Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak hasiera eman die Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanei

2012.eko uztailak 02

Iñaki Arriola Sailburuak eta Carlos Totorika alkateak lehen harria jartzeko ekitaldian hartu dute parte

Lehen harria jartzeko protokolozko ekitaldiarekin, Eusko Jaurlaritzak Bilbo-Donostia lineako Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanei eman die gaur hasiera. Lan horri esker, une honetan eskailera eta igogailu bitartez lotuta dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza bereizten dituen trenbide ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, jende guztia joan ahal izango da aisiarako bi toki horien artean, denek erabiltzeko moduko behealdeko igarobideari esker.

Iñaki Arriola Garraio Sailburuak adierazi duenez, ETS erakunde publikoko teknikariek erabiltzen dituzten aurreikuspenak betetzen badira, lanak 2015. urtean amaituko dira. Arriolarekin batera Carlos Totorika, Ermuko alkatea eta ETS-ko eta EuskoTreneko zenbait agintari eta Ermuko udaleko zinegotzi batzuk hartu dute parte ekitaldian.

Bide-zubian egongo den geltoki altxatu berriaren eraikuntzaz gain, proiektuan Ermurako trenbide sarbideen hobekuntza ere aurreikusten du, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunelaren eta geltokitik oso gertu egongo den maniobrak egiteko zabalgunearen eraikuntzari esker. Lan horiek direla eta, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzak, ETS-ren bitartez, Tecsa-Campezo-Geotunel ABEE-UTE-ari esleitu dizkio aipatutako azpiegitura horren obra zibilaren burutzapen lanak. Lanak egiteko epea 30 hilabetekoa izango da, eta aurrekontua, 24,4 milioi eurokoa izango da. Lehiaketara 20 proposamen aurkeztu ziren.

Jarduketa berri horrek, Eusko Jaurlaritzak Ermuarekin eta Bizkaiarekin duen konpromisoa berresten du, bertan dauden trenbide azpiegituren hobekuntzari dagokionez, pertsona guztiek leku batetik bestera joateko duten eskubidea bermatzeko xedez.

Ermua, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzatutako zenbait jarduketen barruan dago. Jarduketa horien xedea, linearen erabiltzaileei egunero eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea da. EuskoTrenek ardatz horretan eskaintzen duen tren zerbitzua 3.000 pertsonak erabiltzen dute egunero.

Une honetan, Eusko Jaurlaritza Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketan, Txarakuako trenbide pasagunea kentzeko lanetan eta ehun urte baino gehiago dituen Eibarko geltokia goitik behera berriztatzeko lanetan ari da. Jarduketa horiek guztiak beraien azken fasean daude eta, aurreikuspenen arabera, uda amaitu aurretik eskainiko dute zerbitzua.

Azken 15 hilabeteetan beste zenbait lan ere amaitu dira, Ardantzako geltoki berria, dena estaliz eta goialdean oinezkoentzako gunea sortuz eta Karakateko gurutzaketa gunea, besteak beste.

Une honetan Ardantza-Eibar zatia bikoizteko eta Eibar-Azitain zatia estaltzeko lanen eraikuntza proiektuen idazketak lizitazio fasean daude. Horrez gain, Ermuko geltokiaren eta San Lorentzoko geralekuaren arteko zatia bikoizteko Alternatiba Azterlanaren idazketa ere lizitazio fasean dago.

Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzaren garapenerako estrategikoak diren proiektu horiek amaitu ondoren, 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira ibilbide osoan.

"Ermua" proiektuaren deskribapena

Ermuko zatirako egokitu den trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metro ditu guztira. Hasiera Eitzaga inguruan dago, eta ia oso-osorik tunel barruko trazatu saihesbidean doa (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan N-634 errepidea gurutzatuko du, 40 metroko bide-zubiaren bidez, inguruan egongo den geltoki berrira heldu aurretik. Horren ondoren berriro ere egungo trenbidearekin egingo du bat, Izelaieta kaleko behealdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egongo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide pasagunea kendu ahal izango da.

Ermuko geltoki berria, egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.

Halaber, gaur egun Ermuan dagoen geltokiak ez du bazterbiderik ezta bidaiarien eta merkantzien ibilbide luzeko trafikoak batera ustiatzeko aukera ematen duen instalaziorik ere. Hori dela eta, jarduketa honetan, maniobratarako gune bat prestatuko da tunel barruan, Ermuko geltokitik gertuen dagoen aldean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Totorika, Alcalde de Ermua