Berriak Kultura
Eu

Euskal Federazioen egoeraren ikerlana

2012.eko uztailak 12

Eusko Jaurlaritzak dauden 48 kirol modalitateen inguruko azterketa zehatza egin du

Kirol federazioek euren egiturak egokitu behar dituzte jasangarriak izateko eta parte-hartzeko kirolera gehiago bideratzeko eskaera sozialari erantzun behar dute

 

Kirol Zuzendaritzak azken bi urte hauetan euskal kirol federazioen inguruko azterketa zehatza eta sakona egin du euren benetako egoera zein den eta gerora begira zein aukera dituzten jakiteko. "Egungo gizartean aldaketa asko gertatu dira, eta nabarmendu beharra dago herritarrek gero gehiagotan egiten dutela kirola, ez soilik lehiatzeko, baita osasun arloko arrazoiengatik, gizarteratzeko edo norberaren ongizatea hobetzeko ere. Eskaera gero eta handiagoa denez, beharrezkoa da kirol egiturak egokitzea euren jasangarritasuna bermatzeko". Hori guztia azaldu du Kultura sailburuak, Blanca Urgellek, azterketa aurkeztu duenean.

Azterketak ondoko helburua du: zenbait proposamen izatea federazioak eta federazio horiek kirol sisteman duten funtzioak berrantolatu ahal izateko, baita egiten duten jarduera optimizatzen laguntzeko ere. "Jakin badakigu, adituen iritziaren eta datuen azterketaren bidez lortutako zenbait ondorio eztabaidagarriak izango direla, baina eztabaida lasai baten bidez baino ez diegu erantzuna bilatu eta topatuko azterketan aipatzen diren erronka anitzei", Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, Patxi Mutiloak, esan du.

 

Ondorioak

Txostenak zenbait alderdi orokor aztertu ditu, federazioek eurek emandako zenbait alderdi alegia, hala nola, gastuak (langileenak, funtzionamendukoak, baimenenak, kirol jarduerenak, prestakuntzarenak...), diru-sarrerak (lizentziengatik, diru-laguntzengatik, kirol jarduerengatik, prestakuntzagatik...), lizentzia kopurua eta motak (sexuaren, adinaren, mailen, etab.en arabera), antolaketa-egiturak (kontratatutako langileak, zuzendaritzan diren emakumeak), etab.

Hona hemen atera diren ondorio nagusiak:

1.- Federazioek ondokok erronkak dituzte (aipatzen den hurrenkeran): finantzaketa, gizartean eman diren aldaketetara eta eskari berrietara egokitzea eta egituren profesionalizazioa.

2.- Administrazioaren diru-laguntzak alde batera utzita, ondokoak izan daitezke euren finantzaketa-iturri nagusiak: babesa, kirol zerbitzuen eskaintza, ikuskizunak antolatzea, prestakuntza, instalazioen kudeaketa eta lizentziengatiko diru-sarrerak. Federazio batek ondoko finantzaketa izan beharko luke gutxienez finantzaketa publikoaz aparte: %40 eta %60 artekoa.

Datuen arabera, orokorrean batez bestekoa kopuru horretatik behera dago.  Federazioen %46,8ren auto-finantzaketarako maila %40 baino txikiagoa da.

Lizentziak emateagatik lortzen duten etekin garbiaren tarteari dagokionez, federazioen %66k %40 baino gutxiagoko tartea lortzen du.

3.- Gizarteak parte-hartzeko kirolera gehiago bideratzeko eskatzen du, baina gaur egun federazioak batez ere lehiatzeko kiroletara lotuta daude.

4.- Federazioen profesionalizazio maila eta langileen prestakuntza eta trebakuntza ez da egokia. Federazioak ez dira boluntarioetan oinarritu behar ondo funtzionatzeko.

Euskal federazioek guztira 67 langile dituzte kontratatuta; 33 langile lanaldi partzialean eta 34 pertsona lanaldi osoan. Horrek esan nahi du langile bat dutela 2.439 lizentziengatik.

Gaur egun langileak trebatzeko gastua %7koa da, bai federazioekin lotutako langileek jasotzen duten prestakuntza, bai modalitate bakoitzeko entrenatzaileen eta epaileen oinarria handitzeko eskaintzen den prestakuntza kontuan izanda.

