Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Euskadiko Enplegu Publikoaren Lege Proiektua (2012-07-10(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 10

Lege-proiektua, Euskadiko enplegu publikoari buruzkoa.

Gaur, Gobernu Kontseiluak Enplegu Publikoaren Lege Proiektua onartu du. Gobernu honek eta, zehatzago esanda, Justizia eta Herri Administrazio Sailak hiru hilabete darama proiektu hau lantzen, eta, denbora horretan guztian enplegu publikoaren arloan garatu dugun politikaren amaierako ondorioa da horrako lege hori.

Proiektu konplexua da, luzea (200 artikulu baino gehiago) eta oso landua. Helburu nagusia du gure autonomia-erkidegoan enplegu publikoaren kalitatea indartzea, hartara, zerbitzu hobea eskaini diezaien gobernu-maila guztiei, eta, azken batean, herritarrei.

2008tik, finantzak eta ekonomiak krisian ditugu, eta Jaurlaritzak ondotxo daki testuinguru horrek arlo publikoa gogor astindu duela, enplegu publikoan ere ondorio larriak izaten hasia dela.

Batzuetan zeharka beste batzuetan zuzenago, baina kritika dezente ari gara entzuten enplegu publikoaren gainean. Askotan, demagogia-hotsa darabilte, Euskadin eta Espainia osoan funtzionario publikoen irudiak berekin dituen betiko estereotipoen durundia.

Lehenengo egunetik, gobernu honek oinarrizko zerbitzu publikoei eta ongizate-estatuaren politika publikoei eustearen alde egin du, eta ezin ahaztu da langile publikoek ematen dizkietela herritarrei politika horiek. Garbi esan behar da, hortaz, behar-beharrezkoak direla (instituzioa bera defendatu beharra dago), baina horrek ez du esan nahi kalitatea eta eragimena hobetzeko eraldaketa sakonik proposatu ezin denik, lege honetan egiten dugunez.

Euskadi prest eduki behar dugu, krisitik berandu baino lehen irteteko, eta, horretarako, kalitateko enplegu publikoaren alde egin beharra dago, derrigor.
Enplegu Publikoaren Legeak beste arau-esparru bat dakar. Orain arteko eredua goitik behera berritzeko moduko hainbat elementu dauka (oraingo legea 1989koa da). Beste hainbat gauzatan, ordea, orain arte ere euskal enplegu publikoa, beste herri-administrazio batzuen aldean, modernizazio-eredu izan da, eta ereduzko gai horiek mantendu eta sakondu egin ditugu.

Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioa beste guztien aurretik ibili izan da enplegu publikoa modernizatzeko prozesuan. Hortxe dugu CORAME txostena, 1994koa; eta "enplegu publikoa antolatzeko eredu berri" baterako bultzada, zeinak, azkenean, 2005ean, hainbat erregelamendu-neurri onartzea ekarri zuen. Biak ala biak ere "erreferentzia-puntu" derrigorrezkoak izan dira, estatuko gainerako herri-administrazioetarako.

Lege honek aurrerabide horiek sendotu egiten ditu, edukian formalizatuz, baina ez hori soilik, bide horretan aitzinago doa, "arauketa aurreratu" oso berriztatzaile batzuez lagunduta. Arauketa berri horiek, zalantzarik gabe, arlo publikorako erreferente modura hartuko dituzte estatuko beste lurralde batzuek.

Euskadiko Enplegu Publikoaren legeak egiten duena da 2007ko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan (EPOE) jasota dauden oinarrizko ideiak hartu, eta egokitu, aurrera begira eta berri gogoz. Oinarrizko ideia horien xedea enplegu publiko profesionalagoa, eraginkorragoa, inpartzialagoa iristea da, euskal herritarrari zerbitzu hobea eman diezaion.
Orain arte, bi autonomia-erkidegok soilik onartu dute, EPOE garatu eta aurrera eginez, funtzio publikoari edo enplegu publikoari buruzko lege integralik (Valentziak 2010ean, eta Gaztela-Mantxak 2011n). Asturiasek, 2009an, zati batzuk garatzeko lege bat onartu zuen, karrera profesionala eta jadunaren ebaluazioa lantzearren.

