Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Arabako ekintzaile berritzaileek elkarrekin lan egin ahal izango dute CEIAn

2012-07-09

 

Arabako ekintzaile berritzaileek elkarrekin lan egin ahal izango dute CEIAn

  • - Arabako Teknologi Parkeko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak "coworking"a jarri du beren esku, bikoiztasunak saihesteko, baliabideak ordenatzeko eta gestioak sinpletzeko.
  • - Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak bultzatutako ekintza bat da, sinergiak sortzea eta kostuak murriztea helburu duena.

 

Arabako ekintzaile berritzaileek lankidetzarako espazio bat izango dute ("coworking" deiturikoa) Arabako Teknologi Parkean (Miñao) kokatutako Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan (CEIA). Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren barruko ekimen bat da, ekintzaileei bikoiztasunak saihesten, baliabideak ordenatzen eta gestioak sinpletzen laguntzeko sortu dena. Helburua da kostuak murriztea, baina baita ere sinergiak eta diziplina anitzeko lankidetzak bilatzea beste profesional batzuekin.

 

CEIAk sustatutako "coworking"erako espazio honek behar duten azpiegitura eskaintzen die lankidetzan jardun nahi duten eta ideiak eta esperientziak partekatu nahi dituzten profesionalei eta ekintzaile teknologikoei. Hain zuzen, berentzat prestatu da Arabako Teknologi Parkeko CEIA eraikinean zerbitzu eta aholkularitza espezializatua eskaintzen duen espazio partekatu hau.  

Ekintzaileek gutxienez sei hilabetez egon beharko dute eta hilean 75 eta 150€ bitartean ordaindu beharko dituzte, aukeratzen dituzten zerbitzuen arabera. CEIAk ondoko hauek eskaintzen dizkie ekintzaileei: Internet + Wifi, zerbitzuak eguneko 24 orduetan asteko 7 egunetan, CEIAko enpresa direktorioa eta eraikineko aretoak erabiltzeko aukera, helbideratze fiskala, posta kutxa, paketeak jasotzeko aukera, espazio indibiduala eta baita ere zerbitzu komunak (sarbide kontrola, komunak, kafe gela, harrera eta aparkalekua).

Coworkinga

Coworkinga lan eredu berri bat da. Freelance-ak, sortzaileak eta ekintzaileak elkartzen ari dira lan espazio bat partekatzeko, eta bide horretatik, beren ezagutzak aberasteko, sinergiak sortzeko eta lan harremanetatik haratago joan nahi duen komunitate bateko kide izateko. AEBetatik inportatutako formula bat da, zeinaren arabera enpresa edo sektore desberdinentzat lan egiten duten profesional independenteak elkartu egiten baitira eta bulegoak alokatzen baitituzte, etxetik lan ez egiteko edo bulegoaren alokairua berek bakarrik ez ordaintzeko.

 

Iruzkin bat
  • @lautechkoop
    2012-07-09

    Comentario de Twitter:
    RT @pinicius: Los emprendedores innovadores alaveses podrán trabajan conjuntamente en el CEIA http://t.co/CRRu9Mie #coworking

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan