Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Bultzatu 2025 Eraikuntza Iraunkorraren Ibilbide Orria aurkeztu du

2012.eko uztailak 11

Dokumentua sinatu dute Etxebizitza, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko sailburuek eta Lehendakaritzako idazkari nagusiak

Datozen 13 urtetan, 1.300 milioi euro baino gehiago mugitu ahal izango dira urtean, 10.800 lanpostu baino gehiago sortu edo finkatu ahal izango dira urtean, energiatan urtean 49 milioi euro aurreztu ahal izango dira eta itzulera fiskalean 160 milioi euro berreskura daitezke urtean.

Eusko Jaurlaritzako lau sailburuk, Iñaki Arriola, Bernabé Unda, Gemma Zabaleta eta Pilar Unzaluk eta Lehendakaritzako Idazkai Nagusi den Manu Salinerok, Bultzatu 2025 eraikuntza iraunkorraren ibilbide-orria sinatu dute, Jaurlaritzak sustatutako eraikuntza iraunkorrerako planaren jarduketa-ildo nagusien berri emateko.

Plangintza estrategikorako eta epe luzeko jardunen ezarpenerako laguntza-tresna gisa egituratzen da, erabiltzaileei prestazio hobeak eskaintzeko gai diren etxebizitzen parke baterantz aurrera egiteko, ingurumena gehiago errespetatzen dutenak eta jarduera ekonomikoko motor gisa jardungo dutenak, Euskadin eraikuntzaren sektorea eraldatzeko lagungarriak diren produktu eta zerbitzu aurreratuen eskariaren bitartez.

Etxebizitzaren arloko esku-hartzea funtsezkoa da, besteak beste herrialde honetako biztanleen gizarte-ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin, inklusibotasunarekin, energia-eraginkortasunarekin edo garapen teknologikoarekin eta enpresa-garapenarekin lotutako beste ekimen eta estrategia batzuk eraikitzeko euskarri-politika gisa.

Planaren helburua da Berrikuntza-dinamika bat ezartzea Eraikuntzaren eremuan, eta Euskadi 2025ean Eraikuntza Iraunkorraren Europako erreferente gisa kokatzeko tresna erabakigarri bihurtzeko garatu beharreko ekintza nagusiak lehenestea eta planifikatzea.

Datozen 13 urtetan, 1.300 milioi euro baino gehiago mugitu ahal izango dira urtean, 10.800 lanpostu baino gehiago sortu edo finkatu ahal izango dira urtean, energiatan urtean 49 milioi euro aurreztu ahal izango dira eta itzulera fiskalean 160 milioi euro berreskura daitezke urtean.

Ekimen hau, Etxebizitza Saila buru dela, Innobasqueren laguntzaz, Eusko Jaurlaritzak, horren sozietate publikoek (EEE, IHOBE eta Visesa) eta tartean diren klusterrek (Eraikune, Aclima, Gaia eta Energia) elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta helburu nagusia du etxebizitzaren, berrikuntzaren, enpleguaren, energiaren eta ingurumenaren arloko politikak egungo eta etorkizuneko europar politiketara hurbiltzea, eta horretarako, konpromiso batzuk finkatzea bai eraikuntza berriei, bai birgaitzeei begira (eta emaitzei nahiz horiek lortzeko jarduketei dagokienez). Plana epe ertain-luzean gauzatzekoa da, eta 2025ean lortu beharreko hainbat helburu ezartzen ditu.

Helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzak eta agente ekonomiko eta sozialek parte hartzen duten dinamika bat martxan jarri eta garatzea.

Eraikuntza Iraunkorraren kontzeptua garatuko da, etxebizitza, energia eta ingurumen, enplegu eta lehiakortasunen arloan ezarritako helburuak betetzen direla bermatuz; energia- eta ingurumen-arloko eskakizun-maila handituko da eraikuntzan eta etxebizitzen birgaitzean, herrialde aurreratuenetako politikekin parekatuta, eta eraikuntzaren sektorearen eraldaketan lagunduko du, gaitasun berrien sorrera eta teknologia berriaren edo hobeagoaren garapena ahalbidetuz eraikuntza iraunkorraren esparruan, beste sektore batzuekiko lankidetzaren emaitza gisa, hala nola energia, ingurumen eta IKTen sektoreekiko.