Hortaz, Euskadi da funtzio publikoari buruzko araudia EPOEra egokitu duen lehenengo autonomia-erkidegoetako bat, batez ere egokitzapen-prozesu horrek berekin duen modernizazio-indarra baliatu nahian.
Baina lege hau urrunago doa. Gaur egungo oinarrizko legediak gure erara jokatzeko uzten digun tartea baliatuz, eta, hortaz, geure autonomia erabiliz, funtzio publikoaren betiko ereduaren paradigma berritzeko eta aldatzeko hainbat elementu dakar, esate baterako, enplegu publikoa lanpostuen bidez antolatzea, jardunaren ebaluazioa, karrera profesionala eta kode etikoa, besteak beste.

Azkenik, lege honen aplikazio-eremua euskal herri-administrazio guztietara zabaltzen da (1989ko legearena bezalaxe), baina foru- eta toki-autonomiari erabateko errespetua die, eta, kasurik gehienetan, langileak kudeatzeko tresna-andana izugarri zabal bat eskaintzen du, gobernu-maila bakoitzak bere lehentasun politikoen arabera aplika ditzan, bakoitzaren araugintza- eta antolaketa-ahalmenen arabera.

Zer duen berritik

1. Jardunaren ebaluazioa
Diseinatu dugun eredu berria fin-fin ibiltzeko gakoa da, antolakunde publikoetara emaitzen eta eragimenaren araberako kudeaketa darama-eta. Apurka-apurka sartu beharko da, zuhur, baina beldurrik gabe, iritzi publikoak enplegu publikoari zilegitasun handiagoa aitortuko baitio, benetan ikusten baldin badu enplegatua emaitzen arabera ebaluatzen dugula.

2. Karrera profesionalerako eredu berria
Enplegatu publikoen eskubide subjektibo modura eta, objektiboki, langileak kudeatzeko tresna modura. "Garapen profesionaleko mailak" hartu ditugu egonarri modura, eta, hortik abiatuta, enplegu publikoaren errebindikazio betidaniko eta behar bezala inoiz ebatzi gabe horri erantzun estrategiko eta sostengarri bat eman nahi izan diogu.

3. Zuzendaritza publiko profesionala
Lege honek tarteko erakunde bat sortzeko bidea dakar, erabaki politikoak hartzen diren esparruaren eta exekutatzen diren tokien artean ibiliko dena. Zuzendari-gaiek, aurretiaz, gaitasun profesionalak egiaztatu beharra izango dute, hori oinarri modura; eta, funtsean, kontua izango da kudeaketaren emaitzak aintzat hartzeko kultura sartzea. Estatuan, eredu hau aurreratuta doa, aitzindaria da, orain arteko beste lege batzuetan dauden mugak erraz-erraz gainditzen ditu, eta Euskadi demokraziarik aurreratuenetako ereduen parez pare jartzen du.

4. Enplegatu publikoen kode etikoa
Enplegu Publikoaren Lege honetan, euskal enplegatu publikoen printzipio etikoak eta jarduteko printzipioak datoz jasota, eskubideekin batera. Gai honetan, Eusko Jaurlaritzak orain arte ere bereziki arduratsu jokatu du, lehenagotik ere onartua baitu goi-karguen Etika eta Gobernu Onerako Kodea. Orain, oinarrizko legedian zehazturik dauden printzipioak zehatzago adierazita utzi ditugu, eta gaia bera sakonago jorratu dugu.

5. Giza baliabideak kudeatzeko plangintza
Langileak estrategikoki planifikatzeko hainbat modalitate jaso dugu, lanpostuak betetzeko beste prozedura jakin batzuk ere zehaztu ditugu, eta administrazio-egoera berrien katalogo bat ere taxutu dugu. Soldataren eta prestakuntzaren arloko neurriekin batera, tresna-andana polita dugu diseinaturik, zergei eusten nahikoa lan dugun garaietan arlo publikoan langileak optimizatzeko prozesuak abiarazi ahal izateko, horretarako arrazoi objektiborik baldin badago.

6. Beste berrikuntza batzuk
Euskal Enplegu Publikoaren Legeak dakartzan neurri berri eta berriztatzaileek beste esparru batzuk ere ukitzen dituzte, esate baterako: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea; IVAPen zeregina; enplegu publikoaren antolaketa; hautapeneko eta aurre-hautapeneko sistemak; prestakuntzaren zertarakoa; lansari osagarriak; lanpostuak betetzeko sistemak; negoziazio kolektiboa; eta hizkuntza-normalkuntzarako bultzada.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan