Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Estandar urbanistikoen dekretua onartu da (2012-07-03(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko uztailak 03

Dekretua, hirigintzako estandarrei buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea garatzen duen estandar urbanistikoen dekretua onartu du.

Dekretuak egungo benetako beharrei egoki erantzuteko behar diren doiketak eta mekanismoak jasotzen ditu.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legeak, testu osoan zehar eta, bereziki, 77. artikulutik 83.era bitartekoetan, planeamenduak (eta hori gauzatzeko garatzen diren jarduketa urbanistikoek) jaso eta bete beharreko estandar urbanistikoak ezartzen ditu.

Eta lege hori garatzeko ekainaren 3an onartu zen 105/2008 Dekretuak parekatu egin zituen lurzoru urbanizagarrien eta finkatu gabeko hiri-lurzoruen estandarrak, baina hainbesteko zurruntasunarekin, non ikaragarri zailtzen zuen estandarrak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren gisako lurralde txiki batean.

Horiek horrela, operadore urbanistiko askok (batez ere udalek) eskatu dute estandar horiek aldatzea, batez ere hiri-lurzoru gisa eta urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruen estatus juridiko desberdinei dagokionean, eta, horien barruan, erabilera nagusiak bereiztea, bizitokitarako erabilerari eta jarduera ekonomikorako direnei eman behar zaien tratamendua desberdinari arreta berezia eskainiz.

Jaurlaritzaren iritziz, finkatu gabeko hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria bi errealitate fisiko, juridiko eta urbanistiko guztiz desberdinak dira, eta kontu horrek garrantzi berezia dauka hiriak berroneratzeko eta birgaitzeko jarduketei dagokionean, ikaragarri baldintzatzen baititu eragiketa horiek.

Dekretu honen xedea da, beraz, malgutasun handiagoa lortzea eta hobeto egokitzea udalerrien errealitate anitzera eta hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria osatzen duten errealitate desberdinetara.

Dekretuaren egituran zazpi atal nagusi bereizten dira:

1.- Kontzeptuak.
2.- Eraikigarritasunaren mugak.
3.- Sistema orokorren eta tokiko sistemen sareen zuzkidura-estandarrak.
4.- Babes publikoko etxebizitzen estandarrak.
5.- Zuzkidura-bizitokien estandarra.
6.- Estandar urbanistikoen araubidea, hirigintza-antolamendua aldatzen denean.
7.- Lurzorua gordetzea, eskolarako ekipamendu publikorako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan