Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Sprilur-ek erabaki du ekimen pribatuarekiko lehia desleiala saihestea eta lurzoru politika zorrotz aplikatzea Gilsa-n

2012.eko uztailak 06

 

Sprilur-ek erabaki du ekimen pribatuarekiko lehia desleiala saihestea eta lurzoru politika zorrotz aplikatzea Gilsa-n

 

  • Prezioa merkatukoa baino gehiago jaistea Estatuko laguntza bezala uler liteke, espekulazioa indartu lezake eta lehia desleiala gerta liteke enpresari pribatuentzat.

 

Gilsa-ko Administrazio Kontseiluko presidente eta Gasteizko alkate Javier Marotok ahoz eta inolako dokumentaziotan oinarritu gabe aurkeztu du gaur Jundiz industrialdean lursailak saldu eta alokatzeari buruzko proposamena.

 

Marotok jendaurrean ezagutarazi zuenetik astebetera azaldu die bere plana Gilsa-ko bazkide instituzionalei (tartean Sprilur). Gai ordenatik kanpo eta zehaztapen gehiagorik eman gabe egin du aurkezpena.

 

Iragarpen hori ikusirik, Sprilur-eko ordezkariek eskatu diote idatzizko plan zehatz bat aurkeztu dezala. Gainera, ohartarazi diote Gilsa-ren ekimenek obligazio legal batzuk bete behar dituztela.

 

Zehazki, Sprilur-ek adierazi dio organismo publikoek lursailak saldu edo alokatzeko hartzen dituzten neurriek merkatuko prezioak errespetatu behar dituztela eta ezin diotela lehia desleialik egin ekimen pribatuari.

 

Gainera, Sprilur-eko ordezkariek alkateari azaldu diote Europako Batzordean debekatuta daudela horrelako diru-laguntzak, Estatuko laguntzatzat har daitezkeelako. Horren harira, Sprilur-ek eta Eusko Jaurlaritzak argi dute ez dituztela errepikatu nahi euskal instituzioek iraganean egin zituzten akats berberak, esaterako, opor fiskalen kontua bezalakoak.

 

Sprilur eta Eusko Jaurlaritzak azpimarratu dute beren lehentasuna dela enplegua sortu eta sendotzea eta euskal enpresei zeregin horretan laguntzea. Hala ere, gogora ekarri du lurzoru ekimenen arloan, instituzioek zorrotz jokatu behar dutela eta lehiaren arauak errespetatu behar dituztela.

 

Sprilur-ek, Eusko Jaurlaritzako lurzoru politikaren aplikazioan espezializatutako organismoa den aldetik, adi aztertuko du merkatuko prezioen eboluzioa eta enpresei laguntzen jarraituko du, baina ez enpresentzat segurtasun juridikoa sor dezaketen neurriak aplikatuta.

SPRI Taldeko sozietatea hasi da merkaturatze formula berriak martxan jartzen, beti ere merkatuko aldagaiak eta baldintza zailak errespetatuta. "Erantzukizunez jarraituko dugu lanean, enpresa bakoitzari neurrira egindako jantzia egiteko eta gure industria-sareak behar duen lurzoru industriala eskaintzeko", azpimarratu dute SPRILUReko arduradunek.

 

Jaurlaritzak eutsi egingo dio merkatuko prezioen eboluzioaren arabera eskaintzeko hartua duen politikari, uste baitu prezioak jaitsiko balitu Europar Batasunak ulertuko lukeela Estatu laguntzak ematen ari direla; horrez gain, bide horretatik joz gero litekeena da geroago burbuilak sortzea  eta espekulazioak indarra hartzea prezioek gora egiten dutenean.

 

1982tik hona, SPRI Taldearen Azpiegitura Arloak 4 milioi metro karratu baino gehiago jarri ditu merkatuan. Epe luzera aurreikusten da 2015. urtetik aurrera kopuru hori  5,8 milioi metro karratuetara hurbilduko dela.

 

Hauxe da, lurralde historikoka, eskura dagoen lurzoru azaleraren banaketa: Araban, 167.597 m²;  Bizkaian, 141.852 m²; eta Gipuzkoan 384.146 m².

 

Gasteizen, 2012ko uztailaren 5ean

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan