Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Euskadik ez du aplikatuko farmazia-produktuen baterako ordainketa uztailaren 1etik aurrera

2012.eko ekainak 28

Rafael Bengoa Osasun sailburuaren arabera, “bidegabea da herritarrei soilik begiratzea krisiaren irtenbidea bilatzeko, eta gizartearen kudeaketa bideratzeko modu desegokia da”. Horren harira, Bengoak azaldu du Euskadin ez dela aplikatuko farmazia-produktuak errentaren arabera ordaintzeko neurria, Espainiako Gobernuak onartu duen eta uztailaren 1ean indarrean sartuko den Errege-dekretuak xedatzen duen bezala.

Farmazia-produktuen baterako ordainketak euskal herritarrengan eraginik izan ez dezan, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Euskadin jaulkitako osasun-txartela duten pertsonek botiken prezioaren %40 ordaindu beharko dutela, gaur egun egiten duten bezala. Ekarpen horretatik salbuetsita egongo dira pentsiodunak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak eta langabezian dauden eta prestaziorik ez duten pertsonak.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko farmazietan medikamenduak erosten dituzten euskal herritarrek ordaindu duten kopurua berreskuratzeko eskubidea izango dute.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren arabera, osasun-sistema publikoko prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute Osasun-sistema Nazionalean horrela jasota dauden pertsonek, Errege-dekretua indarrean sartu baino lehenago Euskadin jaulkitako osasun-txartela dutenek eta baldintza hauek guztiak betetzen dituztenek:
-Euskadiko udalerri bateko egoiliar gisa erroldatuta egotea gutxienez eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik, etenik gabe,
-Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea edo oinarrizko errenta baino diru-sarrera txikiagoak izatea,
-Beste osasun-sistema batera jotzeko aukerarik ez izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael Bengoa