Berriak Kultura
Eu

Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako denboraldia

2012.eko uztailak 12

Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako denboraldia

EGO-K IGOR STRAVINSKY MUSIKAGILEAREN "PETRUSHKA" BALETEKO LAN HANDIA PRESTATUKO DU BERE 15. URTEURRENA OSPATZEKO

Ekitaldi berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxako gizarte-ekintzek, Kutxabanken bitartez, kutxen eta EGOren arteko lankidetza-hitzarmena berretsiko dute 15. urtez jarraian.

Udan 15. denboraldiari ekingo dio Gazte Orkestrak, zalantzarik gabe bere historiako egitasmo handienetakoa eta zailenetakoa den horrekin.

EGOk "Petrushka" baleta interpretatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, panorama sinfonikoan den programa zailenetakoa eta ederrenetakoa.

Bakearen eta askatasunaren aldeko kulturen urtea den 2012 honetan EGOk bat egingo du programatu diren ekintzekin, eta Pau Casalsen El Cant dels ocels interpretatuko du birako kontzertuetan.

 

Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako denboraldia aurkeztu du gaur. Igor Stravinskyren "Petrushka" balet ospetsua prestatuko du orkestrak denboraldian. Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan egin den aurkezpen-ekitaldian Euskal Kutxen eta Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren arteko 2012rako lankidetza-hitzarmena sinatu dute Mikel Toral Kultura sustatzeko zuzendaria eta Fundazioko Ahalduna batetik, eta Jon Mancisidor Kutxabankeko Gizarte Ekintzen koordinatzaileak bestetik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren eta orain Kutxabanken bat egin duten BBK, Kutxa eta Vital Kutxa erakundeen Gizarte Ekintzen arteko lankidetzaren bidez gure erkidegoko musikari gazteen kalitatezko prestakuntza sustatu nahi dute sinatzaileek, eta hitzarmenarekin ildo horretan aurrerapausoa eman dute.

 

2012a, bakearen eta askatasunaren aldeko kulturen urtea

EGOk bat egingo du bakearen eta askatasunaren aldeko kulturen urtearen harira antolatu diren ekitaldiekin. Egitarauak lagungarri izan nahi du Euskadin askatasuna lortzeko eta elkarbizitza sendotzeko bidean, tolerantziaren eta gure etorkizunaren oinarri izango diren balio demokratikoen zabalpenean. Ildo horretan, EGOk Pau Casalsen El Cant dels ocels lana eskainiko du kontzertu-hasieran, bakearen ikur unibertsaletako bat baita.

Pau Casalsek etengabe borrokatu zuen Bakearen, Justiziaren eta Askatasunaren balioen alde. 1971n, bere jarrera goraipatzeko, Nazio Batuen idazkari nagusiak Bakearen Domina eman zion. Saria eskertzeko Pau Casalsek eman zuen hitzaldia eta ondoren eskaini zuen El cant dels ocells lanaren interpretazioa gogoangarriak izan ziren, haren giza dimentsioaren erakusgarri hunkigarrienetakoak.

15 urteko ibilbidea

Duela 15 urte, 1997an, eratu zen Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa. Datuak orkestraren jardunaren adierazle dira: musika sinfonikoa eta kamerakoa interpretatzen 150 kontzertutik gora, nazioarteko biretan emanaldiak dozena erdi herrialdetan, 12.000 entzule baino gehiago, eta 1.200 musikari gazte baino gehiago izan ditu partaide 15 urteotan.

Zenbakiek Fundazioaren sorrerako helburuak berresten dituzte:

 

  • Euskal Autonomia Erkidegoko musikari gazteei orkestra-musikan bestelako prestakuntza eskaintzea, lanean hasi aurreko trebakuntza osatuko duena, gure gazteen artean musika-balioak sustatuko dituena eta euskal kultura estatuan eta nazioartean zabalduko duena.

 

  • Musikari gazteak lan-munduarekin harremanetan jartzea, musika-ikasketa arautuen eta mundu profesionalaren artean zubi-lana eginaz.

 

  • Gure erkidegoko gazteen artean musika-balioak sustatzea.

 

  • Musika-ikasketa arautuko ikasle guztientzat musika ikasteko pizgarri izatea.

 

Horrelako data garrantzitsua ospatzeko asmo handiko musika-egitaraua prestatu dugu:

Musika-egitaraua

Musika-egitarauari dagokionez, uda honetako EGOren topaketa historiako osatuenetakoa da hezkuntza-eskaintzari begira. Honako errepertorio sinfoniko hau landuko dute partaideek:

                           

2012KO UDAKO TOPAKETAKO ERREPERTORIO SINFONIKOA (uztailaren 15-25):

 

Cant dels Ocels                 Pau Casals

 

Camile Saint Säens            Bacanal (Sanson eta Dalila)

 

Igor Stravinsky                  "Petrushka" - 1947ko bertsioa

                                   

Sanson eta Dalila itzal handiko opera frantziarra da, Camille Saint-Saëns musikagileak egina. 1877ko abenduaren 2an estreinatu zuten, alemanezko bertsioan, Weimarreko (Alemania) Grand Ducal antzokian. Espainian 1897ko urtarrilaren 9an eskaini zuten estreinakoz, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokian.

