Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aguntzak kendu dizkie 3.100 pentsioduni

2012.eko uztailak 07

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak diputatu nagusiarekin berehala biltzeko eskaera egin du, “neurri hori konpontzeko eta Gipuzkoako pentsiodunek Aldundiaren erabaki horren ondorioak pairatu behar ez izateko, ahulezia-egoeran dagoen kolektiboa den aldetik”

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ohartarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki onartu duen Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) dela-eta, Gipuzkoako 3.130 pentsiodun laguntza osagarririk gabe geratu dira. “DBLa kudeatzen hasi aurretik ere laguntzak kentzen hasiak dira dagoeneko, egoera oso txarrean dagoen kolektibo horri dagokionez eta, gainera, atzeko atetik”, salatu du Javier Ruiz Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere bulego-sarearen bitartez jakin du Gipuzkoako Foru Aldundia murrizketak egiten hasi dela; izan ere, Sailaren bulegoetara joaten hasi baitira neurriaren eraginpean hartutako pentsiodunak, Lanbideren babesa eskatzeko. Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bilera bat egin nahi du lehenbailehen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Aldundiak bere kabuz hartu duen erabakiaren eraginpeko pertsonei kalterik ez eragitearren.

“Pertsona horiek ez daude egoera onean eta Aldundiak informazio indibidualizatua eman beharko lieke; gure ustez, laguntzak ezin zaizkie horrela, bat-batean, kendu eta gure Sailarekin lankidetzan jardun beharko luke, kolektibo horri kalterik egingo ez dion konponbidea bilatzearren”, esan du Ruizek.

Halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik gogorarazi dutenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak (DBE) ez ditu prestazio horiek automatikoki ordezten; izan ere, Gipuzkoako murrizketen eraginpean hartutako pertsona guztiek ez baitituzte betetzen prestazio hori jasotzeko baldintzak, pentsioen osagarriaren aldaeran. Egia esan, laguntzak automatikoki etetearen ondorioz, kalte larria egin dakieke gipuzkoar askori eta, bereziki, adinekoei edo desgaituei; kasu horietan, larritasuna eta ezinegona baino ez die eragingo neurri horrek.

Hori guztia kontuan izanik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ustez Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabide ez oso garden horren berri eman behar da; izan ere, Diru-sarrerak bermatzeari buruzko Dekretuan xedapen indargabetzaile bat txertatuta ezabatu ditu laguntza horiek eta Dekretu horretan laguntza horiekin loturarik ez duten (ez helburuari dagokionez, ez zuzenduta dagoen biztanleriari dagokionez) alderdiak arautzen dira.

Eraginpean hartutako pertsonak asko dira, 3.130 lagun inguru, baina hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die jakinarazi laguntza horiek ezabatzeko erabakia hartu duela. “Antza, Gipuzkoako Aldundiaren maniobra bat da hori guztia, gure adinekoei arreta emateko funtsak murriztu eta mugatzeko maniobra, hain zuzen”.

Gaitzesteko modukoa, formari eta edukiari dagokienez

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ez du ulertzen Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazpenik egin ez izana erabaki horri buruz eta eraginpeko pertsonen egoerari buruz. Jakinarazpenak egin izan balitu, egoera bakoitzean erantzun pertsonala eta indibiduala emateko aukera izango zukeen, hartzailea etxetik aterarazi behar izan gabe; izan ere, ez dugu ahaztu behar eraginpean hartutako pertsona asko adinekoak eta desgaituak direla. “Gure ustez jardun hori gaitzesteko modukoa da, bai edukiaren aldetik, bai formaren aldetik”, esan du Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dio jaramonik egin administrazioen arteko lankidetzaren oinarri-oinarrizko arauari, herritarrari ahalik eta zerbitzu onena emateak izan behar bailuke administrazioen xede. Eta are gehiago kapitulu horretan, adinekoei edo desgaituei buruz ari gara eta.

Murrizketa horren eraginpean hartutakoen artean, kotizazio gabeko pentsioen 2.700 onuradun daude, Gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko subsidioa jasotzen duten 120 pertsona eta Gizarte Ongizateko Funtsaren pentsioak (zahartasunagatik eta gaixotasunagatik) jasotzen dituzten beste 310 lagun.

3 iruzkin
  • @albertoayala11
    2012.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco denuncia que la Diputación de Gipuzkoa deja sin ayudas a 3.100 pensionistas http://t.co/kUv0wE7g

  • @jgdelsol
    2012.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco denuncia que la Diputación de Gipuzkoa deja sin ayudas a 3.100 pensionistas http://t.co/kUv0wE7g

  • @GPdMG
    2012.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    "@Irekia: El Gobierno Vasco denuncia que la Diputación de Gipuzkoa deja sin ayudas a 3.100 pensionistas http://t.co/uZspwIni" <- #bildufacts

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)