Ibilbide-orri honekin lortu nahi da iraunkortasunean eragina duten planetan euskal etxebizitzen sektorearentzat ezarritako jomugak erdiestea, batez ere Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) ezarritakoak, 2020rako etxebizitzen sektorearen energia kontsumoa joerarekiko % 8,7 jaistea eskatzen baitu. Baina honekin batera, herritarren bizi kalitatea hobetu nahi da, eta estrategia horren baitan aipa daiteke kronikoei emandako atentzioa (Kronibasque plana), zahartzaro aktiboa (Etxean Ondo plana), bi plan horien oinarri fisikoa etxea baita.

Ekimena honako bost lan-ildo hauetan egituratu da:

  • Arauzko garapena: xedea da Europako zuzentarauak eraldatzeko beharrezkoa den arau-esparrua garatzea eta kudeaketa-tresnak diseinatzea
  • Eskariaren aktibazioa: xedea da gizarte-sentsibilizazioko mekanismoak definitu eta garatzea, eraikinak mantentzeko kultura ezartzeko eta jabeen inbertsiorako borondatea aktibatzeko
  • Baliabideen mobilizazioa eta finantziazioa: behar diren inbertsioen kudeaketarako finantziazio-esparru publiko-pribatua zehaztu eta garatu beharko litzateke
  • Eskaintzaren garapena: xedea da produktuen eta zerbitzuen eskaintzaren garapena dinamizatzea eraikuntza iraunkorraren esparruan, eskaintza prezio lehiakorretan bermatzeko eta loturiko sektoreen lehiakortasunaren berrikuntzarako eta hobekuntzarako sustapenean laguntzeko
  • Prestakuntza: xedea da profesionalen -landunak nahiz langabeak- gaikuntzarako eta enplegua sortzeko behar diren tresnak zehaztu eta garatzea.

Parke eraikiaren gaineko birgaitze-lanak erabakigarriak dira euskal bizitegi-sektorearen iraunkortasuneko portaera hobetzeko, eta eraikuntza berriak baino jardun- eta inpaktu-potentzial askoz handiagoa eskaintzen du. Birgaitze integralen orokortzea funtsezko bidea da bizitegi-eraikuntzaren iraunkortasuna bizkortzeko, eta ezinbesteko baldintza da eremu horretan finkatutako helburuak lortzeko.

Egoera horretarantz aurrera egiteko:

Ezinbestekoa da Europako zuzentarauek eskatzen dituztenak baino eskakizun-maila altuagoak txertatzea garatu beharreko eraikuntza-jardueran, eraikuntzak klimaren aldaketan duen inpaktua txikiagotuz eta energia-baliabideen eta baliabide naturalen kontsumoa murriztuz.

  • Ezinbestekoa da birgaitze integralari bultzada irmoa ematea
  • Denborazko urgentzia dago.
  • Mobilizatu behar den inbertsioaren zenbateko handia aintzat hartuta, inplikaturiko administrazio-agente guztien baterako bultzada koordinatua egin behar da, eta ekimen pribatuen, negozio-eredu berrien eta finantziazio-formula berrien ekarpena gehitu behar da
  • Bereziki, nabarmen handitu behar da etxebizitzak eta eraikinak birgaitzera bideratutako inbertsio-maila, eta eraikuntzaren sektorean geroz eta garrantzi handiagoa duen negozio-arlo gisa egituratu behar da.

Euskadiko eraikuntza iraunkorraren ibilbide-orria garatzeko, ekitaldi horretan bertan aholku-komite bat sortuko da, plana nola gauzatu adosteko, plana lagundu eta epe ertain-luzean garatzen dela bermatzeko, ibilbide-orrian jasotako jarraibideak kontrastatzeko eta gerora abiarazi beharreko ekintzei buruz aholkuak emateko. Komite hori eraikuntza-sektorearekin, enpresa, finantza eta industriarekin lotutako hainbat eragilek osatuko dute.

Eraikuntza iraunkorra

Eraikuntza iraunkorra da obra berri bat edo birgaitze-lan bat egitea, baina dagoen potentzial osoa aprobetxatuz, etxebizitzaren erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea handitzeko eta autonomia pertsonala mantentzeko behar diren baldintzak eta zerbitzuak bermatzeko; eraikinaren bizitza osoan baliabide gutxiago kontsumitzeko eta gutxiago kutsatzeko; eta Euskadin balio-kate osoan diharduten enpresetan gero eta lan gehiago sortzeko.

Testuinguru estrategikoa eta arau-esparrua

Eraikuntza iraunkorrak hainbat parametro biltzen ditu bere baitan, hala nola, bizigarritasuna; irisgarritasuna; eraginkortasuna (energiaren, uraren eta lurzoruaren gisako baliabideen kontsumoari dagokionean); berotegi-efektuko gasen isurketa, eta negozio eta enpleguen sorrera.

Europar Batasuneko estrategia-esparruari jarraituz, 2020rako <<20/20/20>> helburua lortu beharra daukagu klima eta energiaren arloan, hala ezartzen baitu Europa 2020 estrategiak. Horrek esan nahi du estatuek konpromiso hauek hartu dituztela: negutegi efektuko isurketak % 20 gutxitzea, 1990koekin alderatuta; erabiltzen dugun energiaren % 20 iturri berriztagarrietatik ateratzea; eta nergia primarioaren kontsumoa, aurreikuspenekiko % 20 gutxitzea.

Epe luzeagora begira, bistan da exijentziak gero eta handiagoak izango direla, Europar Batasunaren helburua baita 2050erako berotegi-efektuko isurketak, 1990koekikn alderatuta, % 80 gutxitzea, eta, etxebizitzen eta zerbitzuen sektoreari dagokionez, gainera, zifra hori % 90era iristen da.

Euskadira etorriz, ingurumen eta energiaren arloan 2020rako dauzkagun helburuei dagokienez, plangintza-tresna nagusiak honako hauek dira: EcoEuskadi 2020, Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) eta Klima Aldaketaren Aurkako II. Euskal Plana (2012-2020), Kronikbasque, Enpleguaren Euskal Plana eta Etxean Ondo.

Egungo egoera Euskadin

Ezaugarri nabarmenenak honako hauek izango lirateke:

  • 1.004.740 etxebizitzez osatutako parke bat dago, etxekoen unitate bakoitzeko bi laguneko okupazio-ratioarekin, gutxi gorabehera.
  •  39 urtetik gorako antzinatasuna du. Europako etxebizitza-parke zaharrenen artean bigarrena da, Erresuma Batukoaren atzetik.
  • Edukitze-erregimen "mediterraneoa", jabetzako edukitze-erregimena nagusituz, etxebizitzen % 93raino iristen baita, eta horrek zailagoa egiten du bizitegi-eraikinetan esku-hartze integralak egitea.
  • Portaerari dagokionez, euskal gizartearen % 31 kalteberatasun handiko edo oso handiko tipologia duten etxebizitzetan bizi da, eta bizitegi-eraikinen % 15ek berehalako esku-hartzea behar dute. % 9,7k urritasunak ditu, gutxienez, bere kontserbazio-egoeran.
  • Bizitegi-eraikinen % 76,8 jotzen dira sartzeko ezintzat, eta euskal gizartearen % 18,8k identifikatzen du eraikina beren mugikortasun-arazoen gune nagusi gisa. Etxebizitzen % 29k ez dute igogailurik.
  •  Bizitegi-sektoreak azken energiaren % 11,66 kontsumitzen du.

Eraikuntzaren jarduerari dagokionez, bizitegi-arloan:

  • Obra berriko eraikuntza moteltze nabarmena pairatzen ari da, eta, lehen aldiz, etxebizitza libre baino etxebizitza babestu gehiago eraikitzen ari dira.
  •  Azken urteetan gora egin duen jarduera bada ere, eta krisiaren ondorioz behera egin ez badu ere, birgaitzearen tasa Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren jarduera osoaren gainean % 10 da, hau da, Europar Batasuneko batez bestekoa baino askoz txikiagoa, % 61,7ra iristen baita.
  • Sektorearen ezaugarri nagusietako bat da gutxi berritzailea dela, eta inbertsio baxua duela I+G+Bko arloan, negozio-zifraren % 0,15era bakarrik iristen baita. I+G+Bko ahaleginen hobekuntzak eraikuntzaren balio-kate osoa estali behar du konponbide iraunkorren eskariari erantzuteko gaitasuna sortzeko eta geroz eta orokorragoa den merkatu batean etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Eraikuntza Iraunkorraren Aukera

  • Eraikinetan beste esku-hartze batzuekin batera garatzen diren energia-birgaitzeak bi edo hiru aldiz eraginkorragoak dira kostuari dagokionez.
  •  Eraikuntzak eta etxebizitzak funtsezko papera dute adinekoen eta mendekoen bizitza-kalitatean eta arretan
  •  Bizitegi-parkean irisgarritasunaren eta erosotasunaren hobekuntzak etorkizuneko kostu handiak ekidin ditzake arreta soziosanitarioari dagokionez.
  •  Aukera eraginkorrena da Klima Aldaketari eta energia-mendekotasunaren arriskuei aurre egiteko, hain zuzen ere epe laburreko emaitzekin energia-eraginkortasunerako neurriak ezartzeko ahalegin txikiagoak eskatzen dituelako, eta Klima Aldaketarekin lotutako helburuak betetzen eta energia-tarifa murrizte laguntzen duelako.
  • Merkatu-aukera paregabea da, eraikuntzaren sektorea birmoldatzea bultzatzeko aukerarekin, hain zuzen ere sektorea aldatu eta berrikuntzarekin bultzatutako eta klima-aldaketaren edo zahartzearen moduko etorkizuneko erronkei aurre egitera bideratutako sektore bat egiteko aukera ematen duelako, birgaitzean eremuko aukerak bultzatu eta aprobetxatzeko gai dena.
  • Enplegu-nitxo nagusietako bat da: eraikinen berrikuntza oso bizia da laneskuan (enplegua sortzeko duen gaitasuna garraio-azpiegituretan inbertsio berbera eginez lortzen dena baino bost aldiz handiagoa da). Inbertitutako milioi euro bakoitzeko zuzeneko 8-14 enplegu sortzeko gaitasuna dauka birgaitzeak. Enpleguaren zati handiena tokikoa da, modu homogeneoan banatua lurraldean barrena, eta ETEek eta profesionalek garatua.
  • Zerga-itzulkin handiak eta finantziazio-aukerak dituen inbertsioa da: Laguntza-euro bakoitzeko zuzeneko inbertsioko 6,9 euro mobilizatzen dira (16,3 euro guztira, eragindako ondorioak kontuan hartuta), eta 1,37 euroko zerga-itzulkina lortzen da (0,55 euro Jaurlaritzak berreskuratua).
3 iruzkin
  • @ZeroLAB_energia
    2012.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    http://t.co/yeoKf4Yo El Gobierno Vasco ha presentado la Hoja de Ruta para la Edificación Sostenible, Bultzatu 2025

  • @ClimateSt
    2012.eko uztailak 11

    Comentario de Twitter:
    One more way the #Basque Country is leading #sustainability efforts in @Spain http://t.co/NUU5YmmS #Bultzatu2025

  • @ClimateSt
    2012.eko uztailak 11

    Comentario de Twitter:
    En dirección opuesta al #paro - el Gobierno Vasco presenta la ruta a la Edificacion Sostenible, creando #empleos http://t.co/NUU5YmmS

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)