Berriak
Eu

Euskal gizartean bizi diren atzerriko emakume etorkinei buruzko azterlana aurkeztu du Emakundek

2012.eko uztailak 02

Emakunde-Emakumearen Euskal erakundeak Euskal gizartean bizi diren atzerriko emakume etorkinei buruzko azterlana aurkeztu du. Honen helburua euskal gizartean bizi diren atzerriko emakume etorkinen egoera deskribatzea, eta funtsezko alderdietan sakontzea izan da. Gero eta pertsona gehiago nazionalizatzen ari direla kontuan hartu gabe, EAEn 144.500 atzerritar bizi dira -hau da, ez dute espainiar herritartasuna-; biztanleria osoaren %6,4, hain zuzen ere. Nahiz eta ziurtasun osoz ez jakin zenbat atzerritarrek lortu duten azken urteotan espainiar herritartasuna, ziur asko, biztanleria osoaren %8 da, eta jatorriz atzerritarrak diren 175.000 pertsona baino gehiago bizi dira behin betiko EAEn. Alde horretatik, duela gutxi egindako Atzerriko Etorkinen gaineko Inkestaren (AEI) arabera, jatorriz atzerritarrak diren 179.583 pertsona bizi dira EAEn; hau da, biztanleria osoaren %8,2.

Sexu-banaketari dagokionez, EINen datuen arabera, espainiar herritartasuna duten biztanleen artean emakume gehiago daude (% 51,3), jatorriz atzerritarrak diren biztanleen artean baino (% 48,6) .

EAEn 70.200 atzerriko emakume bizi dira. Jatorriari dagokionez (ikus 2. taula), Latinoamerikakoa da emakume gehien duen etorkin-taldea: handik immigratutako hamar pertsonatik sei emakumeak dira. Datu hori oso adierazgarria da; izan ere, EAEn, lau etorkinetik bat Latinoamerikako emakume bat da. Hori da, zalantzarik gabe, etorkin mota ohikoena. Egungo migrazio-fenomenoei buruzko ikerlan askotan ezarritako tipologia oinarri hartuta, EAEko immigrazio motak emakumeak erakartzen ditu lan-merkatuaren sektore hauetan lan egin dezaten: zerbitzuen sektorean eta zaintzaren sektorean.

Ikerketak erakusten duenez, immigrazio-fluxua uste baino arautuagoa dago gizartean, eta herrialde hartzailearen premiak eta herrialde igorlearen eskaintza zehaztasun handiz egokitzen dira. Horrek azaltzen du zergatik dagoen euskal gizartea -inplizituki bada ere- Latinoamerikako etorkinen alde eta zergatik diren gero eta gehiago emakumeak herrialde horietatik datozen etorkinak. Hori gorabehera, Afrikako emakume etorkinek, hainbat arrazoi direla medio, arrisku handia dute ez aurrera ez atzera gelditzeko eta baztertuak izateko. Egoera ahulenetan dauden emakume taldeak afrikarrak eta txinatarrak dira.

Hamarretik lauk etxeko zerbitzuan egiten dute lan (haiek egiten duten soldatapeko etxeko lanari esker, euskal familietako emakume askok lan-merkatuan aritzeko astia dute), eta hiruk baino gehiagok merkataritzan eta ostalaritzan egiten dute lan. Azken finean, EAEra lanera etorri diren emakume etorkinei esker kudeatu ahal izan dira emakume asko eta asko lan-merkatuan sartzeak eta biztanleriaren zahartzeak -oso arazo larriak eragin ditu biztanleriaren zahartzeak- ekarritako egitura-aldaketa handiak. Emakume etorkinen ia herena gainkualifikatuta dago gaur egun duen lanean. Horregatik, izan litekeena baino apalagoa da, ziur asko, haien ekarpena.

Lanagatik emigratzen dute

Datuek adierazten dute emigranteek batez ere lanagatik emigratzen dutela. Horren ondorioz, atzerriko emakumeek errenta eta aberastasuna sortzen dute hainbat modutara, legez edo legez kanpo, zuzeneko ekarpenen bidez edo zeharkako zergen bidez. Jakina denez, prozesu horren oinarria jarduera-tasa da: atzerriko emakumeen jarduera-tasa bertako emakumeen jarduera-tasa halako bi da. Hortaz, euskal ekonomian sortzen den errentaren % 1,7 sortzen dute gutxienez eta EAEko Ogasunaren zergadun garbiak dira.

Emakume etorkinek aberastasuna sortzen dute, eta merkatuaren eskariari erantzuten diote, eta horrek guztiak eragina du zergetan, noski. Emakume etorkinen diru-sarrerek sortzen dituzten zerga-ekarpenei dagokienez, 2010ean, 105,3 milioi euro bildu ziren gizarte-kotizazioen bidez, eta 28,6 milioi euro, errentaren gaineko zergaren bidez. Kalkuluen arabera, EAEko emakume etorkinen zerga-ekarpena 224,1 milioi euro izan zen. Lanaz kanpoko errenten bidez -esate baterako, gizarte-laguntzen eta langabeentzako laguntzen bidez- 142,3 milioi euro eskuratu zituzten 2010ean. Hortaz, zerga-ekarpena askoz handiagoa da lanaz kanpoko diru-sarreren zenbatekoa baino.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko