Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekainean 2.828 langabe gutxiago Euskadin

2012.eko uztailak 03

Euskadin ekainean 2.828 pertsona gutxiago daude langabezian; horrek esan nahi du, aurreko hilarekiko % 1,76ko jaitsiera gertatu dela eta enplegu-eskatzaileak 158.080 direla. Espainia osoan, 98.853 pertsona gutxiago daude langabezian, eta guztira 4.615.269 pertsona dira.

Lurraldearen arabera, Gipuzkoan izan da portaerarik positiboena, 1.211 langabe gutxiago baitaude (% -2,67); Bizkaian 1.190 langabe gutxiago (% -1,31) eta Araban 427 gutxiago (% -1,71).

Urte arteko datuei dagokienez, langabeziak % 9,46 egin du gora EAEn eta ehuneko hori Estatu osokoa (% 11,97) baino askoz ere txikiagoa da. Langabeziaren hazkunde txikiena duen laugarren Autonomia Erkidegoa da Euskadi, Kataluniaren (% 6,80), Balear Uharteen (% 8,09) eta Valentziako Erkidegoaren (% 8,66) atzetik.

Plangintza eta Enpleguko sailburuorde Javier Ruiz jaunak jaitsiera aztertu du eta esan duenez, "langabeziak behera egin du Euskadin berriz ere, segidako hirugarren hilabetea izanik; gure ustez, aipatzeko modukoa da 35 urtetik beherakoen artean murriztu dela gehien, baita lan-merkatuan lehen aldiz sartu direnen artean ere".

"Datu horien arabera, Euskadi eurogunearen bilakaerarekin bat datorrela esan dezakegu, Estatuko gainerako eremuetan ez bezala. Alabaina, ezin dugu ahantzi krisialdi ekonomiko larrian murgilduta gaudela. Aurreko urteetako datuei erreparatuta, hilabete berdinetan bilakaera hobea izan zen eta, horregatik, Lanbideko langileek enplegua sortzen eta langabeei laguntzen jarraituko dute, buru-belarri", esan du Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak.

"Krisialdi ekonomiko larri honen ondorioz, Lanbideko zerbitzu guztietan esfortzu eta baliabide gehiago bideratuko ditugu langabezian daudenei laguntzen eta arreta ematen jarraitzeko", adierazi du. "Aste hauetan, esfortzu gero eta gehiago egiten ari gara, tokiko garapen-planetan erakunde arteko lankidetza handiaren bitartez. EAEko udalekin lankidetzan, Lanbidek enplegua sustatzeko planak garatuko ditu; hartara, langabeek gaitasunak hobetu eta lan-merkatuan txertatzeko aukera handiagoa izango dute".

Euskadin ekainean izandako langabeziari buruzko datuei dagokienez, sexuaren arabera, langabezia oso antzekoa izan da. Emakumeen kasuan, 1.473 langabe gutxiago (% -1,79) daude. Gizonen kasuan, aldiz, 1.355 gutxiago (% -1,73).

Adin-tartearen arabera, 25-45 urtekoen kasuan 1.565 langabe gutxiago daude (% -1,86). 25 urtetik beherakoen kasuan ere jaitsiera izan da (982 langabe gutxiago, hau da, % -7,26). Halaber, 45 urtetik gorakoen artean 281 pertsona gutxiago daude langabezian (% -0,44).

Lehengo hilean, langabezia sektorearen arabera aztertuz gero, zerbitzuetan 893 langabe gutxiago daude udako kanpaina dela-eta. Aldi berean, honako sektore hauetan ere behera egin du langabeziak: industriaren sektorean (503 langabe gutxiago), eraikuntzaren sektorean (407 langabe gutxiago) eta, bereziki, lehendik enplegurik ez zutenen artean (966 langabe gutxiago) eta lehen sektorean (29 langabe gutxiago).

Jarduera-banaketaren arabera, honako hauetan izandako beherakadak dira aipagarriak: jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan (-336 pertsona), osasun-jardueretan (-209), eraikin-eraikuntzan (-253), eraikinetarako zerbitzu eta lorezaintza-jardueretan (-227), egoitza-establezimenduetako laguntza-jardueretan (-227), txikizkako merkataritzan (-196) eta eraikuntza espezializatuko jardueretan (-139).

Eskualdearen arabera, langabeziaren jaitsiera honako hauetan izan da handiena: Bilbon (-440), Donostian (-355), Gasteizen (-314), Bidasoa Beherean (-243) eta Ezkerraldean (-226).


Gizarte Segurantzako afiliazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, maiatzean baino 193 afiliatu gutxiago daude (% -0,02); beraz, Euskadin 907.870 afiliatu daude guztira. Araban, 327 afiliatu gehiago daude (% 0,22) eta Gipuzkoan 48 gehiago (% 0,02); Bizkaian, ordea, 568 afiliatu gutxiago daude (% -0,12).

Urte arteko datuei dagokienez, EAEko afiliatuen kopurua % 2,43 jaitsi da, Estatu osoan baino askoz ere gutxiago; izan ere, Estatuan oro har langabeziak % 3,18 egin du behera, eta Madrilen (% 1,82) eta Balear Uharteen (% 1,68) atzetik, afiliazio-galera txikiena izan duen hirugarren autonomia-erkidegoa izan da EAE.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)