5.- Asegurua da kirol lizentzia izapidetzeko duten arrazoi nagusia, eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera da hurrengo arrazoia. Kontuan izanda jendeak gero eta gehiago aisia kirola eta parte-hartzeko kirola egiten duela hau mehatxu bat izan daiteke. Lizentzien aseguruen liberalizazioak, aseguru pribatu edo arrisku anitzetarako polizen bidez, federatuen ihes garrantzitsua ekar dezake.

6.- Beharrezkoa da EAEn dauden federazioen kopurua murriztea. Federazioen %46,8k 1.000 lizentzia baino gutxiago dituzte. Gainera, kirol modalitate bereko federazioek euren arteko lankidetza maila eta administrazioarekiko harremana hobetu beharko dute.

7.- Gerora begira, federazioen batuketek edo elkarteek garrantzi handiagoa izan beharko dute. Federazioetarako oinarri eta administrazio-egitura komunak sortzeko ideiaren inguruan lan egin beharko dute. Gaur egun federazioen %44,6k dituzten gastu guzien %40 baino gehiago behar dute egitura-gasturako (langileak eta funtzionamendurako gastuak).

8.- Federazioek hobeto erantzun beharko dute emakumeen interes berezien aurrean. Kirolari osagarri sozial edo parte-hartzaile handiagoa eman beharko diote lehiatzeko osagaiaren aurrean, eta horrela bada, agian emakumeek motibazio handiagoa izango lukete federazioetan parte-hartzeko. Baina ez du ematen eremu horretan gizonek bezala parte hartuko dutenik. Emakume kirolarien lizentzien ehunekoa %21ekoa da, eta federazioen %75 ez da emakumeen %40ko kopura heltzen, berdintasunerako legeak hori gomendatzen badu ere. Zuzendaritza Batzarretan emakumeen parte hartzea ez da %15era heltzen, eta federazioen %92,6k ez du %40ko gutxieneko kupoa betetzen.

9.- Federazioen kudeaketan parte hartzeko arrazoia, botere organoen hurbiltasunarekin eta gizarte harremanekin lotzen da. Pertsona batzuek euren karguetan jarraitu nahi dute, eta horrek belaunaldien arteko aldaketa eragotziko du.   Federazioetako zuzendaritzako agintaritzek gehien jota 8 urteko iraupena izan beharko lukete. Jendeak ez du uste federazioen egungo hauteskunde-sistema benetan demokratikoa denik.

10.- Familien arabera, aztertutako datuek diote olinpikoak ez diren modalitateek -eta horien artean batez ere parte-hartzeko kiroletara zuzendutakoak daude-, lizentzia kopuru handiago dutela, %58k auto-finantzaketarako maila hobea duela, %63k lizentzia bakoitzeko diru-laguntza txikiagoa duela (ia 12 euro) eta %23k egitura-gastu txikiagoa dueka.

 

Metodologia

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzako teknikariek egin dute lana.

Halaber, pertsona adituen panelaren laguntzarekin lan egin da. Aditu hauek aukeratzeko hiru Foru Aldundien laguntza jaso da, nortzuk galdeketa bat erantzun duten.

Prospekzioko Delphi metodoa erabili da, galdeketa bidali zitzaien eta hiru asteko epea eman zitzaien horri erantzuteko. Erantzunak jaso eta bildutako guztiaren laburpena egin ostean berriz bidali zitzaien, berriz galdeketari erantzuteko, kasu honetan gainontzekoen erantzunak eta arrazoiketak ezagututa.

Aldi berean, euskal kirol federazioek eurek urteko diru-laguntzak justifikatzeko Eusko Jaurlaritzara bidali duten dokumentazioa aztertu da.

Adituen panelaren iritzietatik eta euskal federazio guztiek emandako kudeaketa-datuetatik abiatuta, agiri bat egin da non 10 oinarrizko ondorio jaso diren, baita 48 euskal federazioen erradiografia ere.

2 iruzkin
  • 2012.eko urriak 04

    ¿Cómo se han obtenido los datos (licencias, ingresos, gastos, distribución de los mismos, etc) de las diferentes federaciones? He estado comparando con datos que tengo, y difieren mis datos con los publicados.

    Eskerrik asko

  • @elenaozcoz
    2012.eko uztailak 12

    Comentario de Twitter:
    Las federaciones deportivas necesitan adecuar sus estructuras para ser sostenibles. Estudio del Gobierno vasco en http://t.co/ehheNTAq

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)