Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako batzordeak babesa eman dio Gobernuari haurrak adoptatzeko irizpideak malgutzeko

2012.eko ekainak 27

 

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak babesa eman dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak haurrak adoptatzeko irizpideetan sartu nahi duen malgutasunari. Adingabeak adoptatzeko prozesuak arautzen dituen dekretua aldatuko du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, adinen arteko aldea beste irizpide soil bat izan dadin guraso adopzio-hartzaileen egokitasuna baloratzean, eta ez irizpide baztertzailea.

 

Adin-tartea baldintza baztertzaile gisa kentzea eta adopzioaren egokitasunaz erabaki behar duten teknikariek erabili beharreko balorazio‑irizpide gisa uztea erabaki da, neurri hori diskriminatzailetzat jo delako.

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari (EGAB) dagokio, Eusko Jaurlaritzaren organo aholku-emaile nagusia denez, exekutiboaren eta autonomia-erkidegoko legebiltzarraren ekimen legegileei buruzko irizpenak ematea; hortaz, aldaketaren aldeko irizpena eman du, "adingabeen adopzioaren arloan eman diren lege- eta gizarte-aldaketek eta Adingabeak Adoptatzeari buruzko Europako Hitzarmena (berrikusia) Espainian indarrean sartzeak nahitaezko egiten dutelako indarrean dagoen araudia egokitzea".

Egokitzapen hori egiteko orduan, jarraitzen du EGABek, "kontuan hartu behar da ezein irizpide ezin dela izan, berez, muga bat edo, areago, adoptatzeko egokitasuna sortzen duten arrazoi bat eta, hortaz, belaunaldi-desberdintasunaren irizpidea modu arrazoituan eta malguan aplikatu behar dela, kasu bakoitzean tartean dauden inguruabarrak aintzat hartuta".

Horregatik, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du dekretua aldatzea, horren helburua baita "araugintza-esparru naturalago eta egokiago bat eratzea eta, ondorioz, adoptatzeko interesa duten pertsonen eta adoptatuko diren adingabeen arteko adin-tartearen egokitasunari buruzko irizpidea baloratzeari dagokionez, egokitasun-irizpide hori baldintza baztertzailea ez izatea, berez, egokitasuna aitortzeko".

Arartekoak ere, Gobernuaren jarrera babesten du, lehendik ere adin-tartea irizpide baztertzaile gisa kentzearen alde azaldu baitzen, diskriminatzailea zelakoan, beste zenbait datu kontuan hartzen ez zirelako. Gainera, Europar Batasunaren adopzioari buruzko hitzarmenak, EGABek bere irizpenean aipatuak, adin-tartearen eskakizuna kentzea ezartzen du, eta hitzarmen hori iazko irailetik dago indarrean.

 

Berdintasuna

 

Gainera, orain arte adin-tartea ez zen kontuan izaten pertsona edo bikote eskatzaileak beharrizan bereziak zituzten adingabeak adoptatu nahi zituenean, hau da, familia berriz elkartzeko prozesuan dauden neba-arreben taldeak, desgaitasunen bat duten adingabeak, osasun-arazo bereziak dituztenak, zazpi urtetik gorako haurrak eta arriskuko herentzia-faktoredun aurrekari klinikoak dituztenak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak bere garaian adierazi zuenez, dekretua aldatzea "bazterketa prebentiboa deuseztatzen duen eta herritar guztien berdintasunaren aldeko urrats bat da". Ildo horretatik, uste du pertsona bat haurrak adoptatzeko egokia den ala ez zehazteko, haren bizitzako hainbat faktore hartu behar direla kontuan, guraso gisa duen gaitasunaren ingurukoak hain zuzen ere. Horien artean adina dago, eta beste irizpideak bezala baloratu behar da, baina ez aldez aurretik baztertzen duen elementu gisa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko