Lehendakaria: “Osasunaren unibertsaltasuna eta kalitatea gobernu honek mantenduko dituen bi oinarri dira”
“Gure osasun-sistema balioesten dugu, eta ez gaude puzzle bat balitz bezala pixkanaka-pixkanaka desegitearen alde”. Patxi Lópezek, Rafael Bengoa Osasun sailburuarekin batera, gaur goizean Debagoieneko Ospitale ireki berria inauguratu du. Ospitalea ekainaren 18tik dago martxan. “Esaten digutenez, baterako ordainketarekin 33 milioi euro aurreztuko genituzke Euskadin, baina Kronikoen Estrategiarekin jada 360 milioi aurreztuko ditugu 2011 eta 2014a bitartean", ziurtatu du. Lehendakariak esan duenez, murrizketarik aplikatu gabe jarraitzea “ezinezkoa izango da herrialde honetan zergekin lotutako eztabaidari modu serioan heltzen ez badiogu”.
Ospitale-instalazio berriek sei ebakuntza-gela dituzte, eta horietako bat larrialdietako esku-hartzeetarako erabiltzen da soilik. Gainera, digestio- eta arnasketa-endoskopietarako unitate espezifiko bat du ebakuntza-blokearen ondoan, eta kokapen horrek bertan tratatutako pazienteen segurtasuna areagotzen laguntzen du. Erradiologia Zerbitzua, era berean, hobetu egin da instalazio berrietara lekualdatzean.
Gelak handiagoak eta erosoagoak dira eta 95 ohe instalatu dira, 110eraino areagotzeko aukerarekin. 23 gela indibidual daude.
Debagoieneko Ospitale berria eraikitzeko obrak lau urtez egin dira, eta Osakidetzak 34,4 milioi euroko inbertsioa egin du. Horietako 30,8 obra zibilera bideratu dira eta beste 3,6 milioiak laguntza-zentro moderno horren ekipamendurako izan dira.