Elkarlan Sariak
Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
qrcode

Bultzatu 2025, Eraikuntza Iraunkorrerako ibilbide-orria aurkeztuko du uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak

2012-07-06

Euskaldunan egingo den ekitaldian Etxebizitzako, Industriako, Enpleguko eta Ingurumeneko sailburuek eta Lehendakaritzako Idazkari Nagusiak hartuko dute parte

Eusko Jaurlaritzako lau sailburuk, Iñaki Arriola, Bernabé Unda, Gemma Zabaleta eta Pilar Unzaluk eta Lehendakaritzako Idazkai Nagusi den Manu Salinerok, Bultzatu 2025 eraikuntza iraunkorraren ibilbide-orria aurkeztuko dute uztailaren 11n, Jaurlaritzak sustatutako eraikuntza iraunkorrerako planaren jarduketa-ildo nagusien berri emateko.

Plan horren xedea da eraikuntzaren arloan nolabaiteko berrikuntza-dinamika  bat ezartzea. Bultzatu 2005 diseinatzerakoan, hainbat jardun-eremu hartzen dituenez, Etxebizitza, Industria, Enplegu eta Ingurumen sailek hartu dute parte, beste erakunde eta eragile sozial, ekonomiko eta profesional batzuekin batera, eta guztion artean analizatu eta eztabaidatu da plana, behin betikoa zehaztu aurretik.

Ekimen hau, Etxebizitza Saila buru dela, Innobasqueren laguntzaz, Eusko Jaurlaritzak, horren sozietate publikoek (EEE, IHOBE  eta Visesa) eta tartean diren klusterrek (Eraikune, Aclima, Gaia eta Energia) elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta helburu nagusia du etxebizitzaren, berrikuntzaren, enpleguaren, energiaren eta ingurumenaren arloko politikak egungo eta etorkizuneko europar politiketara hurbiltzea, eta horretarako, konpromiso batzuk finkatzea bai eraikuntza berriei, bai birgaitzeei begira (eta emaitzei nahiz horiek lortzeko jarduketei dagokienez). Plana epe ertain-luzean gauzatzekoa da, eta 2025ean lortu beharreko hainbat helburu ezartzen ditu.

Eraikuntza iraunkorrerako ibilbide-orriak, eraikuntzarako  eta  etxebizitzen parkearen erabilera eta kudeaketarako eredu berri baterantz aurrera egiteko orain arteko euskal esperientzia jasotzen du, eta abiapuntu horretatik, enpresen lehiakortasuna hobetzea eta eraikuntza-sektorea eraldatzea lortu nahi du, gaitasun berriak eta enplegu gaitua sortzeko eta teknologia berriak garatzeko, eta azken finean, herritarren ongizatea hobetzeko, etxebizitzaren eta ingurumenaren bidez.

Esan bezala, Bultzatuk Europar Batasunak, estatuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburuak bateratu nahi ditu, eta lehentasunak ezarri eta plangintza egokia egin, horiek modu eraginkor eta koordinatuan lortzeko.  Horrela, funtsezko tresna bat izan nahi du, Europa barruan Euskadi eraikuntza iraunkorraren erreferente izan dadin erdiesteko 2025ean.

Nolanahi ere, 2025ean Euskadiko etxebizitzen parkea iraunkorra izatea lortzeko eraldaketa-prozesua baldintzatua dago; alde batetik, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak planteatzen duen eraikuntza- eta birgaitze-jarduerak baldintzatzen du, eta, bestetik, Europako zuzentarauek eta horien transposizioek ezarriko dituzten eskakizunek.

Ibilbide-orri honekin lortu nahi da iraunkortasunean eragina duten planetan euskal etxebizitzen sektorearentzat ezarritako jomugak erdiestea, batez ere Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) ezarritakoak, 2020rako etxebizitzen sektorearen energia kontsumoa joerarekiko  % 8,7 jaistea eskatzen baitu. Baina honekin batera, herritarren bizi kalitatea hobetu nahi da, eta estrategia horren baitan aipa daiteke kronikoei emandako atentzioa (Kronibasque plana), zahartzaro aktiboa (Etxean Ondo plana), bi plan horien oinarri fisikoa etxea baita.

Bultzatu aurkezteko ekitaldia uztailaren 11n egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den jardunaldi baten baitan.

Euskadiko eraikuntza iraunkorraren ibilbide-orria garatzeko, ekitaldi horretan bertan aholku-komite bat sortuko da, plana nola gauzatu adosteko, plana lagundu eta epe ertain-luzean garatzen dela bermatzeko, ibilbide-orrian jasotako jarraibideak kontrastatzeko eta gerora abiarazi beharreko ekintzei buruz aholkuak emateko. Komite hori eraikuntza-sektorearekin, enpresa, finantza eta industriarekin lotutako hainbat eragilek osatuko dute.

Eraikuntza iraunkorra

Eraikuntza iraunkorra da obra berri bat edo birgaitze-lan bat egitea, baina dagoen potentzial osoa aprobetxatuz, etxebizitzaren erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea handitzeko eta autonomia pertsonala mantentzeko behar diren baldintzak eta zerbitzuak bermatzeko; eraikinaren bizitza osoan baliabide gutxiago kontsumitzeko eta gutxiago kutsatzeko; eta Euskadin balio-kate osoan diharduten enpresetan gero eta lan gehiago sortzeko.

Testuinguru estrategikoa eta arau-esparrua

Eraikuntza iraunkorrak hainbat parametro biltzen ditu bere baitan, hala nola, bizigarritasuna; irisgarritasuna; eraginkortasuna (energiaren, uraren eta lurzoruaren gisako baliabideen kontsumoari dagokionean); berotegi-efektuko gasen isurketa, eta negozio eta enpleguen sorrera.

Europar Batasuneko estrategia-esparruari jarraituz, 2020rako <<20/20/20>> helburua lortu beharra daukagu klima eta energiaren arloan, hala ezartzen baitu Europa 2020 estrategiak. Horrek esan nahi du estatuek konpromiso hauek hartu dituztela: negutegi efektuko isurketak % 20 gutxitzea, 1990koekin alderatuta; erabiltzen dugun energiaren % 20 iturri berriztagarrietatik ateratzea; eta energia primarioaren kontsumoa, aurreikuspenekiko % 20 gutxitzea.

Epe luzeagora begira, bistan da exijentziak gero eta handiagoak izango direla, Europar Batasunaren helburua baita 2050erako berotegi-efektuko isurketak, 1990koekikn alderatuta, % 80 gutxitzea, eta, etxebizitzen eta zerbitzuen sektoreari dagokionez, gainera, zifra hori % 90era iristen da.

Euskadira etorriz, ingurumen eta energiaren arloan 2020rako dauzkagun helburuei dagokienez, plangintza-tresna nagusiak honako hauek dira: EcoEuskadi 2020, Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) eta Klima Aldaketaren Aurkako II. Euskal Plana (2012-2020), Kronikbasque, Enpleguaren Euskal Plana eta Etxean Ondo.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)