Berriak Lehendakaritza
Eu

EcoEuskadi 2020 Estrategiaren lehenengo urteak balantze positiboa izan du

2012.eko uztailak 05

 

Euskadiko Garapen Jasangarrirako Estrategiaren onarpenaren lehenengo urteurrenean, aurrera egiten da, irmotasunez, euskal administrazioaren politika publikoak gidatzen dituen dokumentu honetan ezarritako jardueretan. Urte honetan gauzatutako ekintzen artean, azpimarratzekoa da jasangarritasun irizpideak politika sektorialetan integratu direla eta herritarrek parte hartu dutela Rio+20 Goi Bileraren inguruan.

 

2011ko uztailaren 5ean, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Garapen Jasangarrirako Estrategia -EcoEuskadi 2020- onartu zuen, hau da, Jaurlaritzaren eta gainerako administrazioen politika sektorialak integratzeko plataforma bat, xede hau duena: garapen jasangarriaren bidean aurrera egitea ahalbidetzen duen herrialde proiektu bat diseinatzea herritarrekin, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren alorretan. Onartu zenetik urtebete igaro ondoren, horren inguruko balantzea positiboa da, zeren urte honetan jarduera esanguratsuak abiatu baitira,  hala nola:

  •  Jasangarritasuna aldagai bezala txertatzea politika publikoetan. Hala, osasuna, lurraldearen antolamendua, eraikuntza, mugikortasuna, energia eta beste alor batzuek EcoEuskadi 2020ren esparruan lan egiten dute, beren plangintzaren diseinurako eta jarduera esanguratsuak bideratzeko. Horri begira, "Jasangarritasun irizpideak txertatzeko eskuliburua" landu eta pilotatu da, kasu konkretuekin.
  • Euskadiko Garapen Jasangarriaren Adierazleak eguneratu dira, Eustaten bidez.
  • Parte-hartze eta komunikazio prozesu zabal bat abiatu da Euskadik Rio+20 goi bilerari egingo zion ekarpena modu bateratuan sortzeko eta lantzeko. Prozesu hori Gobernu Kontseiluaren adierazpen batean islatu zen: "Adierazpen Instituzionala Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Rio+20 Konferentziaren aurrean ".
  • Jasangarritasunari buruzko prestakuntza programa baten diseinua Herri Administrazioan.
  • Estrategiaren hasierako ebaluazioa, Europako pertsonal adituak egina. Orokorrean, balorapen ona lortu zen.
  • "Jasangarritasunaren Urteko Txostena" prestatzen ari da, Garapen Jasangarriaren Foroan aurkezteko. Urte honetako urrirako aurreikusita, foro hori informazio eta kontrasterako espazio bat da, eta baita eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalen parte-hartzerako espazio bat ere.

Lehendakariaren hitzetan, "EcoEuskadi 2020k norabidea, helburu zehatzak eta jardunbideak ezartzen ditu. Egin beharreko bidea da, aurrerabide jasangarriagorantz ibiltzeko".  

EcoEuskadi 2020 Estrategia

 EcoEuskadi 2020 Estrategiak 9 helburu estrategiko biltzen ditu, hala nola, Euskadi ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeraginkor eta ireki bezala kokatzea; gizarte babesaren sistemak indartzea; baliabide naturalak eta biodibertsitatea zaintzea; mendetasun energetikoa minimizatzea jatorri fosileko energien aurrean; kalitatezko hezkuntza eta balio sistema bat eratzea; Herri Administrazio berritzailea, eraginkorra, irisgarria eta herritarrentzat gardena hedatzea; edo milurteko helburuak lortzen laguntzea.

Lau dira datozen urteetarako lehentasunezkotzat jotzen dituen arreta-guneak: berrikuntza eta ezagutza, gazteria mugimenduan, enplegua ekonomia globalean, eta bizi-kalitatearen baldintzapenak.

Horrekin guztiarekin, EcoEuskadi 2020k helburu neurgarriak ezartzen ditu, alegia, I+D+b inbertsioa handitzea, berotegi-efektuko gasen igorpenak murriztea, 20 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren enplegu tasa handitzea, eskola uzten dutenen kopurua murriztea, eta pobrezia edo gizarte bazterketako arriskuan bizi diren pertsonen ehunekoa jaistea.

EcoEuskadi 2020 Estrategiaren aurrerapen guztiak webgune honetan kontsulta daitezke: www.ecoeuskadi2020.net

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko