Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea

2010.eko otsailak 15

 

"Diru-sarrerak bermatzeko Legearen erronka  da laguntzak jasotzen dituztenak aktibo bihurtzea lanari dagokionez

  • Legearen helburua Diru-sarrerak Bermatzeko Legea errenta aktibo bihurtzea da, prestazioetarako eskubidearen eta gizarteratu eta laneratzeko eskubidearen bidez.

 

  • Prestazioaren trukean, eskatzaileak Gizarteratze Aktiboko Hitzarmen edo kontratua sinatu beharko du.

 

  • 2010-2015eko Gizarteratze Aktiboko Plan berria aurten, bigarren seihilekorako prest izango da, eta luzaroko langabezia-egoeran daudenak aktibatzea izango du helburu.

 

 Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lana eta Berdintasunaren Batzordean izan da gaur goizean, eta Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen garapena azaldu du. Arau horren bidez, herritarren arteko eskubide-berdintasuna sendotu nahi da, gizarte-babesean oinarrituta eta enplegua sustatuta. Araua 2008ko abenduan onartu zen eta onartu zenetik 2009ko martxoko hauteskunde autonomikoetara oso denbora gutxi izan zenez, ezin izan zen legea garatu aurreko legegintzaldian.

 Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ardura bere gain hartu bezain laster, sailburuak erabakitako lehenengo ekimenetako bat araua garatzea izan zen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta errenta aktibo bihurtzeko helburuarekin, Europako beste herrialde batzuetan (Frantzian edo Alemanian) egiten ari den bezala, eta legeak berak ezartzen duen moduan; hori guztia eskubide bikoitz baten bitartez: prestazioak jasotzeko eskubidea eta gizarteratu eta laneratzeko eskubidea.

 "Legeari esker", esan du sailburuak agerraldian, "herrialdeko politikak defendatu ahal izango ditugu, betiere herritarren babesa xede izanik baina gizarte subsidiatuaren gehiegikerietan erori gabe.  Legearen erronka eta aukera handia hauxe da: gaur egun arauak eskaintzen dituen laguntza sozialak eskatu beharrean dagoen jendea aktibatzea, lanari dagokionez". "Orain, eskubide bikoitza bermatzen duten politikak gauzatzen ditugu: prestazio ekonomikoa beharra duten familientzat, zalantzarik gabe, baina baita gizarteratzea ere; Jaurlaritzak beti gogoan du gizarteratzea, eta erantzunkidetasunean oinarritutako laneratzeko politika aktibo sendo eta eraginkorren bidez gauzatu nahi du", nabarmendu du sailburuak.

 Prestazioaren trukean, eskatzaileak Gizarteratze Aktiboko Hitzarmen edo kontratua sinatu beharko du. Laguntzak jasotzen dituenaren eta Administrazioaren arteko kontratua izango da, eta horren arabera, hartzaileak -kasu askotan, luzaroko langabeak izaten dira- lan-arloan aktibatzeko prest egon beharko du. "Horri dagokionez, Jaurlaritzaren eskakizun-maila oso handia izango da, handia baita sistemaren babes-maila", adierazi du Zabaletak.

DEKRETUAK

 Onartutako aurreneko dekretua Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarriarena izan da eta 2010eko urtarrilaren 1ean hasi zen indarrean. Beharra duten familien alokairu-gastuak ordaintzera zuzenduta dago  prestazio hori, zeina eskubide subjektibo bihurtu baita, eta alokairu-arloko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) ordezkatuko ditu. GLLak oso garrantzitsuak izan dira urte hauetan guztietan gizarte-babesaren arloan, baina ez zuten behar bezala bermatzen alokairuaren ordainketa.

 Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria 250 edo 320 eurokoa da. Lehenengo zenbatekoa orokorra da, bigarrena hiru kide dituzten familientzat, edo Diru‑sarrerak bermatzeko errenta lan-errentekin osatzen dutenentzat. Zenbateko horiek helburua enplegu-pizgarriak izatea da, eta benetako beharrizanei erantzutea. Aurreikusten denez, Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria 16.200 hartzailerengana iritsiko da 2010. urtean, eta 43, 1 euroko aurrekontu zabalgarria izango du.

 Berritasun garrantzitsuena etxebizitzako bi prestazio baino ez ematean datza (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria); izan ere, diru-sarrera nahikorik izaten ez denean, etxebizitza partekatzea albernatiba bai izan baitaiteke, baina ez "etxebizitza bakar batean batzuetan zehaztu ere egin ezin diren pertsona-kopuruak pilatzea; izan ere, leku horiek beste tratamendu bat izango baitute gizarte-zerbitzuen etorkizuneko eskaintzan, baina ez banakako eskubideak baino bermatzen ez dituen lege baten bitartez. Helburua ez da inoren eskubideak murriztea, eskubide horiek antolatzea baizik", zehaztu zuen sailburuak.

 Diru-sarrerak bermatzeko Errentari buruzko dekretua izango da onartuko den hurrengo dekretua.  Dekretu horrek gainditu du, dagoeneko, kanpoko kontsulta-organoetara igortzeko izapidea, eta une honetan, Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenak falta dira, baita Justizia eta Herri Administrazio Saileko Aholku Batzorde Juridikoak egiten duen legezkotasunarena ere. Berritasunen artean, 18 eta 23 urte bitarteko gazteen artean errenta hori zeinek jasoko duten zehaztean da, Legeak dioen bezala, bazterkeria-arrisku handiko egoeretan bizi direlako edo jadanik helduen bizimodua dutelako: haien kargura seme-alabak edo ezinduak dituzten 23 urtetik beherakoak, aita eta ama gabeko umezurtzak edo adin horietan ezkonduta edo egoera baliokidean dauden gazteak, edo babes-etxeetatik ateratzen diren eta laguntzarik edo familia-ingurunerik ez duten adingabeak.

 Gizarteratze aktiboko Hitzarmenen dekretuari dagokionez, Sailak martxoaren erdialderako prest izango du lehen zirriborroa, Erakunde arteko Batzordean eztabaidatzeko. Gizarteratzeko Hitzarmenei buruzko dekretua Jaurlaritzaren gako-elementua da 2010. urte honetan pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako politikei dagokienez; izan ere, 2010. urtea gai horrekin loturiko Europako urtea baita. Gizarteratzeko Hitzarmen berriak tresna izango dira; hain zuzen ere, laguntzek ematen duten babesa eta babes hori jasotzen duten herritarrei eskatu beharreko esfortzua lotzen dituzten politika publikoen tresna, herritar horiek aktiba daitezen, lanari dagokionez. Laguntzak jasotzen dituenaren eta Administrazioaren arteko kontratua izango da, eta horren arabera, hartzaileak -kasu askotan, luzaroko langabeak izaten dira- lan-arloan aktibatzeko prest egon beharko du. "Horri dagokionez, Jaurlaritzaren eskakizun-maila oso handia izango da, handia baita sistemaren babes-maila", azpimarratu du Zabaletak.

 Gizarte Larrialdiko Laguntzen dekretuaren lehen zirriborroa ere abian dago. Sailak apirilaren bigarren asterako prest izango du eta Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordean aurkeztu ahal izango du. Ekarpenak egiteko fasea gainditutakoan, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluak txostena egin beharko du nahitaez. Aurreko bi dekretuen kasuan bezalaxe, hurrengo izapidea kontsulta izango da, Jaurlaritzatik kanpoko organoei kontsulta egitea, alegia; organo horiek ere txostena egin beharko dute, eta jarraian, barne-fiskalizazioa, bai Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoan, bai Aholku Batzorde Juridikoan. Sailak "jarraipen zorrotza" egingo die EAEko udalerrietan aurkezten diren Larrialdiko Laguntzen premiei.

 Beste gai garrantzitsu bat 2010-2015eko Gizarteratze Aktiboko Plana idaztea da. Aurreko Erakunde arteko Planaren indarraldia amaitzen denean ekin behar zaio idazteari, eta 2009ko abenduaren 31n amaitu zen. Orain, emaitzak ebaluatu behar dira. Plan hori ez da izango aurreko erakunde arteko bi planen jarraipen soila.  "Gizarteratze Aktiboko Plana izango da, helburu nagusia luzaroko langabezia-egoeran daudenak aktibatzea baita", nabarmendu du Gemma Zabaletak.

 "Gure nahia", zehaztu zuen sailburuak "datozen bost urteetan politikei buelta emateko aukera emango digun plana edukitzea da, gizarte politiken eta aktibazio-politiken (prestakuntza, enplegu babestua, iraupen luzeko langabetuen kontratazioak, etab.) arteko gastua orekatua izan dadin. Enplegurako aktibazioa, beste batzuetan gertatutakoa gerta ez dadin: ia enplegu beteko egoeran geunden eta, aldi berean, gero eta gehiago ziren Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak".

 Helburua zera da: behar diren laguntzekin, baina norberaren ezinbesteko protagonismoarekin, prestazioaren hartzaileak bere burua berriro kokatzea gizarteratzearen eta autonomia pertsonalaren bidean. "Hori da onartuko  dugun legearen filosofia eta letra", gogorarazi du sailburuak. Gizarteratze Aktiboko Plan berria urte honetan, bigarren seihilekoan aurkeztu nahi dute.

 Bestalde, erakunde arteko koordinazio-organoaren eta parte-hartze organoaren araudiak idazten ari dira; Legearen arabera, lehenak Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea izena du eta bigarrenak Gizarteratzeko Euskal Kontseilua. Kontseiluan instituzioek ez ezik, hirugarren sektoreko erakundeek ere badute ordezkaritza. Bi araudiak ekaina baino lehen prest izatea da asmoa.

 

             

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)