Dalilak Sanson seduzitzen dueneko istorio biblikoan oinarrituta dago obra, eta frantziar errepertorio estandarraren barruan dagoen musikagilearen opera bakarra da.


1868an, Saint-Saënsek oratorio gisa ekin zion obra konposatzeari, baina haren libretista Ferdinand Lemairek antzezteko modukoa zela sinestarazi zion, eta Liszt prest azaldu zen lana Weimarren ekoizteko, bertako musika-zuzendaria baitzen. Izan ere, Dukerri Handiko gortea kosmopolita, aurrerakoia eta musikazalea zen.

Operaren melodia ezagunenetakoa "Bacchanale" da.
Dagonen tenpluan gertatzen da istorioa. Bertan, filistearrak euren garaipena ospatzen ari dira, bakanala antolatu dute eta guztiak dantzan dabiltza.

Pieza oso efektista da, ekialdeko kutsua duen melodia-sorta zabala crescendo harrigarri eta bizian eskaintzen baitu, frantziar gustuaren adierazgarri.

I . Stravinsky            (1882-1971)                        "Petrushka" (1947ko bertsioa)

Petrushka baleta 1910-1911 epean konposatu zuen musikagileak, eta bizidun bilakatzen den txotxongiloaren istorioa kontatzen du. Lau koadrotan banatuta dago:

1. eszena <0}     Azoka inauterietan. Dantza errusiarra.

2. eszena      Petrushka.

3. eszena      Mairua.

4. eszena      Azoka inauterietan. Haurtzainen dantza. Nekazarien eta hartzaren dantza. Ijitoen dantza. Gurdi-gidarien dantza. Petrushkaren eta mairuaren arteko borroka. Petrushkaren heriotza.

 

Stravinskyk berak obraren sortze-prozesuaren analisia egin zuen:

"Udaberriaren sagarapenari heldu baino lehen, lan gogorra eta luzea izango zenez, atseden hartu nahi izan nuen pianoa protagonista izango zuen orkestra-pieza konposatuz, kontzertu-pieza modukoa, alegia. Musika sortzean txotxongiloaren irudia nuen buruan, bat-batean bizidun bilakatzen dena, orkestra sumintzen duena bere arpegio-turrusta maltzurrekin. Aldi berean, orkestrak mehatxuzko tronpeta-deiekin erantzuten dio. Zarata izugarria da emaitza, klimaxera iritsi eta txotxongilo koitaduaren kolapso tristearekin amaitzen dena..."

Petrushkaren partiturak aberastasun ugari eta askotarikoak biltzen ditu, eta keinu misteriotsu bat, gutxienez: Petrushka akorde ospetsua, tonubiko harmonia, non Stravinskyk do maiorren eta fa diese maiorren tonalitateak gainjartzen dituen. Ezohiko proposamen harmoniko hori Richard Straussek (1864-1949) Horrela mintzo zen Zaratustra (1896) poema sinfonikoaren amaieran egin zuenarekin alderatu izan dute. Azken lan horretan, egileak do maiorrean den akorde baten eta si maiorrean den beste baten arteko talka harmonikoa proposatzen du. Stravinskyk berak onartu zuen akorde hori irain modura sortu zuela, ez berak egindako irain gisa, baizik eta Petrushkak entzuleei egiten dien iraina bailitzen, obraren amaieran hildako txotxongiloaren arimak errepikatzen duena.

1947an, Stravinskyk Petrushkaren partitura berrikusi zuen, jatorrizko bertsioko orkestra handia murriztu zuen eta bestelako bukaera baten aukera proposatu zuen baletaren kontzertu-bertsiorako. Azken horretan, Petrushka akorde adoregabearen ordez, orkestra osoaren fortissimo bikainak ematen dio amaiera musikari.

 

Honako kontzertu-bira hau egingo du EGOk:

 

Uztailak 23              Gasteiz                   Principal antzokia              20,30ean

Uztailak 24              Donostia       Miramon (EOSen egoitza)              20,00etan

Uztailak 25              Bilbo                               Euskalduna              20,00etan

           

Udako irakasleen taldea honako hauek osatzen dute:

 

Biolina           Catalín Bucataru                      Musikene

Biolina           Anna Siwek                              Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Biola             Castor Narvarte                       Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Biolontxeloa   Tomasz Przylecki                            Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Kontrabaxua  Francisco Javier Fernández       Nafarroako Orkestra Sinfonikoa     

Zurezko H.     Herve Michaud                                Euskadiko Orkestra Sinfonikoa       

Metalezko H.  Rodolfo Epelde                         Espainiako Orkestra 

Perkusioa      Iñaki Telleria                                    Barakaldoko Banda

 

Topaketa Eibarko hezkuntza-esparruan egingo da.

Bertan, Juan Jose Ocón izango da zuzendari artistikoa.

Bukatzeko, EGOk Orkestrako lehengo eta oraingo 20 musikariri entzunaldia egingo die, orkestra profesionaletan orkestra-praktikak egiteko aukera eskainiz. Ekimenaren helburua orkestra horietan lan egiteko aukera sustatzea da. Oraingoan, musikariak hartuko dituen orkestra Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Mancisidor, Juan José Ocón