Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzak berriro gogorarazten dio Epsilon Euskadiri 3,3 milioi itzuli behar dituela konpromisoak ez betetzearren (2012-07-10(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 10

Erabakia, Epsilon Euskadi, S.L. sozietateari irekitako ez-betetze espedientea ebazteko dena, hain zuzen ere, hasierako inbertsioak egiteko eta, proiektu estrategikoa izanik, inbertsio horiekin lotutako enplegua sortzeko programaren barruan onartutako itzuli beharrik gabeko diru-laguntza dela-eta (2007ko deialdia).

Enpresak ez zuen bete 2007an hartutako konpromisoa, ez inbertsioari dagokionez ezta enplegua sortzeari dagokionez ere

Eusko Jaurlaritzak, gaur, atzera bota du Epsilon Euskadik Jaurlaritzaren Kontseiluaren martxoaren 6ko erabakiaren kontra jarritako berraztertzeko errkurtsoa. Epsilonek 2007an inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko konpromisoa hartu zuen eta horretarako diru-laguntzak hartu zituen. Jaurlaritzaren Kontseiluak, martxoaren 6an hartutako erabaki horren bidez, Epsilonek ez zituela baldintzak bete adierazi zuen.

Kasua ulertzeko, 2007ra jo behar dugu; Jaurlaritzaren Kontseiluak abenduaren 26an hartutako erabakiaren bidez, Epsilon Euskadiri itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bat eman zitzaion proiektu estrategikoetan inbertitzeko laguntza-programaren esparruan. Alabaina, Joan Villadelprat jaunak zuzendutako enpresak ez ditu sekula laguntza eragin zuten baldintzak bete.

Horregatik, 2011ko azaroaren 26an, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak konpainiari ez-betetzeagatiko espedientea ireki zion. Horrela, bada, aurtengo martxoan, ez-betetzearen adierazpena onartu zuen Jaurlaritzak. Erabaki hori dela eta, Epsilon Euskadik behar ez bezala jasotako zenbatekoa, hau da, 3.045.000 €, itzuli beharko du, eta horri 313.816,32 € erantsi beharko dizkio legezko interes gisa.

Epsilonek aurkeztutako errekurtsoa ikusita, Jaurlaritzaren Kontseiluak berretsi egin du bere erabakia, eta erabaki horren aurka administrazioarekiko auzi-errekutsoa jar daiteke.

Orain hilabete batzuk, Arabako Parke Teknologikoan kokatutako enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen, eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritza ere haren hartzekodun bihurtu zen. Ordurik hona, enpresa likidazio-fasean sartu da.

Espedientearen kronologia:

-2007ko irailaren 19a: Epsilonek diru-laguntza eskaera aurkeztu zuen, eta, horren arabera, 2007ko uztailetik 2011ko ekainera bitartean 97 enplegu sortzeko eta 30.450.000 € inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Hiru hilabete geroago, Jaurlaritzaren Kontseiluak itzuli beharrik gabeko 3.045.000 €-ko diru-laguntza emateko erabakia hartu zuen.

-2008ko uztailaren 28a: Eusko Jaurlaritzak enpresari 1.315.603,17 € ordaindu zizkion.

-2008ko abenduaren 15a: Eusko Jaurlaritzak Epsiloni 738.562,22 € ordaindu zizkion.

-2009ko uztailaren 13a: 348.088,20 € ordaindu zitzaizkion.

-2010eko abenduaren 28a: enpresak 642.746,41 € jaso zituen Jaurlaritzatik. Diru-kopuruak ordaintzen dira laguntza jaso dezaketen inbertsioen (32.966.131,06 €) arabera.

-2011ko ekainaren 20a: enpresak enplegua betetzeko luzapena eskatu zuen.

-2011ko ekainaren 23a: Industria Garapeneko Zuzendaritzak Epsilonen konkurtso aurreko prozeduraren hasieraren berri izan zuen, eta, luzapen horren emakida zehatz-mehatz aztertzeko xedearekin, zenbait azalpen eta dokumentu eskatu zizkion. Ondoren, borondatezko konkurtso-prozeduraren deklarazioari buruzko informazioa jaso zuen, 2011ko irailaren 7ko autoaren bitartez.

-2011ko irailaren 26a: Epsilon Euskadiri ez-betetzeagatiko espedientea ireki zitzaion, aipatutako laguntza-programaren Aginduaren 4.2 artikuluan ezarritako gutxienekoak bete izana ez justifikatzeagatik. Enpresari 15 eguneko epea eman zitzaion bere interesak defendatzeko egokitzat jotzen zuena adieraz zezan.

-2011ko urriaren 20a: Epsilonek idazki bat aurkeztu zuen, ekainaren 23an eskatutako dokumentazioarekin batera. Inbertitzaile baten bila zebilela zioen, eta enplegu-luzapena aktibatzeko eskaera egin zuen. Nolanahi ere, jardun horiek ez dituzte ez indargabetzen ez justifikatzen ez-betetzea eragin duten gertaerak.

-2012ko martxoaren 6a: Enpresak ez zituela konpromisoak bete adierazi zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak. Erabaki horren aurka errekurtsoa jarri zuen Epsilonek, baina Jaurlaritzak orain berretsi egiten du berriro erabaki hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan