Berriak Kultura
Eu

Gaur Bilbon hasi den "Mundua aldatzeko ideak" intelektualen nazioarteko topaketaren lehenengo jardunaldiko ponentziak aurkeztu ditu 2012 Euskadi ekimenak

2012.eko uztailak 05

Gaur Bilbon hasi den "MUNDUA ALDATZEKO IDEIAK" intelektualen nazioarteko topaketaren lehenengo jardunaldiko ponentziak aurkeztu ditu 2012 Euskadi ekimenak

Topaketako bi hizlari izan dira komunikabideen aurrean aurkezpen-ekitaldian: Nikaraguako idazle eta presidenteorde ohi SERGIO RAMÍREZ eta ALFREDO JAAR artista, zinegile eta arkitekto txiletarra.

Txileko presidente ohi eta NBE Emakumeak adarreko egungo zuzendari MICHELLE BACHELETek grabaturiko mintzaldia proiektatu da eta banatu da komunikabideen artean prentsaurrekoan

Topaketa arratsalde honetan hasiko da hurrengo ponentzia eta hizlariekin: 'Historia nola egin behar den' sari ugari jaso dituen Ramiro Pinilla euskal idazleak azaldurikoa; 'Zinema, arrazakeria eta ahaztutako gatazkak lehen munduaren bihotzean' Berlingo Zinemaldiaren Epaimahaiaren Sari Nagusia jasotako Bence Fliegauf-ena; 'Zer esan nahi du feminista izateak XXI. mendean?' Germaine Greer feminismoaren iraultzaile eta akademiko australiarrarena; 'Iraultza eta kontrairaultza. Emakume eta gizon arabiarrek askatasunerantz egin beharreko ibilbide luzea', giza eskubideen aldeko Wassyla Tamzali ekintzaile aljeriarrarena; 'Ilustraziotik austeritatera: kultura-paradigma berria?' Susan George filosofo frantziar-estatubatuarrarena eta 'Globalizazioa eta giza irudimena' Shashi Tharoor Indiako kanpo-arazoetako ministro ohi eta NBEren goi-kargudunak proposaturikoa

Eusko Jaurlaritzak 'Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' ekimenaren garapena kudeatzeko sorturiko Fundación 2012 Fundazioak 'MUNDUA ALDATZEKO IDEIAK' ekimena antolatu du uztailaren 5, 6 eta 7rako, hau da, kulturaren eta jakintzaren arloetako munduko 18 pentsalari eta intelektual ospetsu bilduko dituen pentsaera eta gizarte garaikideko topaketa bat. Gaur, prentsaurrekoan, Nikaraguako idazle eta saiogile Sergio Ramírezek eta Alfredo Jaar artista, arkitekto eta zinemagile txiletarrak komunikabideen aurrean azaldu dituzte topaketa honetara ekarri dituzten ponentziak, "Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan" eta "Zaila da" izenburukoak, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko zuzendari Mikel Toralek aurkeztu du prentsaurrekoa, eta adierazi duenez, "2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urte' honetan, kultura-sortzaileei eta kultura-agenteei, eta orokorrean, euskal gizarteari deialdi bat egiten diegu, edozein helburu lortzeko metodo gisa indarkeria deslegitimatzen eta bakean eta bizikidetzan oinarrituriko etorkizuna lortzeko baliozko erreminta gisa kultura hedatzen laguntzeko deialdia, hain zuzen ere". Era berean, adierazi duenez, "ildo horri jarraiki, egungo euskal jokaleku politiko eta sozialean indarkeriarik ez dagoela baliatuta, Euskadi 2012 ekimenak zenbait kultura-jarduera -esate baterako, Nazioarteko intelektualen topaketa hau- garatzea sustatzen du, eta horrela, munduko hainbat pentsalari eta intelektual ospetsu bilduko ditu, betiere euskal herritarren inplikazioa bilatzen badute elkarrizketa, memoria, bizikidetza, bakea eta askatasuna bultzatzeko".

"Idazlearen konpromisoa bere bizitzaz haratago doa", adierazi du Sergio Ramírez saiogile eta 1984tik 1990era bitartean Fronte Sandinistarekin Nikaraguako presidenteorde izandakoak, idaztea "biharko egunerako konpromisoa dela" ere gehituta. Erdialdeko Amerikako idazle arrakastatsuenetako bat da gaur egun, eta bere ustez, dena den, literatura gauza apala da, eta hori horrela, ez du uste "esan daitekeenik liburu bat irakurtzen dut eta fusila hartzen dut". Bihar 20:05ean azalduko duen ponentziaren izenburua "Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan" da.

Alfredo Jaar txiletarrak, artista, zinegile eta berak "erresistentziagune" deitzen dituenen sortzaileak, bestalde, adierazi duenez, "arteak eta kulturak mundua alda dezakete, eta horregatik naiz artista". Irudiak biltzen duen indar handia atxikitzen jakin du Jaarrek, eta irudiak jasaten duen manipulazioa kritikatzeko gai izan da. Hori horrela, munduko museo nagusietan erakutsi du bere lana eta nazioarteko hainbat erakusketatan parte hartu du, hala nola Venezian, Sao Paulon eta Kasselgo Documenta erakusketan.. Larunbatean 17:05ean defendatuko duen ponentziak "zaila da" izenburua du.

Lehen jardunaldiaren aurkezpen-ekitaldian, Txileko presidente ohi eta gaur egun NBE Emakumeak adarreko zuzendari Michelle Bacheletek topaketarako grabaturiko mintzaldi labur bat proiektatu da, bere ekarpena egin nahi izan baitu adieraziz Gernikako bonbardaketa "gerraren izugarrikerien sinboloa" dela, eta hainbat figurak, hala nola Pablo Picassok, Blas de Oterok edo literaturako Nobel Saridun Gabriela Mistral Bacheleten herrikideak kulturatik erantzun zioten gertakari horri. Gainera, NBE Emakumeak adarreko zuzendariak Kongoko ekialdeko NBEren indarren komandante ohi Patrick Cammaert-en hitz batzuk ekarri nahi izan ditu gogora, "gerran soldadu izatea baino emakume izatea arriskutsuagoa dela" salatzeko Bere hitzaldiaren muinaren bidez azpimarratu duenez, "bake-, elkarbizitza- eta errespetu-kultura bat garatzea beharrezkoa zaigu", eta ondoren "indarrez eta adorez, ametsak lor daitezke" itxaropenezko hitzekin agurtu ditu entzuleak.

'Mundua Aldatzeko Ideiak' Topaketan, hainbat pentsalari ospetsu eta zineman, zientzian, arkitekturan, literaturan, historian, komunikazioan, artean, soziologian edota politikan adituak diren hainbat pertsona famatu modu irekian arituko dira eztabaidan egungo gizarte garaikidearen erroka garrantzitsuenei aurre egiterakoan pentsamenduak eta kulturak izan dezaketen protagonismoaren eta eragin-gaitasunaren gainean.

Bost kontinenteetatik etorritako intelektualen topaketa hau gaur arratsaldean hasiko da, honako ponentzia hauekin: 'Historia nola egin behar den' sari ugari jaso dituen Ramiro Pinilla euskal idazleak azaldurikoa; 'Zinema, arrazakeria eta ahaztutako gatazkak lehen munduaren bihotzean' Berlingo Zinemaldiaren Epaimahaiaren Sari Nagusia jasotako Bence Fliegauf-ena; 'Zer esan nahi du feminista izateak XXI. mendean?' Germaine Greer feminismoaren iraultzaile eta akademiko australiarrarena; 'Iraultza eta kontrairaultza. Emakume eta gizon arabiarrek askatasunerantz egin beharreko ibilbide luzea', giza eskubideen aldeko Wassyla Tamzali ekintzaile aljeriarrarena; 'Ilustraziotik austeritatera: kultura-paradigma berria?' Susan George filosofo frantziar-estatubatuarrarena eta 'Globalizazioa eta giza irudimena' Shashi Tharoor Indiako kanpo-arazoetako ministro ohi eta NBEren goi-kargudunak proposaturikoa

Gainerako ponentziak eta pentsalariak honako hauek dira:

  • "Modernotasun likidoa" kultura-paradigmaren aldaketaren aurreikuspen zuzena izan al zen?: Zygmunt Bauman, Komunikazio eta Giza Zientzietako Asturiasko Printze Sariaren irabazlea
  • Zientzia baliagarria al da?: Ignacio Cirac, Espainiako Fisika Sariaren irabazlea
  • Literaturak zapalduen alde egin dezakeena: Susan Abulhawa, 'Parques Infantiles para Palestina' GKEaren sortzaile eta zuzendaria.
  • Literaturak mundua aldatzen lagun al dezake?: Alessandro Baricco, dramaturgo eta narratzaile italiarra.
  • Zaila da: Alfredo Jaar, artista, arkitektoa eta zinemagilea.
  • Loturaren kultura, irakurketa demokrazia gisa: Luisa Etxenike, Frantziako Errepublikaren 'Arteen eta Letren Ordenako Zaldun' izendapena jasotako euskalduna.
  • Nola manten daiteke komunikabide independente bat? Amy Goodman, egunero telebistaz, irratiz eta internetez ematen den Democracy Now! programaren aurkezlea.
  • Hiriak bizitzeko modukoak izango al dira inoiz?: Pier Giorgio Olivetti, Cittaslow Internacional ekitaldiko zuzendaria.
  • Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan: Sergio Ramírez nikaraguarra, Nikaraguako presidenteorde ohia eta Ventana literatura-mugimenduko burua.
  • Zinema, meditazioa eta kultura: Colin Vaines, hainbat filmaren (Gangs of New York eta Cold Mountain) koproduktore exekutiboa.
  • Justizia soziala dakarren pertsona al da artista?: Isabel Coixet, zinema-zuzendaria.
  • Zer espero dezakegu politikaz, gaur egun ulertzen dugun moduan?: Josep Ramoneda, Parisko 'Institut de Recherche et Innovation' erakundeko presidentea.

Uztailaren 5, 6 eta 7ko arratsaldeetan hiru saio egingo dira egunero (saio bakoitzean moderatzaile batek gidatutako bi hizlarik parte hartuko dute); saio horietan bost kontinenteetatik etorritako pentsalari ospetsuek eta hainbat adituk (zineman, zientzian, arkitekturan, literaturan, historian, komunikazioan, artean, soziologian edo politikan) elkarrizketa irekian jardungo dute honako gaiaren inguruan: egungo gizarte garaikidearen erronketako batzuei aurre egiteko orduan pentsaerak eta kulturak izan dezaketen protagonismoa eta eragiteko gaitasuna.

Ekintzaren formatua hitzaldiaren eta eztabaida publikoaren eta arlo eszenikoaren eta telebistarako egindakoaren arteko nahasketaren emaitza da. Ekintza horretarako Euskalduna Jauregian sorturiko zuzeneko telebista set bat da; leku horretara jendea bertaratuko da eta hizlariei galderak eginez elkarreragiteko aukera izango du. Aurkezpenak egiteko eta koordinazio orokorra eramateko ardura izango duen profesional batek moderatuko du galdera-txanda.

Honako hauek daude moderatzaileen artean: César Coca (kazetari eta saiogilea, gizarte- eta kultura-gaietan espezializatua), María Silvestre (Emakunde Emakumearen Euskal Institutuaren zuzendaria), Luis Eguiraun zineman aditua eta Zinebi Zinemaldiaren programatzailea), Ana Aizpiri (nazioarteko harremanetan espezializaturiko kazetaria), Fernando Golvano (komisarioa, arte-kritikaria, UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea), Raúl Ibáñez (Euskal Herriko Unibertsitateko Geometria eta Topologiako irakaslea eta zientzia-dibulgazioko José María Savirón sariduna), Iñaki Esteban (filosofoa eta hainbat bitarteko eta espezialitatetan jardunean dagoen kazetaria), Patxi Lanceros (Deustuko Unibertsitatetako Filosofia Politiko eta Kulturaren Teoriako irakaslea, ikerlari eta saiogilea) eta Lucía Martínez Odriozola (Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea).

Jardunaldi hauetara bertaratzeko eta jardunaldi hauek zuzenean ikusteko bi modu daude: Internetez (streaming bidez) dohainik www.irekia.euskadi.net eta www.2012euskadi.org atarien bitartez edo in situ azken web-orri horretan izena emanez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko