Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Laneko Arriskuen prebentziorako Biltzarrak 1.300 profesional eta aditu bildu zituen, horietako % 30 atzerritarrak

2012.eko uztailak 04

Laneko sailburuorde Sonia Pérezek Prebentzioari eta Laneko Arriskuei buruzko X. Nazioarteko Biltzarraren balantzea egin du gaur. Biltzarra joan den maiatzean egin zen, Bilbon, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak antolatuta, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin lankidetzan. Pérezek bereziki aipatu du Osalanek legegintzaldi honetan egin duen lana eta biltzarrean izan duen parte-hartzea.

Osalanek Laneko Segurtasun eta Osasunerako II. Plan Estrategikoa 2011-2014 diseinatu eta abiarazi du, bere zeregina baita lan-esparruko osasunari lotutako jarduerak kudeatzea, koordinatzea eta sustatzea. Plan hori gizarte-elkarrizketarako mahaiko eragileekin adostu da, eta gobernuak segurtasunarekin eta laneko osasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri da; helburua ezbeharren eta gaixotasun profesionalen tasa gutxitzea eta prebentzioa enpresen kudeaketan txertatzea da, eta, horretarako, 12 lerro estrategiko eta 160 ekintzatik gora planteatzen ditu.

Sailburuordearen hitzetan, Osalanek kontzientziazioaren eta prebentzioari lotutako kulturaren aldeko apustu garbia egin du plan honetan, eta garrantzi berezia eman die laneko gaixotasunen prebentzioari eta osasun-zaintzaren kalitateari; gainera, ikerkuntza ere bultzatzen du, ikerketa-proiektuak eta txostenak, azterlanak eta zabalkunde-materialak sustatuz.

Hori guztia Laneko Arriskuen Prebentziorako 2012ko Biltzarrean jakinarazi da. Bertan 1.300 partaide baino gehiago izan dira, adituak eta segurtasunaren eta laneko osasunaren profesionalak, % 30 atzerritarrak; hiru jardunalditan, eztabaidak eta jardunbide egokien azalpenak eman dira, Lana modu eraginkorrean antolatzea prebentzioa kudeatzea da lelopean.

Segurtasunean, higienean, ergonomian eta lan-psikosoziologian adituak diren Osalaneko 45 teknikarik baino gehiagok 15 tailer edo workshop antolatu zituzten parte-hartzea bultzatzeko. Workshop horien artean hauek dira nabarmentzekoak:

a) Laneko asmaren osasun-zaintzarako protokolo mediko berriaren aurkezpena.
b) Euskadin ekonomia-jarduera gutxitzeak laneko ezbeharren tasan izan duen eraginari buruz Osalanek egindako azterketaren analisia.
c) Arrisku psikosozialen prebentzioaren egoerari buruz gure erkidegoan egindako azterketaren aurkezpena.
d) Eta Itsaspreben tailerra, arrantzaren sektorean laneko arriskuak prebenitzeko tresnei eta berrikuntzei buruz jardun zuena.

Herritarren historia klinikoaren barruan historia mediko-laboral berri bat sortzeaz ere jardun zen, eta amiantoaren eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen duen problematikaren gaiari ere heldu zitzaion.

Beste alde batetik, 3 Expert-Meeting topaketa ere antolatu zen, laneko medikuntzak emakumeari eta arriskuen prebentzioari lotuta dituen erronka berriei buruz. Emakunderekin eta Europar Agentziarekin lankidetzan egin zen, eta, bertan, ahozko 6 komunikazio eta 14 poster aurkeztu ziren, prebentzioaren esparru desberdinen inguruan; Osalanen eta prebentzioaren sektoreko enpresen arteko lankidetzaren emaitza gisa, 50 stand jarri ziren.

Osalaneko teknikariek eta medikuek garatu eta aurkeztutako proiektu guztiak argitalpenetan jasoko dira, Osalanek orain arte egindako zabalkuntza eta dibulgazio lanari jarraipena emanez.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)