Berriak
Eu

Eraikuntzaren sektoreko Lan-Arriskuen Prebentzioari buruzko I. Biltzarra

2010.eko otsailak 12

 

Donostian izango da Eraikuntzaren sektoreko Lan-Arriskuen Prebentzioari buruzko Nazio mailako I. Biltzarra

 

  • 500 profesional inguru bilduko dira otsailaren 17 eta 18an, OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako foroan

Lan-prebentzioaren arloko 500 profesional inguru bilduko dira Kursaal Kongresu Jauregian, otsailaren 17 eta 18an, Donostian izango den Eraikuntzaren Sektoreko Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko lehenengo Biltzarraren kariaz.

OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak antolatuko dituzten jardunaldiak Patxi López lehendakariak inauguratuko ditu datorren asteazkenean.

Gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan izan den aurkezpen-ekitaldian Carlos Zapatero Laneko sailburuordea eta Pilar Collantes Osalaneko zuzendaria bat etorri dira haien gurarietan; izan ere, adierazi dutenez, Biltzarrak topagune bihurtu behar du eraikuntzaren sektoreko enpresen, prebentzio-ordezkarien, unibertsitarioen, sindikatuen, enpresaburuen, elkarteen eta fundazioen artean, Eraikuntzaren sektorean kezka handiena sortzen duten gaiak aztertzeko. "Gogoeta egin behar dugu lan-istripuen kopuru handi bat biltzen duen sektore horretan gertatzen ari denari buruz", adierazi du Carlos Zapaterok.

Joan den urtean, Eraikuntzaren sektorean lan-baja eragin duten istripuen kopurua % 18 jaitsi da; izan ere, 6.260 istripu izan baitira, 2008. urteko 7.648en aldean.

Ezbehar-kopuru handi hori ulertzen da, neurri batean, sektorearen eta eraikuntza lanen berezko ezaugarriengatik. "Zimentatzerakoan, adibidez, badaude arrisku batzuk, eta horiek ez dira egitura altxatzean edo akaberetan dauden arrisku berberak; horrez gain, obrako fase bakoitzean edo bat baino gehiagotan enpresa desberdinek esku hartu dezakete aldi berean", adierazi du Laneko sailburuordeak. 

Eraikuntzaren sektoreko ezbeharrei aurre egiteko, Euskadiko Elkarrizketa Sozialeko Mahaia osatzen duten erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Confebask, CC OO eta UGT), LOTU Programa sinatu berri dute, sektore horretan lan‑arrisku gehien sortzen dituen lan-arriskuari -altuerako erorketei- aurre egiteko. Carlos Zapaterok LOTU proiektuarekiko konfiantza osoa duela adierazi du; izan ere, azpimarratu duenez, "baliagarria izango da prebentzio-kultura hobetzeko, eta enpresaburuak eta langileak sektoreko arrisku nagusiei buruz kontzientziatzen laguntzeko".

Zapateroren hitzetan, "Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Osalanek behar diren ahalegin guztia egingo dute datozen hiletan geure esku dauden tresna guztiak erabiltzerakoan, lan-ezbeharrak murriztea helburutzat hartuta". Eta, horren harira, laster egitekoa den Laneko ikuskatzaileen kidegoaren transferentzia aipatu du laneko sailburuak.

Bestalde, Pilar Collantesek jakinarazi duenez, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak "eztabaida bultzatzeko" eta "sektoreko arriskuei buruzko ikuspuntu desberdinak gerturatzeko" asmoa du biltzar horren bidez; izan ere, Osalaneko zuzendariak gaineratu duenez, "biltzarraren helburua guztiok kontzientziatzea da, sektoreko langileek nozitzen dituzten arriskuei buruz".

Biltzarrean zehar, beste hainbat gairen artean, azpikontratazioaren arazoa, segurtasun-planak, obren koordinazioa, prebentzioaren integrazioa, lan‑ekipoak, babesak eta erantzukizunak aztertuko dira. "Nire nahia, besteak beste, foro honen bitartez argitasun pixka bat ekartzea da, zoritxar, istripu, eta gaixotasun profesional gehiago ekiditeko. Nire ustez, helburu hori lortzeko legeak, ikerketa, berrikuntza, prestakuntza eta prebentzioa ausardiaz erabili behar ditugu", adierazi du Collantesek.

Diploos Saria

"Eraikuntzaren Sektoreko Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko lehenengo Biltzarraren" barruan, otsailaren 17an, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2009ko Diploos Saria eskuratuko dio MUTUALIA enpresari. Sari hori urtero ematen du Lan Istripuen Prebentziorako Elkarteak (aurtengoa 41. edizioa izango da), eta lan-istripuen prebentzioaren arloan enpresek duten prebentzio-jarrera eta egindako ahaleginak saritzen ditu.

 

INFORMAZIO GEHIGARRIA

  • Biltzarrari buruzko informazioa www.congreso-osalan2010.org helbidean dago
  • Txostenen aurkezpenak YouTube-n egongo dira ikusgai
  • Txostengileei elkarrizketak egiteko kudeaketa 902 929 250 (Irene Iglesias) telefonoan bideratuko da.

 

Iruzkin bat
  • 2010.eko uztailak 31

    Ojalá bajen los accidentes laborales.

    Los cursos que piden para entrar en las obras los dan en la fundacion laboral de la construccion

    900 11 21 21

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko