mikroETEek- eskura ditzakete Jaurlaritzak hazkundea eta jarduera ekonomikoa sustatzeko abian jarritako finantzaketa-tresnak.

Bernabé Unda Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak batez ere enpresa txiki eta ertainei zuzendutako Ezohiko Finantzaketa Programari heltzera animatu ditu Gipuzkoako enpresak. Guztira, Jaurlaritzak abiarazitako neurriei heltzeko aukera duten 180.000 ETE, autonomo eta mikroETE baino gehiago daude Euskadin.

Sailburua Adegiren egoitzara bertaratu da Miguel Bengoetxea Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantzetako zuzendariarekin, Juan Garayar Industria Garapeneko zuzendariarekin eta Gorka Etxabe zuzendaritza horretako zerbitzuburuarekin. Bertan, hazkunde eta jarduera ekonomikoa sustatzeko enpresen eskura jarritako tresna guztiak azaldu dituzte.

Guztira, garatutako sei tresnek 2.276 milioi euroko gehienekoa mobilizatu ahal izango dute. Undak eta haren taldeak tresna horiek xehatu dituzte. Honako hauek dira:

-Elkargi eta Oinarri Elkarren Bermerako Sozietateen bitartez ETEei emateko abalak: 550 milioirekin, gehienez 1.300 milioiko maileguen emakida aktibatuko dutenak.

-Luzaro sozietatearen bitarteko abalak: 50 milioi, guztira 100 milioiko kredituak ahalbidetuko dituztenak.

-ETEetarako abalen linea berria, 11 finantza-erakunderekin sinaturiko hitzarmen baten bitartez: 400 milioi, Jaurlaritzak abalen bitartez ekarriak eta maileguetan 666 milioiren emakida ahalbidetuko dutenak.

-Asteartean onetsitako ildoak, enpresa-finantzaketarako abal publikoen emakida erregulatzen duenak, 200 milioi euroko gehieneko zenbatekoarekin, eta industria-sarean eta enpleguan trakzio-efektua duten EAEko ETEei zuzenduta dagoenak, 666 milioi euroko inbertsio potentziala aktibatuko du.

-Ekarpen, Jaurlaritzak, aldundiek eta Kutxabankek partaidetutako inbertsio-sozietatea, garrantzi bereziko enpresa-proiektuetarako partaidetza-maileguen eta/edo kapital-sarreraren bitartez eragiketak finantzatzen dituena: gaur egun, 170 milioi euroko funtsak ditu eskuragarri, eta 150 milioi eurotik gorako zenbatekoko eragiketak ditu zorroan. Horretaz gain, beste sei eragiketa ere formalizatu zituen, horien guztizko zenbatekoa 100 milioitik gorakoa izanik. Horrek esan nahi du inbertsio-ahalmena 270 milioi eurokoa dela.

-Arrisku-kapitala, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Sozietatearen bitartez, EZTEN eta Ekintzaile sozietateen funtsetatik; arrisku-kapitalak eragiketak finantzatzen ditu enpresa-proiektuetarako partaidetza-maileguen eta/edo kapital-sarreraren bitartez, eta 2012an, 40 milioi euroko gehienekoa du jasota bere aurrekontuetan.

Bere mintzaldian, sailburuak adierazi du Jaurlaritzak bere aurrekontu-aukerak erabat agortu dituela eta enpresei finantzaketa emateko bermeak eta abalak emateko gaitasunak muturreraino erabili dituela, "kreditua gure ekoizpen-sareraino irits dadin lortzeko, egungo murrizketa-testuinguru orokorrean eta ezinbestean bete behar dugun Europako araudi-esparruan, iraganeko hutsegiteak berriz gerta ez daitezen".

Eusko Jaurlaritzaren Ezohiko Finantzaketa Programak finantzaketan 2.000 milioi euro baino gehiago mobilizatzea ekarriko du, eta horretaz gain, Ekarpen sozietatearen eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Sozietatearen bitartez 210 milioi euro gehiago ere emango dira kreditutan.

Programa horren lehentasunezko helburuak honako hauek dira: hazkunde ekonomikoa sustatzea, Euskadiko enpresa-sarearen jarduerari eustea eta jarduera hori sendotzea, finantzaketa-arazoetarako konponbideak bilatzea eta efektu biderkatzailea sortzea.

Sailburua datorren asteko astelehenean bilduko da Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzarekin, eta geroago, hilaren 19an, Arabako patronatuko kideekin (SEA).

Ezohiko Finantzaketa Programari buruzko informazio guztia Euskadi.net webgunean kontsulta daiteke, honako esteka honetan:

http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/recurso_tecnico/comun/es_comun/adjuntos/PROGRAMA%20EXTRAORDINARIO%20AVALES%20v.5.pdf

 

Donostia-San Sebastián, 2012ko uztailaren 12a

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko